Osoki berritu dute Baionako Paul Bert lizeoa. 13.000 metro karratuko eremuaren parte bat jada arraberritu zuten duela bost urte, eta egiteke zen partea orain estreinatu dute, obrak bururatu berritan. Lizeoko eraikina XIX. mendekoa da, eta 1842 urte hartan ospitale militar gisa altxatu zuten. 1945ean lizeo tekniko bilakatu zen eta 1985ean CAPtik BTSerainoko ikasketak eskaintzen dituen lizeo profesional.
Ez da holakorik oraino antolatu Ipar Euskal Herrian. Ideia Ipar Amerikatik heldu da eta Lazken Abentura elkarteak bereganatu du. Sei kilometroko ibilbidea asmatu dute Irisarri eta Ortzaize artekoko Antzaramendi eta Ahaizemendin gaindi. Erronka honetan, ahal bezainbat itzuli eman beharko dituzte korrikalariek, oren bateko epean. Oren bakoitzeko erronka gainditzea erdiesten duten lasterkariek, ondoko oreneko desafioan parte hartzen ahalko du. Erronkak, mugagabe segituko du lasterkari bakar bat zutik gelditu arte.
Asteburu honetan ondarearen egunen kari hainbat hitzordu izanen dira Ipar Euskal Herri osoan. Aurtengo ondarearen lema nagusia bideak, sareak eta loturak izanen dira. Horri loturik Xiberoan mintzaldi bat emanen du Ikerzaleak elkarteko Filipe Etxegoienek lurraldeko bide, xendra eta zubiez. Xiberoko historiaz bi liburu argitaratu berri ditu, aitzinhistoriatik gaur egunera arte. Eta justuki bere liburuaren berezitasun nagusietarik izan da bide ezberdinen inportantziaren azpimarratzea, baita horien zaintzea ere. Hiru bide desberdin baitziren, kabala bideak, herriko bideak eta errege bideak.
Hamar herritarretatik 7,8 euskal herritar sentitzen da, eta 6,4 espainiar edota frantziar. Hala dio Telesforo Monzon eLab eta EHUko ParteHartuz ikertaldeak egindako seigarren Naziometroak. Zazpi lurraldetako 1.442 pertsona galdekatu dituzte 2024ko apirilean, horietatik 450 Ipar Euskal Herrian. Emaitza aipagarriena, halere, hauxe da: herritarren %35,2k bozkatuko luke euskal estatuaren alde eta %26,8k kontra, estatuekin «adostutako» erreferendum batean. Haatik, herritarren %25,6 da agertzen da independentziaren alde eta %43 kontra. Nafarroan, gainera, nafar sentimendua gailentzen da Euskal Herrikoaren gainetik; eta horrez gain, euskara ez da euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean euskal gizartean.
Garaziko osasun etxe publikoak UHR aterpetze unitate indartu berria estreinatu du, Luro zahar-etxean. Hauxe da Ipar Euskal Herriko barnealdean den bakarra. Bertan, eritasun neuro-degeneratibo bat duten pertsona adindunak jasoko dituzte. Orotara, hamalau ohe ireki dituzte, eta egoiliarren estimulatzeko tailer ezberdinak proposatuko dituzte. Gune horretan medikuntza, erizaintza, psikologia eta ergoterapia zerbitzuak bermatuko dituzte. Arduradunek azaldu dutenez, barnealdeko populakuntza gero eta zaharragoa izanik, familia anitzek gisa horretako zerbitzu baten beharra zuten.
Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko. Xarnegu eskualdeko herritarrek azken aldikoz eskainiko dute muntatu duten pastorala. Bi emanaldi eskainiko dituzte larunbatean eta igandean, arratsaldeko 15:30etan. Bastidan egin zituzten lehen bi emanaldi arrakastatsuak iragan ekainean. Euskara eta gaskoiera baliatzen dituen lehen pastorala izan da. Maider Mourgiart eta Paul Laborde pastoraleko partaideen arabera, inportantea zen Xarnegu eskualdeko bi mintzairak balioan ematea.
Aurelia Arkotxaren testuak, ahoz gora irakurririk Hendaian. Hendaiako Akelarre elkarteak ikerle, idazle, euskaltzain eta irakaslearen idazkiak hartu ditu ardatz aurtengo irakurraldi publikoak. 2010etik 2019ra egin bezala, ekimen hau berrartu du Akelarre elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko. Irakurraldian 80 herritar inguruk hartu dute parte, lau orduz, bata bestearen segidan irakurriz. Azaroaren 23an eginen dute Akelarre elkartearen urtemuga besta.
Kontzertua eskainiko du Errobi talde mitikoak Baionan, Gara eta Mediabask hedabideekin partaidetzan.Bere 25 urteak ospatuko ditu Gara egunkariak, eta 10 urteak Mediabask agerkariak. Errobi desegin zenetik, Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk elkarrekin Ipar Euskal Herrian emanen duten lehen kontzertua izanen da. Errobirekin batera Patxaranga eta Xutik taldeak ariko dira azaroaren 29an, Baionako Lauga gelan. Sartzeak irailaren 23tik aitzina salgai ezarriko dituzte.
'Oskaxe' ikusgarria estreinatu du Zohardia elkarte xiberotarrak. Oskaxeko saretegietako paisa ederren artean kokaturik, ikusle andana elkartu zituzten antzezlan honen lehen bi emanaldiak iragan asteburuan, eta azken antzezpen bat ere eskainiko dute buruilaren 21ean. Artzaintza eta ehiza hartu dute ardatz nagusi gisa Dominique Epherre eta Frantxoa Caset, antzezlanaren idazleek. Pasarte umoretsu eta tokiko istorioez gain, kantuek osatzen dute ikusgarria.
- Laura Igantzi: «Ameriketara emigratu zuten euskal artzainen herriak lotuko ditu ibilbide batek»
- Zokoako gotorlekuak ateak irekiko ditu lehen aldiz, 22 urteren ondotik
- Eskulanetan trebatzeko tailerrak, gazteenen eskura
- Larhungo trenak bere mendeurrena ospatuko du asteburuan
- Nikolas Blain: «Animatzaile berri bat hartu dugu barnealdean euskoaren potentziala ustiatzeko»
- LABek negoziazio kolektiborako gune bat sortzeko lanari ekinen dio Iparraldean
- Mahats biltzen hasiko dira heldu diren asteetan Baxe Nafarroan
- Luhusoko bestetan izandako bortxaketa salatu dute
- Bea Salaberri: «Urtero berrikuntzak integratzen ditugu AEKn, euskararen irakaskuntza hobetzeko»