Euskal Artzainak Ameriketan 2011n sortu elkartea da, eta Nafarroan du egoitza. Bere helburu nagusia AEBetan "Euskal artzain" gisa ezagutzen direnen bizi moldea eta lan baldintzak zabaltzea da, hots euskal artzainak nola bizi izan diren, nola lan egin duten eta nola itzuli diren. Berriki, Nafarroako gobernuak 15.000 euroko diru laguntza eskaintzen dio Ameriketako artzain elkarteari eta horrekin ibilbide baten osatzeko xedearekin dira. Laura Igantzi Ameriketako artzainen elkarteko presidentea gure goiz berriko gomita dugu.
22 urtez publikoari hetsirik egon ondoan, Zokoako gotorlekuak ateak irekiko ditu Ondarearen egunentzat. XVII.mendeko dorrera igan gabe, orain arte egin diren arraberritze lanak bisitatzen ahalko dira. Ondoko urteetan itsas-ondareari eskainia izanen zaio lekua, baina oraindik arraberritze lan gotorrak egitekoak dira. 2020tik euriaz eta haizeaz babesteko lanak egin dituzte, milioi bat euroz goitiko kostuarekin. Ondarearen egunen kari, buruilaren 21 eta 22an Zokoako gotorlekuaz gain itsasoari lotu gune ezberdinak bisitatzeko aukera izanen da, hala nola, Ziburuko itsasargia, Santa Barbarakoa edota Zokoako Semaforoa.
Tren berezi horren ehun urteak ospatuko dituzte asteburu honetan Larhungo mendi kaskoan. Urtean milioi bat bisitari ukaiten ditu gune horrek, eta horietatik 300.000 tren ttikiaren bidez igaiten dira kaskoraino. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herriko gune turistikoenetarik bat bilakatu da Larhun. Hori dela eta, 28 milioi euroko laguntza eskainiko Pirinio Atlantikoetako departamentuak trena eta trenbidea arraberritzeko. Horrez gain, sei milioi euro bideratuko dituzte ere trenaren garajea eta azpiegitura elektrikoa berritzeko. Mendeurrena ospatzeko buruilaren 18tik 22ra egitarau oparoa antolatu dute Larhun kaskoan. Igandean izanen da egun nagusia, bote luzeko partidarekin, bertsolariekin, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin, eta beste.
Euskal Monetak sartze honetako bere helburuez puntua egin du. Hamabi langilerekin euskoak leku gehiago nahi du mediateka, igerileku edo jantegietan, baita Txik Txak garraio publikoaren sarean ere. Horretarako herriko etxeen inplikazioa beharko du. Gaur egun, 38 herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak baliatzen dute Ipar Euskal Herriko tokiko moneta hau ordainketa zenbait egiteko. Duela hamabi urte sortu zen, eta gaur egun, 4,2 milioi eusko zirkulazioan dira, 4.200 norbanakok eta 1.400 profesionalek baliaturik. Aurten Ipar Euskal Herri barnealdean indartu nahi du moneta horren presentzia. Horri begira, Xiberoa, Baigorri, Iholdi, Oztibarre eta Amikuzen lanean arituko den lurralde animatzaile berri bat enplegatu dute.
LAB sindikatuak Ipar Euskal Herri mailako egitura sozioekonomikoak eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzearen beharra aldarrikatu du, 'Hemen Erabaki' kanpaina berriaren aurkezpen agerraldian. Sindikatuaren arabera, proiektu horrek Ipar Euskal Herriko akordio kolektiboak negoziatu eta hobetzeko aukera eskainiko luke, lan baldintzak harmonizatuz eta hobetuz. Proiektu horren alde lan eginen du sindikatu abertzaleak heldu diren hilabeteetan, beste sindikatu eta entitate batzuekin batera.
Buruila bukaera, eta urri artean mahats biltzen hasten dira mahastizainak. Baina egin duen aroagatik hilabete zenbaitzuk aitzin mahastizainak aurtengo sasoiak emanen zuenarekiko mesfidati ziren. Izan ere, joan den maiatzean bazizkorra izan zen Baigorri eta Irulegi aldean, baita agorrilean ere Jatsu aldean. Irulegin jada fruituak ageri dira. Iazko galeren ondotik, beraz, itxaropena piztu da laborariengan.
Ehun bat pertsona bildu ziren larunbatean Luhusoko plazan Itaia emazte antolakundeak eta Luhusoko besta komiteak jakinarazi duten bortxaketa salatzeko. «Indarkeria matxistari aurre egin» edo «erasoen aurrean antolatu» lemak oihukatu zituzten, besteak beste. Luhusoko bestetan mutiko batek neska bat bortxatu duela salatua izan zen. Elkarretaratzearen bukaeran Itaiako bi kidek hitza hartu zuten, erasoen aitzinean arrapostu eraginkor eta antolatu bat ematearen beharra azpimarratzeko.
Gau eskolek ikasturte berria abiatuko dute buruilaren 30ean. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan 1.200 ikaslek ekin zioten euskara ikasteari AEKn. Aurten kopuru hori gainditzea goaitatzen dute, eta preseski, irakasle beharretan dira. Izan ere, geroz eta eskaintza mota gehiago proposatzen dituzte, euskara zerotik abiatzeko, euskara hobetzeko edota tokian-tokian nahiz lantegietan taldeak sortzeko. 'Euskara goxoki ikasi eta bizi' leloa hautatu du AEKk aurtengo izen emate kanpainari begira.
- Henri Errandonea da Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari berria
- Mikel Moreno: «Nikolas Madurok, armadarena ez ezik, venezolar herriaren babesa ere badauka»
- Euskal Kostako National 1 mailako taldean, 15 uterekin besterik ez
- Ikasturte politikoa bat eginik abiatu dute EH Bilduk eta EH Baik
- Donapaleuko merkatu plazan obrak eginen dituzte
- Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu du ekologistengan
- 'Ilauna' ikusgarria estreinatuko dute Bilaka kolektiboak eta Adar taldeak
- Xabier Harluxet: «Klima egonaldian datorren urterako esperientzia eta formakuntza bilduko dugu»
- Mintzalasai, BAM eskualdean euskaraz gozatzeko leiho bat