Lehen edizioaren arrakastaren ondotik, Emeki festibala berriz heldu da bere bigarren edizioa ospatzera asteburu honetan. Urruñako herriko etxeak antolaturik, bi eguneko festibala emazteei dedikatua da, eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko artista ainitzen talentua agerian ezartzeko xedea du. Musika estilo guztietako programazio anitza eskainiko da. Berrikuntza batekin aurten: dantza ere ohoretan ezarria izanen da Donibane-Lohitzuneko Begiraleak taldeko neskekin. Festibala arratsaldeko 16:00tan hasiko da larunbatean, urririk.
Baionako ospitaleko langileek petizio bat abiatu dute interneten aparkaleku eskasa salatzeko eta irtenbide bat aurkitzeko. Langileek azpimarratu dutenez, batzuetan ordu bat lehenago abiatu behar dute leku bat aurkitzeko, usaian langileentzat erreserbaturik duten aparkalekua biziki azkar betetzen baita. Langileek azpimarratzen dute horrek eragina duela bai ordutegietan, bai lanaren kalitatean ere. Segurtasunaren argumentua ere aipatu dute, autora bidean, zenbait langile erasotuak izan baitira.
«Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago». Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu duenez, «kanporaketa gehiago, eta erregularizazio gutxiago» egiteko xedea du. Anitzetan, ultraeskuinaren posizioekin bat egin duen ministroaren hitzek «izua» eragin dute etorkinen eskubideen alde lan egiten duten elkarteengan, baita ezkerreko eragile politikoengan. Horien artean, Ipar Euskal Herriko Etorkinekin Diakitéko Amaia Fontang kideak, elkarteak duen arrangura adierazi du. Testuinguru honen erdian, Mugarik Gabe topaketak antolatu dituzte irailaren 24tik 28ra, eta urriaren 3tik 5era iraganen direnak Baionan, Larzabalen, Donapaleun eta Uztaritzen.
Mauleko eta Atharratzeko osasun etxeak estreinatu dituzte asteazken honetan. Xiberoako hiriburuan mediku, erizain eta espezialista polo berria izanen da, baita dentista kabinete bat ere. Atharratzeko egoitzan, aldiz, lau mediku eta bi erizain izanen dira. Mauleko osagarri-etxeko lanek 2,3 milioi euroko kostua izan dute eta Atharratzekoarenak 700.000 euro. Bi proiektuek Akitania Berriko eskualdearen eta Europar Batasunaren bultzada ekonomikoa jaso dute. Orotara, 340.000 eurokoa izan da eskualdearen laguntza, eta 420.000 eurokoa Europakoa.
Ikasturtea abiatu da jada eskola orotan, baita Luzaide eta Arnegiko eskola berezian ere. 2016an elkartu ziren garaian Garazi inguruko haur guziak Garazin eskolatzeko xedea zelako. Ikasleek gaztelania, frantsesa eta euskara lantzen eta ikasten dituzte, eta bi estatuetako hezkuntza modeloak uztartzen dituzte. Arnegiko eskolan, lehen, bigarren eta hirugarren mailak iragaten dira, eta Luzaiden ama-eskola eta laugarren, bosgarren eta seigarren mailak. Beste eskolekin trukaketak egiten dituzte ere, izan Nafarroakoekin zein Iparraldekoekin. Buruilaren 2tik 6arte Luzaide eta Arnegiko ikasleak Parisera joan ziren Joko Paraolinpikoen kari.
Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia iragan da Baionan astearte goizean. Baionako eta Hondarribiko 242 ikaslek parte hartu dute ekitaldian. Ideia zen Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien munduan, euskararen sustatzea eta euskarazko kultura digitala ezagutaraztea. Ikasleek tailer desberdinak egin dituzte, hala nola, bideo joko eta errealitate birtualaren inguruko tailerrak edota teknologia berrien erabilpenari buruzko hitzaldiak. Lehen aldia zen holako ekitaldi bat antolatu dela Ipar Euskal Herrian.
Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen atzo, eguerdian. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT egun kopuruak murriztuko lituzkeelarik. Ospitaleko zuzendaritzak berrantolaketa hori defizit handiegia saihesteko neurri gisa defendatu du. Berrantolaketa horrek Ipar Euskal Herriko enplegatzaile handieneko adar guztiak ukitzen ditu, medikuak aparte. Orotara, 4.500 langilek ikusiko lukete haien ordutegiak berrantolaturik. Defizita 20 milioi eurokoa izan bada 2023, Frédéric Espenel Baionako ospitaleko zuzendariaren arabera, ordutegien berrantolaketak kanporaketak saihestu ahalko lituzke. Lan denboren berrantolaketa hori 2025eko urtarrilean aplikatzea aurreikusia da. Zuzendariak azpimarratu duenez, hainbat bilkura eginen dira sindikatuekin adosmen bat erdiesteko.
Euskal Zinemaren azken 50 urteetako historia labur baina sendoa kontatzen du Naia Lakaren 'Zortzitik infinitura' dokumentalak. 14 zinegile elkarrizketatzen ditu Miren Agur Meabe idazleak, Frankismoaren bukaeran euskaraz filmatzen hasi ziren zuzendariekin hasi eta egun nazioartean ere arrakasta biltzen duten zinegileekin bukatuz. Oraindik ere ekoizpenak sendotu behar diren arren, euskal zinema loraldian dela erakusten du Zinemaldian astelehenean estreinatu zen filmak.
- Baxoan euskara baliatzeko eskubidea galdegin dute Iparraldeko ehun irakaslek
- Lehen sektorearen erronkei kolektiboki buru egiteko elkarte berri bat nafar Pirinioan
- Katixa Dolhare: «Ez da aski merkaturik bakarrik euskarazko itzulpengintza literiarioaz bizitzeko»
- Mendikotako herriak bere lehen pilota plaza estreinatu du
- Zinemaldia: Chillida eslkultorea, pantaila handira
- Kattalin Elizalde kolegioa estreinatu dute ofizialki
- Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan
- Baionako Paul Bert lizeoa arraberriturik, 14 milioi euroko lanen ondotik
- Lazken Trail, Iparraldeko amaierarik gabeko lehen lasterketa