Urruñan, Tokiko laborantza iraunkor batetik datozen ekoizpenekin lan eginen duen sukalde zentrala eraikitzeko obrak iraila eta urria artean abiatuko ditu Urruñako herriko etxeak. Eraikin berria hiri barneko haur eskolaren eremuan kokatuko da eta paraleloki herriko baratzezaintza proiektua abiatuko dute herriko etxetik. Proiektuaren kostu orokorra 2,7 milioi eurokoa izatea aurreikusten dute Marie Christine Elizondo Urruñako hirigintzarako auzapez-ordeak azaldu digunez.
Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko 4 hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan. Atzo, deitua zuten Biarrizko hondartza handitik hurbil izan zen ekintzan parte hartzerat. Herrian Bizi plataformak bultzaturik, banderola erraldoi bat zabaldu dute « Stop Aski Residences secondaires » idatzirik. %41 bigarren etxebizitza diren hiria hautatu dute sinbolikoki, agorrila erditsu honetan oraino udatiar ainitz den garaian. Jadanik hainbat proposamen formulatu dituzte : herrika bigarren etxebizitzen kuotak, bigarren etxebizitzen gaineko zerga, edo hirigintzako dokumentuetan urte osorako etxebizitzak atxikitzeko eremuak sortzea.
Aste buru erabakigarria Lapurdiko Arraun Taldearentzat. Bi estropada gelditzen zaizkio jokatzeko aste buru honetan. Ondotik, lehen biak dira play-offetara sailkatuko. Pasaia San Juanek lehen tokia segurtatua du. Eta Zumaia da bigarren. Haatik, kanporaketan parte hartzeko eskaera epez kanpo egin baitzuen, zumaiarrek ez dituzte play-offak jokatzen ahalko. Hirugarrenak du beraz baimena ukanen. Momentuz, Santurtzi da leku horretan. Baina, Lapurdiko LAT justu gibeletik du, puntu bakar batera. Larunbatean Zarautzen lehiatuko dira eta igandean Bilbon. Igande arratsaldean jakinen dugu Lapurtarrak sailkatuko diren ala ez.
Donapaleuko ospitaleak 2025 urterako espero du SMUR unitate mugikor berria. ARS tokiko osasun agentziak hartuko du beregain, eta lau urteko epea zehaztu badu ere, prozesua bizkortzeko presioa eginen du Donapaleuko ospitaleak. Larrialdi eta berpizte unitate horretan mediku eta erizain banak lan eginen dute. Oro har, ospitale orok eskaintzen dute SMUR zerbitzua, baina Donapaleukoa salbuespena zen. Duela urtebete, Amikuzeko eta inguruko 160 hautetsik unitate hori sortzeko galdea egin zuten.
Prefetak, helegitea pausatu du Euskal Hirigune Elkargoaren kontra, hautetsiek adostu zuten enpresen zergen emendatzea proposamena ezeztatzeko. Joan den Martxoan bozkatu zuten proposamena, Peio Etxelekuk gidaturiko Elgarrekin Herriarentzat taldeko hautetsiek kontra bozkatu bazuten ere. Enpresen gaineko zergak %1,4 igaiteko xedea du Elkargoak urtean bi miloi euro gehigarri biltzeko. Baionako Industria eta Merkataritza ganbarak ere gogor salatu dute zerga goititzea.
Adimen artifiziala zertan da Euskal Herrian? Euskarazko itzultzaile eta zuzentzaile adimendunak berriki ezagutarazi ditu Elhuyar fundazioak. Horretarako azken urteetan euskarazko testuetan oinarritutako datu baseak sortzen aritu dira ikertzaileak. Horietan da Oihane Kantero hendaiarra. Master bukaerako lana bukatu berri du eta adimen artifizialari euskararen eta Euskal Herriaren inguruko jakintzak nola irakasten ahal zaizkion ikertu du. Elhuyar fundazioan adimen artifiziala eta hizkuntza lotzen dituen arloa lantzen du.
1690an argitaratu euskarazko otoitz-liburu bat atzeman dute Frantziako Châlons-en-Champagne herrian. Ganer huste batean egin du aurkikuntza bertako liburuzain batek. Marinelei zuzendu «debozio liburu» hori, lehen aldiko argitaratu zen 1635an, Sarako Joanes Aranburu apezak idatzia. Gaur egun, sei edo zazpi ale besterik ez dira gelditzen munduan. Baionako liburutegian holako bi dituzte. Liburuzainak Baionako mediatekari eskaini dio bere aurkikuntza. Ez da oraindik jakina noiz iritsiko den iparraldera.
Hasi berri diren 20 proiektu diruztatuko ditu Euroeskualdeak. Urtero bezala, 2015 urtetik, deialdi baten ondotik hogei proposamen atxiki dira, denak mugaz gaindiko elkarlana dutelarik mamian. Euskal ihauterien berpiztea, hiru eskubaloi talderen trukaketa edo hizkuntz-oporren antolatzea familientzat besteak beste. Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko hiritartasun saileko misio kargudunak azaldu duenez, orotara 500.000€ banatu dituzte aurten hogei proiekturen artean, Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko elkarlana sendotzeko.
Astelehen honetan Suhuskuneko eliza jendez bete da Ttale Ouret artzainari azken agurra egiteko. Sortzez, Suhuskunekoa zen, eta 83 urterekin pausatu zen joan den ostegunean. Elizako bida hartu zuen gaztetan baina 70 garren hamarkadan, laborarien eta bereziki artzain soilen eskubideen alde militatzen hasi zen, hortik gero artzain bilakatu zen. Euskal irratietan larunbat oroz artzainen berriak helarazten zituen bere iratiko etxolatik, eta Irulegiko irratiko laguntzaile handia izan zen.
- Jaizkibel konpainiak EAEko Berdintasun Legea eguneratu zuten ordezkari politikoak sarituko ditu
- Burdinaren eguna Urdazubin
- Kaiet Etxeberria: «Kukutxeztula gure inguruan gutxi ikusten da baina bost urtean behin berriz agertzen dira kasu batzuk»
- Iparraldeko etxe ekoizleak argitara, Ezpeletako Idoki ferian
- Eneko Goia: «Kezka berezia dugu emakumeen kontrako erasoen inguruan»
- 1.300 kilometro bizikletaz fibrosi kistikoaren eritasunaz kontzientziatzeko
- Aitor Elexpuru: «Larhunen ez dugu gehiago eraiki dadin nahi, baizik dagoena hobe kudeatua izatea»
- Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten
- Oihana Goiriena: «Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe»