Haurtzaindegietako langileak borrokan, Gobernu frantsesaren murrizketen kontra

Greba egin dute haurtzaindegietako langileek astearte honetan. Karrikara atera dira berriz ere haurtzaindegietako langileak. Baionako herriko etxe aitzinean bildu dira, emazteak gehienak, haurtzaindegietako langile gehienak emazteak baitira. Bost haur ditu beregain haurtzain bakoitzak, laura apaltzea eskatzen dute, lanbideak balioztatzea, zenbakien logikatik atera eta beharren araberako baliabideak eskaintzea. Haurtzaindegietatik haratago, oro har Michel Barnier Frantziako lehen ministroaren gobernuak iragarri dituen murrizketak salatzeko mugimendu zabal bat izanen dela abenduaren 5ean iragarri dute jadanik sindikatuek.

Mila bazkideen hozka sinbolikoa gainditu du Aldak

Auzo eta bizi-eremu pobretuenetako biztanleen eskubideen alde lan egiten du elkarteak. Kopuru handi horrek erakusten du lurralde honetan ezagutua dela. Aldako kideen ustez, bazkide kopuru handi horrek erakusten du, batetik, elkartea ezagun egin dela Ipar Euskal Herrian, eta bigarrenik, jendeak ulertu duela kidetuz nahiz diru baliabide gehiago emanez, ALDAren lana indartu daitekeela. Kasu gehienetan, etxebizitzari loturiko arazoen kari jotzen dute herritarrek kolektiboarengana, baina eguneroko kontsumoari buruzko galdeak ere emendatuz doaz. Urtebetez, abantzu 900 kasu tratatu dituzte, eta une honetan, ia beste 500 kasu dituzte eskuartean.

Alki kooperatibak egoitza eta salmenta-gune berria izanen du Larresoron

10.000 metro karratuko eraikina estreinatu du atzo Alki kooperatibak Larresoron. Aitzin Itsasun kokatzen zen enpresa eta momentuz 47 langile ditu. Eraikin hau etapa handia da Alki enpresarentzat. Orotara hamabi milioi inguru kostatu badu ere, hainbat berrikuntza ekarriko dituen eraikina da. Bastimendu berria teknologi berriak ditu eta arkitektura bereziak lan baldintza hobeagoetan lan egiteko ahalmena ekarriko luke. Eraikin berri horrek kasik 80 langile errezibitzeko ahalmena luke. Salmenta-gunea azaroaren 25an irekiko dute.

Julen Perez: «Ipar Euskal Herriko laborarien erdiak baino gehiagok ELB babesten du»

2025eko urtarrilaren 15etik 31ra iraganen dira laborantzako hauteskunde profesionalak. ELB sindikatuak bere zerrenda aurkeztuko du. Julen Perez, Lohitzüne-Oihergiko ahate hazlea izanen da zerrendaburua eta bere gibelean beste hemeretzi laborari izanen dira, hiru ardatz nagusiren inguruan: lansari duinak, transmisioa eta laborarien arteko elkartasuna. 2019ko azken hauteskundeetan, departamentu mailan, bozken %24,21 erdietsi zuen euskal laborarien sindikatuak, eta FDSEAk %53,98. Hori dela eta, laborantza intentsiboaren alde egiteagatik ezaguna den sindikatu hark erdietsi zuen Paueko laborantza ganbararen gidaritza. ELBk, haatik, berriz ere Iparraldeko hiru lurraldeetan, laborarien indar sindikal nagusia izateko erronka lehenetsiko du.

Urruñako merkatari eta ofizialeen astea, azaroaren 25etik 30era

Urruñako herriko etxeak merkataritzaren eta ofizialegoaren lehen astea antolatuko du azaroaren 25etik 30era. Proiektuak urruñarren kontsumoa tokian berriz zentratzeko xedea du, tokiko kontsumoa ahalbidetuz. Horretarako, ekimen ugari antolatuak dira aste osoan zehar Urruñako profesionalentzat, urririk. Bestalde LesPetitsCommerces enpresarekin batera herriko etxeak opari txartelak proposatuko ditu, Urruñako komertzioetan baliatzeko. Edonork eskura ditzake txartelak plazako ostatuan edota petitscommerces.fr webgunean. Hogei euroko txartela hartuz geroz, automatikoki ber prezioko bigarren txartel bat eskainiko dute urririk.

San Izpirituko zubiko bide-gorriaren «baliagarritasun eskasa» salatu du Txirrind'Olak

Sei urte pasatu dira Baionako San Izpirituko zubian bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideak ezarri zirenetik. Baina Txirrind'Ola bizikleta elkarte-tailerrak bere erabilgarritasun eskasa salatzen du: bi ibilbideak ezarri zirenetik, oinezkoek eta bizikletazkoek etengabeko kaosaz hitz egiten dute, bata bestearen espazioa errespetatzen ez dutelako. Horren ondorioz, elkarteak urrian petizio bat abiatu zuen, eta 1.600 sinadura baino gehiago erdietsi ditu. Baionako Herriko Etxeak 2026rako arazoa konpondua izanen dela ziurtatu die.

Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez. Iparraldea Palestinarekin sarean diren Ipar Euskal Herriko Palestinaren aldeko kolektiboen elkarretaratze jendetsua izan da. Hurbiletik egoera bizi dutenen lekukotasunak izan ziren. Israeli armak igortzea geldiarazi nahi duen «Stop Arming Israel» ekinbidea aurkeztu zuten, baita Palestina sustengatzen duen TseDek judutarren kolektiboa ere. Gaualdia besta giroan bukatu zen, palestinar-jordaniar jatorria duen El Farei kantariarekin eta Xiberoots taldearekin besteak beste.

Guillaume Fauveau: «Karriketan, gizartearen lekuko izatea da ene lanaz gehien maite dudana»

Berria, Mediabask eta berriki Liberation egunkarientzat lan egiten du Guillaume Fauveau prentsa argazkilariak. Baionan sortua, euskara berriki ikasia, bere lana DIDAM aretoan ikusten ahalko da urtarriletik martxora arte. Bere kazetari lana ikusten ahalko da baina ere musika, surfari lotuak bai eta egindako potretak ere.

Marka oro hautsi ditu Donamartiriko 40. mendixka lasterketak

Igande honetan lasterkariak izan dira Arberoako mendi kaskoetako nagusi. 380 korrikalarik parte hartu dute Mendixken lasterketan, nehoiz baino gehiago. Aurten, 13 kilometroko lasterketaren markak gaindituak izan dira gizon eta emazteetan, baita 20 kilometroko gizonen proban ere. Oren bat eta erdi eman du Loic Robert Oloroeko 25 urteko lasterkariak 20,5 kilometroen urrezko domina eskuratzeko, eta Samuel Téchenéren marka 3 minutuz gainditu du. Bigarren Kevin Lago xiberotarra izan da eta hirugarren Téchené landatarra. Emazteetan, Emilie Pagnet Hendaiarra nagusitu da. Melanie Foliolék bigarren egin du eta Camille Naomek hirugarren. 13 kilometrokoa aipatzeko, Pascal Saint Pierre uztariztarrak irabazi du, bigarren Tony Bonneau izan da eta hirugarren Mixel Giltzu. Eta emazteetan, Carole Duhart SPUC Senpereko taldeko hiriburutarra zaluena izan da.