Ate idekiak antolatzen ditu larunbat honetan Tarnoseko Aturri Formakuntza guneak. Aeronautika, informatika, elektronika, galdaragile edota soldatzaile, industria arloko formakuntza ezberdinak eskaintzen ditu, CAP diplomatitik, ingeniari diplomara. Landesetako hiru gunetan dira, hurbilena Tarnosen eta orotara seirehun bat ikasle ditu. Baina ikasleak eskas dira industria sailean, eta ondorioz, heldu den ikasturterako 219 aprendiz postu eskainiko dituzte. Eskolatik atera eta sei hilabetera, ikasleen %93ak lanpostua atzematen duela neurtu du formakuntza guneak. Eskola hobeki ezagutzeko, bisitak proposatzen dituzte maiatzaren 13an, larunbatarekin, 9:00-13:00 bitarte.
Baxenabarre eta Xiberoako merkataritza bultzatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Bihotzean elkartea, duela hamabost urte. Erosketak hurbileko saltegietan egiteko usaia zabaltzeko, opari eta kultura txekeak sortu zituzten. Aurten, hirugarren urtez segidan, milioi bat euroko heina gainditu dute txeke bidez barnealdeko saltegietan egindako salmentak. Txeke horiek elkarte, kolektibitate eta herritarrei zuzenduak dira.
Nafarroako Erriberako eta Erdialdeko 40.000 hektareako zerealari bideraturiko lur eremua galdua da. Hala dio Nafarroako Gobernuak. Iaz ere hainbat urtegi kasik urik gabe gelditu ziren eta aurten arazoa handiagoa izanen dela aurreikusten dute. Horrek ondorio larriak ditu zereal hazkuntzan, landaketa ezineakoa baita eta galerak handitzen baitira. Ondorio larria ere kabalengan, menditik lehenago jautsi behar baitituzte bazka eta ur eskasez. Gogoeta sakon bat egin behar dela iduritzen zaio Patxiku Irisarriri, Nafarroako EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko idazkariari. Zerga beherapenak eta kaltetutako uztaren lastoa, biomasa gisa erre eta energia iturri gisa erabili ordez, kabalak elikatzeko baliatzea galdegin dute sindikatuek.
Ekainaren 9 eta 10an ospatuko da Ziburuko Xaltaian musika festibala. Osoki urririk izanen da, eta hirugarren ediziorako egitaraua prest dute. Aurten, bi egunez, Zokoan eta Ziburuko pilota plazan bi gaualdi izanen dira. Gonbidaturiko musika taldeen artean dira Zortzi, Ixabe, Deabru Beltzak, Kraft, Honky Tonky trio eta Gatibu. Adur Larrea marrazkilariak sortu du aurtego edizioaren afixa.
Hamairugarren urtez segidan Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat proposatuko dute hilabete batez udazkenean Abadia eremuko Nekatoenea baserrian, eta bigarreneko hilabetea Pasai Donibaneko Hugoenea etxean. Deialdia luzatu berri dute.
Jendarmeriak eta Espainiako Guardia Zibilak hogei pertsona atxilotu ditu atzo, Euskal Herriko hainbat txokotan. Angulen legez kanpoko trafikoari loturiko operazioa da. Bidaxunen enpresa baten egoitza miatu dute; bertan, hainbat pertsona atxilotu eta Paueko komisaldegira eraman dituzte. Landetan ere, enpresa horrek Saint Vincent de Tyrossen duen egoitza soziala miatu dute, baita Oiartzun eta Getariako enpresa bana ere. Baionako prokuradoreak azaldu duenez, tamaina handiko operazioa izan da eta eskualde arteko juridikzio bereziak darama. Europol eta Europako iruzurren kontrako OLAF erakundek ere parte hartu dute. Ikerketa irekirik segitzen du.
Urte bukaera bururatuko dira Angelu eta Senpere artean, Errobi eta Helbarruneko ur lantegien arteko interkonesio lanak. Ur eskasi lanjeraren aitzinean, lotura horri esker 13.000 metro kubiko ur garraiatzen ahalko dira egunero, Hego Lapurdi aldera, eta 8.000 metro kubiko iparrera buruz. Nolanahi ere, Euskal Hirigune Elkargoak argi du sistema horrek ez duela dena konponduko. Udako idorte sasoiari begira, sentsibilizazio kanpaina azkartuko du Elkargoak, herritarrek ur gutxiago kontsumitzeko xedez. Edateko uraren prezioaren emendatzea ere ezin bestekoa izanen dela ohartarazi dute.
Ur eskasari nola egokitu laborantzan? Azken urte eta hilabeteetan idortea areagotu da aldaketa klimatikoaren ondorioz. Hori dela eta, landa eremuak egokitzeko beharretan izan dira laborari zenbait. Labore mota berri batzuk zabaltzen ari dira, adibidez sorgoa edo basartoa. Horri loturik ere, ura biltzeko eta banatzeko manerak eraldatzen ari dira, anitzetan pribatizaziora jotzen ari delarik. Preseski, uraren kudeaketa eta laborantzaren egokitzea hartu dugu hizpide Goiz Berri saioan Txomin Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganbarako agronomia eta landare-hazkuntza teknikaria.
Luzien Etxezarreta omenduko du aurten Ziburuko euskal disko eta liburu azokak, euskal literaturaren alde eta Maiatz argitaletxean egindako lana eskertzeko. Ekainaren 3an ospatuko da euskara hutsezko disko eta liburu azoka Ziburun. Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak antolatuta 36 argitaletxe izanen dira present. Urtez urte argitaletxeen presentzia areagotuz, indartsu eta berrikuntzekin ospatuko da laugarren edizioa.
- Bidasoako osasun zerbitzuen okertzea salatu dute milatik gora herritarrek
- "Herrian bizitzeko erronkak" emankizuna, euskal hedabideak elkarlanean
- Ikus-entzunezkoen poloa eta adinekoentzako bizitegi partekatuak, Bidarraiko proiektu gotorrenen artean
- Garaziko lehen zeramika azoka ospatu da asteburuan
- Angeluko Juzan oihana errespetatuko duela hitz eman du Claude Olive auzapezak
- Lokal berria eta epaiketa ukanen du laster Hazparneko Ttattola gaztetxeak
- Ortzaizeko eskulangileen trebetasun eta jakintzak argitara
- Atzar Hadik Errobi taldea atzarraraziko du berrogei urte geroago
- Maulen Euskal Museoaren adarra sortzeko bidean