Gorka Torrek ez du bere auzian parte hartu, eta intsumisiora dei egin du. Euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu du, baina auzitegiak ez baitio onartu, auzitegitik ateratzea erabaki du. Hala ere, jende andana elkartu da Baionako auzitegi aitzinean epaituari babesa adierazteko. Maiatzaren 17an, Baionako suprefetura aitzineko pareta batean «Geldi euskara zapaltzea» idaztea leporatzen zioten behorlegitarrari. Epaileak 1.500 euroko isuna ordaintzera kondenatu du, eta beste 500 gibelapenarekin. Horrez gain, 1.268 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Pirinio Atlantikoetako departamenduari. Torre, jada, martxoan epaitua izan zen beste ekintza baten ondorioz, eta 500 euroko isuna ordaintzera eta hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zuten, azken hau gibelapenarekin.
Baigorri, Aldude eta Esteribar ibarren ondare kontaketa bultzatuko du Kintondare proiektuak, 2024-2026 epealdian. Baigorrin, besteak beste, toponimia, artxibo zaharren berridazketa tailerrak edota Baigorriko hilarrien inbentarioa gauzatzen ari dira. Aurten gainera, Zaharrer Segi pilota batasunaren mendeurrenaren kari, pilotak Baigorrialdean ukan duen historiaz liburu bat argitaratu du Ximun Larre kazetariak, argazki zaharrez horniturik. Preseski, antzinako irudi horiekin erakusketa bat ikusgai izanen da urriaren 7ra arte Baigorriko herriko etxe ohian.
Nader Koochakiren "Soineko Paisaia" instalazio artistikoa Maulen izanen da. Gipuzkoako ehun kabalatik goitiko artaldeen joare-hotsen artxibo soinuduna da. Koochakiren erakusketa mapaz, irudiz, testuz eta binilo diskoz osaturik da, eta bisitariari hamaika oren baino gehiagoko joare-soinu bilduma entzuteko aukera eskaintzen dio. Erakusketa hori Xiberoako lurraldeari dedikatua den Museoa Urtu egitasmoarekin lotua da. Nader Koochakik urte bukaeran aurkeztu behar luke, hau ere Baionako Euskal Museoan.
Enovis medikuntza materialean berezitu enpresa, ororen buru, ez da Mugerreko pleitagunean ezarriko. Euskal Hirigune Elkargoak lagundurik Mousserolleseko burdinola ohian kokatuko da. Mugerreko pleitagunean kokatu beharra zen lehenik, baina ingurumenaren aldeko elkarteek salatu zuten natur gune babestu batean izango zela. Ondorioz pleitagunetik kanpo mugituko dira enpresako 300 langileak. Euskal hirigune elkargoaren lurra baita, 50 urteko eraikuntza kontratu bat hitzartuko du SEPA Aturri Ibarreko Ekipamendu Sozietatearekin. Enovisek urtean milioi eridko alokairua ordainduko Euskal Hirigune Elkargoari, lurra erosi beharrean.
XIX. mendearen bukaeratik Lehen Mundu Gerrara arte xiberotarrek gutun bidez ukandako komunikazioa ikertu du Elorri Arkotxa ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginiko tesian. Garaiko Xiberoako gizartea eta errealitatea aztertzeko ez ezik, familia testuinguruko euskara xiberotarra aztertzeko parada izan da. Arkotxaren arabera, idazki hauek, besteak beste, erakusten dute herritarrek euskaraz idazteko ahalmena eta nahia zutela. Ikertuak izan diren hirurehun gutunak Xiberoako historia lantzen duen Ikerzaliak elkarteari esker berreskuratuak izan dira. Gehienak Xiberoako migranteen eta beren senideen arteko gutunak dira, eta beste multzo bat, Lehen Mundu Gerlakoak.
Lurraldea uzteko agindua jaso lezake Zuraiden bizi den Azerbaijango familia batek. Duela urte eta erdi iritsi zen bikote hau Lapurdira beren zazpi eta hamalau urteko haurrekin. Ordutik, kulturarteko trukaketak bultzatzen dituen Uztaritzeko Boubamed elkartearen sustengua ukan du familiak. Haur helduena Kanboko kolegioan ikasten du, eta gazteenak Zuraideko eskolan. Haatik, arazoak duela bi aste hasi ziren bikotea polizia kontrol batean gelditua izan zenetik. Bikotea Uztaritzeko jendarmeriara deitua izan da iragan astelehenean. Lurraldea uzteko aginduak aitzina egiteko aukerak ditu, eta behin betiko deliberoa ukan anartean, etxeko atxiloaldian egon beharko da familia. Atxiloaldia 45 egunekoa izaten da, edo urtebetekoa, kanporatzea atzeratzen bada.
Herritar Fronte Berriak deiturik, 900 manifestatzaile bildu ziren larunbatean Baionako Herriko Etxe aitzinean, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen politika eta bere azken erabakia salatzeko. Hau da, Mixel Barnier eskuindarra lehen ministro izendatzea, ezkerrak irabazi dituelarik azken legebiltzarreko bozak. Eskuin muturrarekin eskuz esku ibiltzea ere leporatu diote Frantziako presidenteari manifestariek.
Patto Etxeberria: «Nafarroak ezin du kanpoko jokalaririk pagatu; guk lekukoekin behar dugu ari izan»
Nola maila onean lehiatu, diru baliabide murriztuekin? Horri erantzuteko, formakuntza zentro labelizatua sortu berri du Nafarroa errugbi taldeak. Partaidetza lortu du inguruko ikastetxeekin, hamabost eta hemezortzi urte arteko 25 gazteri orenak libratzeko, errugbian berezitzeko xedez. Federal bat mailako talde gotorrenei buru egitea dute xede baxenabarrek. Federal 1 mailan, talde ainitzek milioi bat euroko aitzinkontua dute, eta Nafarroak horren erdia besterik ez. Hori dela eta, geroan maila horri eusteko formakuntza gakoetarik bat izanen dela uste dute.
Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu zuen atzo Hondarribiko alarde egunean lehen aldiz, baina alardetik kanpo oraindik ere. Auzapezak agindu ebazpenak espazioak partekatzeko aukera eman bazien ere, alarde baztertzaileak bizkarra eman zion konpainia parekideari, eta tenorea ere ez zuen errespetatu Jaizkibelekin ez gurutzatzeko. Hala ere, istilurik gabe iragan da alardea. Eta lehen aldiz, udal talde politiko guztiek egin zioten harrera elizako atarian Jaizkibeli, EAJ barne. Igor Enparan auzapezaren lana goraipatu dute alarde mistoko kideek.
- Peio Dufau: «Eskuin muturraren babesarekin izendatuko dute lehen ministro»
- Transformazioa eta zirkuitu laburrak aipagai Bastidan, JA-ren topaketetan
- Iruñearen eta euskal Y-aren arteko AHTaren loturak eztabaida piztu du
- 4.300 ikasleren heina gaindituko du Seaskak ikasturte honetan
- Panpa-belarren «inbasioa» geldiarazteko deia, udazken honetan
- Mikel Mundiñano: «Salbuespen politika batean oinarritzen da oraindik euskal presoen egoera»
- Hegalaldia basanimalien zaintza-zentroa, estutasun ekonomikoetan
- Festibal ekletikoa hitzeman du Le Temps d’Aimer la Dansek
- Ximun Larre: «Zaharrer Segiko itzaleko kide horiek argitan ematea da liburuaren xedea»