Donibane Garaziko hautetsiek bi proiektu nagusi aipatu dituzte sartzeko lehen herriko kontseiluan. Batetik, elizako zureria eta teilatua eraberritzeko 99.000 euroko lanak gauzatuko dituen enpresa hautatu dute; 24 astez luzatuko dira lan horiek. Bigarrenik, herriko etxeko plazaren proiektua ukan dute hizpide. Hautetsiek oinezkoendako plaza bat sortu nahi luke bere egoitzaren aitzinean, egun den aparkalekua kenduz. Errepidean ere bi bideak zuhaizdun zerrenda batez bereiziko dituzte, ibilgailuen abiadura murrizteko xedez. Proiektuak 800 000 euroko kostua izanen du, eta lanak urriaren 15etik apirilera luzatuko dira.
Giroa ez da baretzekotan Iparraldeko pilota eragileen artean. Berriz ere desadostasunak piztu dira agorrileko komisio parekidearen bilkuraren ondotik. Bertan berezko eta lehen mailako amateur gisa ariko ziren pilotariak adostu zituzten. Besteak beste, berezkoen mailatik lau pilotari amateurretara iragaitearen alde agertu ziren eragile gehienak. Haatik, Iparraldeko Pilota Batzordeak salatu duenez, Frantziako Federazioko lehendakari Lilou Etxeberriak erabaki horri entzungor egin dio. Demokrazia eskasa eta erabaki batzuk indarrean pasarazi nahi izatea leporatu diote Etxeberriari, baita berezkoen saila kudeatzen duen Esku Pilota elkarteari ere. Iparraldeko Pilota Batzordearen kexuarekin bat egin dute Berria formakuntza zentroko Manu Martiarenak, Bruno de Ezkurra Frantziako Federazioko esku huska arduradunak eta Thierry Larralde DTN kirol zuzendariak.
Pariseko Paralinpiar jokoak erdigunera heldu dira, eta euskal kirolariek ere zenbait domina erdietsi dituzte. Hogei euskal kirolari inguru Parisen dira, horietarik lau, Ipar Euskal Herriko kirol taldeetan ari direnak, eta horietan domina edo dominak erdietsi dituzte aste hondar honetan Dorian Foulon eta Heidi Gougain txirrindulariek, eta Iñigo Llopis igerilari gipuzkoarrak ehun metroetan urrezko domina irabazi zuen larunbatean. Eztitxu Vivanco Arrangoitzeko igerilaria Beijingo paralinpiar jokoetan parte hartu zuen 2008 urtean.
Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da. Céline Etxebarne Ikas Biko misio kargudunak erran digunez, hogei irakasle eskas dira Kolegio publikoetan parekotasuna erdiesteko.
Seaskako ikasleen kopuru emendatzea moteldu da sartze honetan. 4.200 ikaslek abiatuko dute aurten ikasturtea Seaskak, iazko kopuru bera. Aldiz, ikasle kopuruek goiti egin dute aurten Baionako Bernart Etxepare lizeoan. Eraikina 460 ikasle hartzeko egina da, eta dagoeneko ttiki gelditu da. Hori dela eta, prefabrikatuak gehitu behar izan dituzte kanpoaldean. Lizeo berri baten sortzeko gogoeta abiatu dute Seaskan, eta aurten «erabaki batzuk» hartzen ahalko dituztela erran digu Peio Jorajuria Seaskako presidenteak.
“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre. Horrez gain, Baionako prokuradoreak agorrila bukaeran jakinarazi du, ber egunean epaituko zuela ere, Bizkaia zubian agertu lapurtuak izan ziren Baxe Nafarroako panelengatik. Euskaraz deklaratzea galdegin du berriz ere epaituak. Martxoko epaiketan ukatu zioten, eta bera gabe iragan zen auzia. Euskal Herrian Euskaraz-ek, irailaren 10eko auzi egunean, 13:30tan sustengu elkarretaratzera deitu du.
Herria Ta Kultura (HTK) elkarteak eta Aviron Bayonnais Trailek Suhuskune Trail lasterketa berreskuratu zuten 2023an, eta 2024ko edizioa abuztuaren 31n egingo da. Bi ibilbide eskainiko dira: bata 21 kilometrokoa, 1.100 metroko desnibel positiboarekin, eta bestea 13 kilometrokoa, 550 metroko desnibelarekin. Ibilbideek suhuskuneko, Iholdi eta Landibarreko mendixkak zeharkatuko dituzte. Gainera, 13 kilometroko mendi-ibilaldi bat ere antolatuko da. Aurtengo berritasun gisa, Skyrhune lasterketarako sailkapena erdietsi ahal izanen da, eta igoera kronometratu bat ere izaznen da. Parte-hartzaileak lasterketa amaitzean herritarrekin batera besta giroan murgiltzen ahalko dira.
Azaroan iraganen diren Amerikako Estatu Batuetako bozen emaitzek eragina ukanen dute mundu osoan. Buruz buru izanen dira, aldi honetan, alderdi errepublikanoko Donald Trump eta alderdi demokratako Kamala Harris. Berriki izendatu dituzte bi alderdiek beren hautagaiak ofizialki eta Euskal Telebistako Yerai Diaz kazetariak hurbiletik segitu du prozesua. Hark dioenez bi-biek dituzte aukera Etxe Zuriaren gidaritza eskuratzeko, inkestek lehia biziki estua handia iragartzen baitute.
10 urte bada, euskarak bere arnasgunea baduela Izturitzen. Artetxea kultur etxea sortu denetik, euskarazko jarduera ezberdinak eskaintzen zaizkie, gehien bat Arberoako biztanleei. Kantua, euskara kurtsoak, yoga, KEB komunikazio ez bortitza edota arte tailerrak, besteak beste. Ibarreko ekoizleen merkatua ere bada orain, ostiral arrats guziez. Lehengo eskola giristinoa aterpetzen zuen «patronaia» hutsari, funtzio berria eman zioten elkartekoek. Ospakizunak abiatuko dira ostiral honetan, agorrilaren 30ean, arratseko 7 orenetarik goiti: mutxikoak lehenik Arberoa txarangarekin, ondotik Tapia eta Leturia bikote mitikoaren kontzertua eta bururatzeko, dantzaldia Andoni Oillokiegirekin.
- Elorri Ameztoi: «Udan bereziki, Baionako larrialdiak tentsiopean dira langile eskasiaren ondorioz»
- Eguzki Urteaga: «Denbora pasatzera utziz, suarekin jokatzen ari da Emmanuel Macron»
- Antzezlan ibiltari bat Bidasoako muga mintzatu dadin
- Lan istripuen kontra bat egin dute Iparraldeko lau sindikatuk
- Helene Charriton: «Terminaleko ikasleei hautu erabakikorrak nola hartu irakatsi behar litzaieke»
- Gariaren ekoizpenak beheiti egin du aurten Iparraldean
- Lorena Lopez: «Europako Batzordeak defizit demokratiko ikaragarria du»
- Angeluko Hormadik 450.000 euroko defizitari buru egin behar dio sasoi berrian
- Mauleko espartingileek udako sasoi txarra ukan dute