Nationale 2 mailan ariko da Aviron futbol taldea datorren denboraldian

Denboraldi bikaina borobildu zaio Baionako Avironeko futbol taldeari. Nationale 3 txapelketako azken lau partidak galduz ere oraindik aitzina, lehen lekuaren atxikitzea segurtatua dute. Heldu den denboraldian Nationale 2an lehiatuko dira. Maila horretan ari den Angeluko Genêts taldea zailtasunetan da Nationale 2ko azken lekuan baita. Baina matematikoki beren tokia maila horretan salba dezakete oraindik Genêts taldeko mutikoek.

«Kepa Anabitarteren ardatza beti izan zen politika»

Kepa Anabitarte Pasaian (Gipuzkoa) sortu zen duela 92 urte. Frankoren kontrako borrokan engaiatua, ELA euskal sindikatuan aritu zen lanean bai erbestean eta baita Euskal Herrian ere, sindikatua debekatua zenean. 1962an Alemaniako Munich hirian egin zen bilkura famatuan parte hartu zuen, Francoren ondorengo egoeraz eztabaidatu zen bilkuran. Parisen ere Jose Antonio Agirre lehendakaria ezagutu zuen eta harremana ukan zuen zenbait urtez. ELA sindikatuak ezkerreko jarreretan gehiago sakondu behar zuela uste zuen Anabitartek eta kritika gogorrak egin zizkion sindikatuaren zuzendaritzari. Ondorengo berrogei urteetan nazio eraikuntzan aritu zen lanean Nabarralde elkartean, eta Orreaga iritzi taldeko kide izan zen. Eneko Bidegainek Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia liburua idatzi zuen 2024ean. Bidegainen iritziz, Kepa Anabitarte belaunaldi batentzat ispilu izan zen.

Ekintza publikoari zentzu gehiago eman eta lurraldearekiko lotura bermatu nahi du Euskoak

Mintzaldi bat iragan zen Eusko Eguna kari Ezpeletan larunbat goizean. Gaia : «Tokiko monetak: ekintza publikoari zentzu gehiago emaiteko eta lurraldearekiko lotura sendotzeko tresnak». Isabelle Bagdassarian kontseilaria da politika publikoer buruzko metodoan eta jarraipenean. Tesia bat aurkeztu zuen lurraldeko ekintza publikoa eta komunak edo komunitateak barnatuz. Jendeen arteko trukada eta ekintza kolektiboa bultzatzen dutela tokiko monetek dio, horretan proiektu amankomunarentzat pertsonen mobilizatzea. Hau dela bere hitzetan Ipar Euskal Herriaren proiektua, eta palanka efektua moneta mailan ondorioztatzen duela horrek, ekintza horiek hauspotuz. Adibidez nola harremanetan ezar daiteken ekoizle bat, laborari bat eta ikasle bat lekuko monetaren inguruan. Hitzaldian parte hartu zuen ere Jean Baptiste Thony Bordeleko herriko etxeko kontseilari ordezkariak. Gaur egungo krisia desberdinak balia daitezkeela erakustera emaiteko lurraldeen erresilientziarako tresnak direla lekuko monetak. Lekuko loturak eta lurraldeko ekonomia zirkularra sustatzen baitituzte eta geroari buruz lagunduko dutela krisia horiei buru egiten iduritzen zaio. Gemme Gironde aldeko lekuko monetaz mintzatu da ere Jean Baptiste Thony. Euskoari konparatuz ttikia da, 100.000 Gemme baitira zirkulazioan. Horretarako inspirazio iturria da Ipar Euskal Herriko eredua horientzat.

AHTaren kontrako parlamentarien taldean elkartu dira Iparraldeko lau hautetsi

AHTaren proiektua ez da hila. Bordeleko hegoaldean obrak abiatuko dituztela hilabete erditsuan, auzitegiak baztertu ondoan AHTaren kontrako errekurtso bat. Baina parlamentariek moratoria bat, hots obrak hasi aitzin epe bat eskatzen dute, auzitegietan egin beste errekurtsoen emaitzen beha egoteko. Akize arte, AHTak hemezortzi miliar euroko kostua luke. Kontra bildu diren hautetsiek lehengo burdin bideen berriztea eskatuko dute preseski maiatzean iraganen den Mugikortasunaren Diruztatzeko Konferentzian. Frantses gobernuak antolaturik, bertan sektore publiko eta pribatuko eragileak bilduko dira. AHTaren kontrako hautetsiek espero dute debatean haien ekarpena egitea, "eguneroko garraioa" lehenetsi behar dela azpimarratzeko.

Euskal Herrian Euskarazko bi ekintzaileri euskaraz mintzatzea ukatu zaie Baionako auzitegian

Berriz ere Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga euskaraz mintzatzen saiatu dira Baionako auzitegian. Ostiral arratsalde honetan deituak ziren joan den abenduaren 3an auzitegian bertan "Justizia euskararentzat" tindatzeagatik. Auziak ez du luzaz iraun, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko militanteak diren bi auzipetuek, iragarri bezala, euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu baitute. Bi ekintzaileak behin baino gehiagotan eskatu diote epaileari euskaraz egiteko baimena. Horrek epaitegian hizkuntzaren erabileraren legezkotasunari buruzko eztabaida ireki du. Gorka Torrek euskaraz deklaratzea debekatzen duen legerik ez dela azpimarratu, eta epaileak frantses konstituzioaren bigarren artikuluaren argudioa erantzun dio. Sustenguz hurbildua zen publikoarekin nahasmenduak sortu dira. Azkenean gela hustea erabaki zuen epaileak, eta «Euskal Herrian euskaraz!» oihuekin atera dira auzitegi gelatik. Ondotik auziak segitu du bi auzipetuak gabe. Azkenean 500 euroko gibelapenezko isuna Intza Gurrutxagari eta 1000 euroko isuna Gorka Torre Rocari ezarri die epaileak. Ondoko egunetan jakinaraziko dute zigorra beteko duten ala ez.

Garaziko desbideraketa: herriko etxe ezberdinetan hautatutako sei proposamenak ikusgai

Azkenean, Donibane Garaziko desbideraketa proiektuko bide proposamenak herritarrek ikusten ahal dituzte. Martxoaren 20an, Izpuran iragan zen bilkura publikoan, desbideraketa proposamen ezberdinen ikusteko esperantzarekin, 300 bat garaztar hurbildu ziren. Mapa batean agertzen ziren hamar bide proposamenetatik, bost hautatu dira. Eta sei garren proposamena desbideraketarik ez egitea litzateke. Orain, garaztarrek, sei proposamen horien ikusteko parada dute Herriko etxe ezberdinetan. 6 proposamen horietarik bat, biderik ez egitea da. Beste bost proposamenak, bost irizpidetan ebaluatuak dira izar batzuen bitartez. Trafiko baldintzaz, seguritateaz, zerbitzu mailaz, ingurumen kalteez eta kostuaz. Desbideraketa proposamen guzietan ingurumen kalteak eta kostu irizpideek izar guti zituzten, baina obren kostuen eta eragiten ahalko lituzketen zenbakirik ez zen. Ostegunean, Akitania departamenduko kontseilariak Donibane Garaziko herriko etxean ziren goizean eta arratsaldean Izpurakoan herritarren kezkei eta ez ulertzeei erantzuteko helburuarekin. Herriko etxeetan galdetegi andana utzi dituzte, hautu bakoitzari buruzko iritzia eman dezaten. Akitaniako departamenduko kontseilariek, herritarrak gonbidatzen dituzte galdetegi horren betetzera. Galdetegiaren betetzeko, edo herriko etxeetara hurbil daitezke edo le64.fr webgunean.

Julen Mariluz: «Kirolariak gira, gu hor gira pilotan aritzeko; polemikan ez gira sartzen»

Pilotan, berezkoetara igaiteko Pro-Am txapelketa aitzin, polemika izan zen. Christophe Cigarroa eta Nicolas Dufau amateurren lehen mailako Euskal Herriko finalista eta Frantziako finalista ez baitziren hautatuak izan Pro-Am horren jokatzeko. Haatik bi txapelketen finalerdietan gelditu ziren Julen Mariluz eta Unai Etxeberri bai. Teillery-Lazkano eta Barrenetxe-Etxegoinekin batean lehiatu ziren Pro-Am txapelgoan. Bukaeran, Teillery-Lazkano nagusitu ziren eta berezko bilakatu. Ondotik abiatu zen berezkoen binakako txapelketa. Zauri ainitzengatik, Julen Mariluz eta Unai Etxeberri amateurrak deitu zituzten ordezko gisa aritzeko. Julen Mariluz eta Ximun Lambertek multzoko lehen tokia lortu zuten B mailan. Ondorioz, A mailako final-laurdenean lehiatuko dira larunbatean Arrangoitzen Iker Espinal eta Luis Sanchez nafarren aurka.

Amélie Etxepare urepeldarrak irabazi du Baionako etxeko xingar onenaren saria

Baionako 562. Xingar feria ospatu da ostegun honetan. Amélie Etxepare urepeldarraren 14 kiloko xingarrak eraman du urrezko domina, hemezortzi hilabetez idortzen egon ondotik. Enkanteetan 2.700 eurotan saldu dute. Aurkezpen ederrenaren saria eskuratu zuen iaz laborari urepeldarrak. Lehen aldiko jaso du txapela eta biziki harritua eta alegera agertu zen. Ipar Euskal Herriko 25 xingar lehiatu dira Ezpeleta, Itsasu, Mehaine, Hazparne edo Urruña herrietatik ekarriak. Denak etxean eginak, gehienak familian, aspaldiko ohidura bati segituz. Ostegun goizean epaileak, xingarrak barnetik usaintzen ibili dira, zaldi hezur bati esker, xingarra moztu gabe. Amélie Etxepareren 14,3 gramoko xingarra izan da onena epaileen arabera. Bigarren lekuan, emaitza berarekin, Thomas Latour baionarra eta Pascal Membrède tarnostarra gelditu dira; eta hirugarren lekuan, Daniel Tailleur biarnesa.

EEPren aitzinkontua emendatzea babestuko du Frantziako Hezkuntza ministeritzak

Azken urteetan blokeaturik zen EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuari diru gehiago ematearen alde agertu zen Frantziako Hezkuntza Ministeritza. Laster hori defendatuko duela ministeritza guzien arteko bilkuran erran die EEPko hautetsiei baita hemengo hiru senatariei eta hiru diputatuei ere ostegun huntan iragan zen bilkuran Parisen. Horrez gain, irakaskuntza mailan aitortu zuen brebetako zientziak euskaraz bakarrik Seaskako ikasleei mugatzeak ez zuela zentzurik. Arauak aldatuko dituela beste sail elebidunei orokortzeko erran zuen. Baxoari dagokionez, konplikatuago ikusten zuen berehala aldatzeko baina landu nahi duela erakutsi die hemengo ordezkariei ministeritzak. Azkenik, hirialdean, elebidunaren irakaskuntza zabaldu behar dela ere azpimarratu zuten ministeritzatik.