Eskulanetan trebatzeko tailerrak, gazteenen eskura

Xiberoa eta Amikuzetik harago, L'Outil en Main elkartea Errobi eskualdera hedatu da. Bederatzi urteko gazteak eskulanetan eta arte lanbideetan iniziatzea da elkarte horren helburua. Iniziazio hori zinezko tailerretan egiten da, benetako lanabesekin. Erretreta hartua duten artisau bolondresek gidatzen dituzte ikastaroak gehienetan. Tailerretan parte hartzen duten gazteek hainbat lanbide aurkitzen dituzte urtean zehar, eta beren obrak sortzen dituzte. Ikastaroen artean, besteak beste, zurgintza, baratzezaintza, arte sorkuntzak, elektrizitate lanak edota sukaldaritza aipa daiteke. Errobiko lurraldean izen-emateak ireki dituzte eta lehen saioa urriaren lehenean eginen dute Luhusoko Urxuria gelan.

Larhungo trenak bere mendeurrena ospatuko du asteburuan

Tren berezi horren ehun urteak ospatuko dituzte asteburu honetan Larhungo mendi kaskoan. Urtean milioi bat bisitari ukaiten ditu gune horrek, eta horietatik 300.000 tren ttikiaren bidez igaiten dira kaskoraino. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herriko gune turistikoenetarik bat bilakatu da Larhun. Hori dela eta, 28 milioi euroko laguntza eskainiko Pirinio Atlantikoetako departamentuak trena eta trenbidea arraberritzeko. Horrez gain, sei milioi euro bideratuko dituzte ere trenaren garajea eta azpiegitura elektrikoa berritzeko. Mendeurrena ospatzeko buruilaren 18tik 22ra egitarau oparoa antolatu dute Larhun kaskoan. Igandean izanen da egun nagusia, bote luzeko partidarekin, bertsolariekin, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin, eta beste.

Nikolas Blain: «Animatzaile berri bat hartu dugu barnealdean euskoaren potentziala ustiatzeko»

Euskal Monetak sartze honetako bere helburuez puntua egin du. Hamabi langilerekin euskoak leku gehiago nahi du mediateka, igerileku edo jantegietan, baita Txik Txak garraio publikoaren sarean ere. Horretarako herriko etxeen inplikazioa beharko du. Gaur egun, 38 herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak baliatzen dute Ipar Euskal Herriko tokiko moneta hau ordainketa zenbait egiteko. Duela hamabi urte sortu zen, eta gaur egun, 4,2 milioi eusko zirkulazioan dira, 4.200 norbanakok eta 1.400 profesionalek baliaturik. Aurten Ipar Euskal Herri barnealdean indartu nahi du moneta horren presentzia. Horri begira, Xiberoa, Baigorri, Iholdi, Oztibarre eta Amikuzen lanean arituko den lurralde animatzaile berri bat enplegatu dute.

LABek negoziazio kolektiborako gune bat sortzeko lanari ekinen dio Iparraldean

LAB sindikatuak Ipar Euskal Herri mailako egitura sozioekonomikoak eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzearen beharra aldarrikatu du, 'Hemen Erabaki' kanpaina berriaren aurkezpen agerraldian. Sindikatuaren arabera, proiektu horrek Ipar Euskal Herriko akordio kolektiboak negoziatu eta hobetzeko aukera eskainiko luke, lan baldintzak harmonizatuz eta hobetuz. Proiektu horren alde lan eginen du sindikatu abertzaleak heldu diren hilabeteetan, beste sindikatu eta entitate batzuekin batera.

Mahats biltzen hasiko dira heldu diren asteetan Baxe Nafarroan

Buruila bukaera, eta urri artean mahats biltzen hasten dira mahastizainak. Baina egin duen aroagatik hilabete zenbaitzuk aitzin mahastizainak aurtengo sasoiak emanen zuenarekiko mesfidati ziren. Izan ere, joan den maiatzean bazizkorra izan zen Baigorri eta Irulegi aldean, baita agorrilean ere Jatsu aldean. Irulegin jada fruituak ageri dira. Iazko galeren ondotik, beraz, itxaropena piztu da laborariengan.

Luhusoko bestetan izandako bortxaketa salatu dute

Ehun bat pertsona bildu ziren larunbatean Luhusoko plazan Itaia emazte antolakundeak eta Luhusoko besta komiteak jakinarazi duten bortxaketa salatzeko. «Indarkeria matxistari aurre egin» edo «erasoen aurrean antolatu» lemak oihukatu zituzten, besteak beste. Luhusoko bestetan mutiko batek neska bat bortxatu duela salatua izan zen. Elkarretaratzearen bukaeran Itaiako bi kidek hitza hartu zuten, erasoen aitzinean arrapostu eraginkor eta antolatu bat ematearen beharra azpimarratzeko.

Bea Salaberri: «Urtero berrikuntzak integratzen ditugu AEKn, euskararen irakaskuntza hobetzeko»

Gau eskolek ikasturte berria abiatuko dute buruilaren 30ean. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan 1.200 ikaslek ekin zioten euskara ikasteari AEKn. Aurten kopuru hori gainditzea goaitatzen dute, eta preseski, irakasle beharretan dira. Izan ere, geroz eta eskaintza mota gehiago proposatzen dituzte, euskara zerotik abiatzeko, euskara hobetzeko edota tokian-tokian nahiz lantegietan taldeak sortzeko. 'Euskara goxoki ikasi eta bizi' leloa hautatu du AEKk aurtengo izen emate kanpainari begira.

Henri Errandonea da Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari berria

Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari berria izendatu dute euskal pilota elkarteek. Ustekaberik gabe, Henri Errandoneak gidaturiko zerrenda bakarra hautatu dute. Abiatutako proiektuak aitzina eramanen ditu azken zortzi urteetako idazkari nagusi ohiak, eta Ipar Euskal Herriko esku huska sailean bizi den tentsio egoerari buru egin beharko dio. Lilou Etxeberria FFPBko presidentearen eta Esku Pilota berezko pilotarien elkartearen jarrerak salatu ditu berriki Iparraldeko Pilota Batzordeak. Henri Errandonearen irudiz, «pilotan, gauzak hobetzeko, arduradunak aldatu behar dira». Frantziako Pilotako Federazioko bozak, hain zuzen, abenduan iraganen dira

Mikel Moreno: «Nikolas Madurok, armadarena ez ezik, venezolar herriaren babesa ere badauka»

Venezuelan bozak izan ziren uztailaren 28an, bertako presidentea hautatzeko. Hauteskunde biharamunean kalapitak piztu ziren, bozen garaile desberdinak atera baitziren. Alde batetik egungo presidente den Nicolas Madurok berak irabazi zituela adierazi zuen CNE hauteskunde kontseilu nazionalak. Oposizio eskuindarrak, aldiz, hastapenetik adierazi zuen bozak galtzen bazituen «iruzurra» salatuko zutela. Ondorioz, Edmundo Gonzalez hautagaiak bere garaipena aldarrikatu zuen.