Euskara Geroan sareko irakasleek baxoako azterketetan euskara baliatu ahal izateko eskubidea aldarrikatu dute. Ikastoletako, sare publikoko eta eskola pribratu giristinoetako ehun irakaslek osatzen dute talde hori. Anne Genetet Frantziako Hezkuntza ministro berriari gutuna igorri diote euskararen baliapenari oztopoak jartzeari utzi diezaion galdeginez. Horrez gain, baxoako ahozko handian ez ezik idatzizko filosofia azterketan, berezitasunen azterketetan eta beste edozeinetan ere euskaraz aritzeko posibilitatea bermatu behar dela aldarrikatu dute.
Lehen sektoreaz arduratzen den Larretik elkartea sortu dute Nafarroako Pirinioaldean. Momentuz sei kidek osatzen dute egitasmo berria, baina ibar horietako laborari eta artzainak saretzea, haien beharrak lantzea eta alternatiba desberdinak sortzea dute xede. Zehazki, bertako produktuak balorean ezartzea, Otsagabian hiltegi bat zabaltzea edota laborariendako ordezkapen zerbitzu bat garatzea dituzte erronka gisa.
Literatur itzultzaileen topaketak Ipar Euskal Herrian iraganen dira aurten. Hirugarren edizioa da aurtengoa eta ostegun arratsetik ostiralera iraganen dira, Bordalealdeko ATLF Frantziako literatur itzultzaileen elkarteak eta MATRANA Akitania Berriko itzultzaileen etxeak antolaturik. Literatur itzulpenaren bultzatze hor izanen dira Bordeaux-Montaigne unibertsitateko irakasleak eta literatur itzultzaileak. Euskal literatura eta itzulpengintza zertan den ere landuko dute. Gonbidatuen artean da, besteak beste, Garazi Arrula itzultzaile, editore eta idazle tafallarra. Katixa Dolharek azaldu digunez, haur eta gazte literatura da gehien itzulia dena, argitaletxeendako «ekonomikoki interesgarria» baita. Irakurle helduei zuzendutako literatura, aldiz, ez da hainbeste itzultzen.
Pilota plaza gabeko azken herria zen Mendikota. Hainbat hilabeteetako lanen ondotik, duela astebete egin dute estreina ofiziala Etxekoparea etxeari loturik den eremu handian. Pilota plazaz gain haurrendako jolas-parkea ezarri dute eta Ühaitza bazterrean gozatzeko gune bat ere bai. Etxekoparea etxea ere berriturik izan da sukalde berri batekin azpian, eta erabilera anitzeko gela batekin gainean. Orotara, 700 mila euroko aitzinkontua bideratu dute proiektua aitzina eramateko, parte handiena sos laguntzei esker.
Ciento Volando edo Ehun txori zeruan filma aurkeztu zuten barda Donostiako Zinemaldian, Eduardo Chillida eskultorea sortu zenetik mende bat bete dela, haren ondarea aztertzen duen dokumentala. Arantxa Aguirre jatorri euskalduneko zuzendari madrildarrarena da lana, eta berekin batera, Jone Laspiur aktorea dago lantaldean. Bitxikeria da, dokumentala izanik, Laspiurrek elkarrizketatzailearen rola baitu, Arantxa Agirrek entzulea dela erratea nahiago duen arren. Hernaniko Chillida Lekun eta Donostiako Haizearen Orrazian grabatua da filma, Chillidaren lanik handienetan. Hura ezagutu zutenak eta haren lana bizirik atxikitzen dutenak dira elkarrizketatuak, hamalau orotara. Jone Laspiur aktore bezala eta musikari bezala ezaguna bada, oraingoan izan duen lan berriak egokitzapen handia eskatu diola azaldu du, baina oso gustura egin duela.
Tokiko hautetsi eta Ikastolen Elkarteko ordezkarien presentziarekin Kattalin Elizalde kolegioaren estrena ofiziala egin da iragan larunbatean. Dela urtebete ireki zituen ateak 80 ikaslerekin, eta ikasturte honetan 130 ikasle dira. Seigarren mailatik laugarrenera, bi klase izanen dira maila bakoitzeko. Kolegioak gehienik 220 ikasle errezibitzen ahalko ditu. Departamenduak erdiz diruztatutako bost milioi euroko proiektua ez da arras bururatua, oraino zortzi ikasgeletako lanak abian baitira. Ekitaldian Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen elkarteko buruak bi erronka iragarri ditu ikasturte honetarako, hezkuntza eredua indartzea batetik, eta irakasleen formakuntza soziolinguistikoan sakontzea bigarrenik. Horrekin batera, baliabide digitalen baliapena sustatzen segituko dute ikastoletan. Euskal Herri osoan, jada, 50.000 ikasle barnebiltzen ditu Ikastolen Elkarteak.
Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna. Ospakizuna baliatu dute, hurbildu diren hautetsiei 2026 arte ikasle berriak hartzeko tokirik ez dutela jakinarazteko. Izan ere, eskualdeko haurrez gain, urrunagoko familietako haurrak eskolatzeko eskariak ukaiten ditu Ttinkak. Zentzu horretan, Lakarrakoaren gisako mikro-haurtzaindegi euskaldunak sortzeko xedeak loratzen hasiak dira Bidarrain, Irulegin eta Aiherran. Euskal Hirigune Elkargoak egitasmo hauen sorrera bultzatzeko 50.000 euroko laguntza onartu zuen iragan apirilean. Haatik, egitura horietan ariko diren langile tituludun euskaldunak atzemateko zailtasunak daude.
Osoki berritu dute Baionako Paul Bert lizeoa. 13.000 metro karratuko eremuaren parte bat jada arraberritu zuten duela bost urte, eta egiteke zen partea orain estreinatu dute, obrak bururatu berritan. Lizeoko eraikina XIX. mendekoa da, eta 1842 urte hartan ospitale militar gisa altxatu zuten. 1945ean lizeo tekniko bilakatu zen eta 1985ean CAPtik BTSerainoko ikasketak eskaintzen dituen lizeo profesional.
Ez da holakorik oraino antolatu Ipar Euskal Herrian. Ideia Ipar Amerikatik heldu da eta Lazken Abentura elkarteak bereganatu du. Sei kilometroko ibilbidea asmatu dute Irisarri eta Ortzaize artekoko Antzaramendi eta Ahaizemendin gaindi. Erronka honetan, ahal bezainbat itzuli eman beharko dituzte korrikalariek, oren bateko epean. Oren bakoitzeko erronka gainditzea erdiesten duten lasterkariek, ondoko oreneko desafioan parte hartzen ahalko du. Erronkak, mugagabe segituko du lasterkari bakar bat zutik gelditu arte.
- Xiberoako bide eta xendren ondarea ezagutzeko bi hitzordu asteburuan
- Argi-ilunekin, «euskal herritar sentimendua» indartsu dela dio aurtengo Naziometroak
- Eritasun neurodegeneratiboak dituzten adindunendako unitate berria Garazin
- Maider Mourgiart eta Paul Laborde: «Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira»
- Aurelia Arkotxaren idazkiei boza eman diete Hendaiako Akelarre elkartearen irakurraldi publikoan
- Errobik kontzertua eskainiko du azaroaren 29an Baionan
- Azken aukera 'Oskaxe' ikusgarria ikusteko, larunbat honetan
- Laura Igantzi: «Ameriketara emigratu zuten euskal artzainen herriak lotuko ditu ibilbide batek»
- Zokoako gotorlekuak ateak irekiko ditu lehen aldiz, 22 urteren ondotik