Hautetsiei larrialdi ekologikoari buzuko formakuntzak eskainiko dizkie Bizik

Hautetsi eta funtzionarioei zuzenduriko formakuntza ziklo bat abiatuko du Bizi mugimenduak. Larrialdi ekologikoaz ohartaraztea da helburua eta ekologiaren gaia ez dela hautetsi batek bakarrik hartu behar duen ardura, baina hautetsi guztiek egin beharreko zerbait dela. Maiatzaren 24an izanen da lehen saioa, «herri mailako antolaketa xuhur eta erresilienteen alde aritu» gaiaren inguruan, Baigorrin. Hortik beste sei formakuntza lerrokatuko dira abendura arte, hautetsiak formatzeaz arduratzen den Bihar elkartearekin lankidetzan.

Hur Gorostiaga: «Behotegik berak adierazi du euskara ez dela lehentasuna»

Aitzinkontua ez emendatzea bozkatu du Euskararen Erakunde Publikoak. Iazko bera izanen da, lau milioi t'erdi inguru. Horrek Euskalgintzako hainbat sektoreren kexua piztu du, eta EEPren izatea zalantzan jarri dute, gaur egun, tresna baliagarria ez delakoan. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak salatu duenez, «%50eko aitzinkontu emendatzea izanen zela hitzeman ziguten, eta azkenean zero euroko igoera bozkatu dute». Euskalgintzako elkarteek aitzinkontu horren kontra bozkatzeko galdegin zieten ordezkari politikoei, baina hautetsi bakar batek bakarrik eman du ezezkoa. Horren karira Euskal Konfederazioak deiturik, EEPren biltzar nagusira sartu dira 50 pertsona inguru, euskararentzat finantzamendu publiko gehiago galdegiteko.

Xiberoan 24 enpresa berri sortu dira iaz

Xiberoko enpresa buruek bilan baikorra egin dute ODACE elkartearen azken biltzar nagusian. Lantoki mintegia beterik da, enpresa sortzaileentzako tailerrek arrakasta ukan dute, eta «Industria eta eraikuntzaren egunean» ikasle geroz eta gehiago hurbiltzen da. Aurten, erronka berri bati iharduki nahi diote: erretretara doazen enpresaburuen transmisioa bermatzeari. Horrez gain, trantsizio ekologikorako jauzia egin nahi duten enpresei laguntza eskaini nahi diete, eta Xiberoak bizi duen etxebizitza problematikaz gogoetatu ere bai. Biltzar Nagusian azaldu dutenez, ODACEk bigarren langile bat hartu nahi luke aurten.

Akitania Berriko 15 milioi euro, Elkargoaren 91 proiektu babesteko

Garapen eta trantsizio hitzarmen bat izenpetu dute atzo Akitania Berriak eta Euskal Hirigune Elkargoak. Donapaleun elkartu dira bi erakunde horietako presidenteak iragan astelehenean. Elkargoak sail orotako egitasmoak garatu ditzan, hamabost milioi euroko laguntza eskaini dio Eskualdeak. Proiektu lagunduen artean dira, erraterako, Amikuzeko kirol gela, arta-etxe berria eta eraikitze lanetan de den agro-elikagai mintegia, baita Baionako merkatuaren arrantolaketa egitasmoa eta Bankako gune partekatuaren eraikuntza ere. Itunean bildutako 91 proiektuak, beranduenez 2027rako bururatuak izan beharko dira.

Elebitasuna eta ongizatearen arteko lotura ikertu du ikerlari xiberotar batek

Elebitasunak zer ondorio du gure ongizatean? Galdera horri arrapostu ematen entseatu da Intza Malharin ikerlari xiberotarrak. Astearte honetan, lehen aldiz, bere azterketaren emaitzak argitara emanen ditu Donostiako San Telmo Museoan. Mintzaldi horretan, elebidunen eta elebakarren artean ongizate mailan diren desberdintasunak azalduko ditu.

Nork antolatuko ditu Donibane Garaziko Garatenea trinketeko partidak?

Goizeko Izarra Garaziko pilota batasunaren biltzar nagusia iragan zen larunbatean. Lizentziadun gehien dituen bigarren pilota batasuna da Baigorrikoaren ondotik. Osagarri onean da pilota Garazin eta azpimarratu dituzte ere txapelketetan dituzten emaitza onak. Haatik, aurtengo biltzar nagusiak bazuen gustu berezi bat, 1997tik hona asteleheneko partidak kudeatzen dituen Garaziko Pilota elkartea deseginen baita uztailetik goiti. Edourd Maite elkarteko buruak bere kargua utziko du laster, eta Goizeko Izarrak ez du kudeaketa horren lekukoa hartzeko xederik. Anartean, Donibane Garaziko herriko etxea kudeatzaile berrien xerka ari da, asteleheneroko partiden usaia ez dadin horretan geldi.

Txomin Elosegi: «Ipar Euskal Herrian kalitatezko garagarra ekoiztea erdietsi dugu»

Lehen aldia da malta Ipar Euskal Herrian ekoitziko dela. Euskal Herriko Laborantza Ganbara garagardo sail berri bat eman du plantan. Garagardoaren osagai zerrenda sinplea da: ura, lupulua eta garagar maltatua. Orain arte, ordea, Ipar Euskal Herrian kalitatezko garagarra ekoiztea abantzu ezinezkoa izan da tokiko klima dela eta. Bost urteko ikerketaren ondotik, barietate egokia atzeman dute eta aurten zazpi hektarea landatu dituzte. Donamartirin, gainera, maltategi bat sortzeko proiektua abian da.

Ehun hektarea kiskali dira larunbatean Larrainen

Sutea goizean hasi zen Etxelü oihanean. Airean hezetasun apala zen eta haize buhako azkarrak. Suhiltzaileen lana igande arratsaldera arte luzatu zen, eta hurbil ziren hiru etxebitzitzak babestea erdietsi zuten. Nolanahi ere, bilana ez da ona, ezin izan baitzen saihestu ehun hektarea oihan erretzea. Orotarat 81 suhiltzaile, bi ur zisterna eta 27 kamioi mobilizatu dituzte larrialdi zerbitzuek. Suak debekatuak ziren larunbatean eta ez da oraindik argitu nola hasi zen sutea.