Aurten, Jaizkibel Konpainiaren Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariak hamar urte beteko ditu. Hondarribiko Alardean parte hartu nahi duen talde parekidea da Jaizkibel Konpainia eta, sari horrek genero berdintasuna eta arrazakeriaren kontrako borroka txalotzen du. Aurtengo epaimahaikideak Nieves Alza, Fermin Muguruza, Garbiñe Biurrun, Maddalen Iriarte, Arantxa Urretabizkaia eta iazko irabazleak izan dira, Antzuolako Alardearen ordezkariak eta Antzuolako Udala hain zuzen. Euskadiko Berdintasun Legea eguneratu zuten politikariak saritzea erabaki dute, horien artean EAJko Leixuri Arrizabalagaeta EH Bilduko Oihana Etxebarrieta. Sariak irailaren lehenean banatuko dira Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan.
Burdinaren eguna ospatu zuten larunbatean Urdazubin. Egun berezi horrekin Bizkaiko Muskiz herriarekin zuten hartu-emana oroitarazi nahi dute.
Urtero merkatariaren eta herriko monasterioko abadeen arteko negoziaketa antzezten dute herritarrek, eta aldi honetan ere, Muskiz herriko biztanleak gomita ukan dituzte. Aurten ere 30 bat muskiztar jin dira Urdazubira, bi herrien arteko loturak azkartzeko. Burdinaren eguneko antolatzaile eta antzerkiko protagonistetako batekin mintzatu da Inhar Iraizotz lankidea:
Kukutxeztula edo coqueluche kasuek gora egin dute azken hilabete hauetan. Frantses estatuan iparraldean bereziki heriotzak eragin ditu.
Arnas aparatua larriki unkitzen duen eritasun hori lanjerosa izan daiteke bereziki haur gazteentzat. Baiona eta Donapaeulo larrialdi pediatrikoetan kasuak biderkatu dira, baina orain arte heriotzarik gabe. Kaiet Etxeberria Gure gomita izan da. Baiona eta Donapaleuko ospitaleetan pediatra da.
Euskal herriko etxe ekoizpenen aniztasuna eta kalitatea agertarazteko xedez Ezpeletan 26. Idoki Feria iraganen da agorrilaren 9 honetan. Ezpeletako merkatu estaliko kanpoko aterpean hamasei etxalde izanen dira present. Hamabost bat salmahaitan Idoki sormarka duten gasna mota ezberdinak, Kintoa txerrikia, ezpeletako biperra, erreximentak, eztia edota sendabelarrak. Feria goizeko 9.30etatik goiti eta 18.00ak arte irekia izanen da.
Gasteizeko bestak bururatzearekin, Donostiako Aste Nagusiak hartuko du lekukoa. Zortzi egunez 276 jarduera eginen dira hiriko 29 lekutan. Arrakasta gehien biltzen duten ekimen artean dira su artifizialak, Sagueseko kontzertuak eta Donostiako piratek antolatzen duten egitaraua. Jendetza goaitatzen du Donostiako herriko etxeak, eta preseski, gerta daitezkeen eraso sexistei begira, Aste Nagusia berdintasunez eta askatasunez bizitzeko «Ez ezetz da» izeneko kanpaina aurkeztu zuten hiriko udal ordezkari guziek. Eraso sexisten protokoloa aurkeztu dute bai eta 21 orduz irekia izan den Puntu Morea ere.
Bizikletaz 1.300 kilometro hamahiru egun eta etapetan. Erronka horri lotu ziren BIXI ekimeneko partaideak Fibrosi Kistikoa eritasuna ezagutarazteko eta eritasun hau sufritzen duten erien eta familiaren laguntzeko helburuarekin. Ibilbidea Bruselan abiatu zuten uztailaren 26an eta agorrilaren 7an izanen da azken etapa Baionatik Ondarroara.
Abuztu hasierarekin batera, bero, idorte eta su arriskuak altuak dira mendiguneetan. Arriskuen murrizteko nahian, 2021tik, Lapurdi eta Nafarroako mendigunea osatzen duten hiriek zonbait protokolo eta konbentziotan elkartu dira, mugaz gaindi. Horien artean, “Gure Mendia” izeneko lan taldea sortu zen Euskal Hirigune Elkargoaren barnean, Nafarroako Bera, Lesaka eta Baztango herriko etxeekin batera. Bertan, suteen aurkako prebentzio eta neurri komunak ezartzeko xedea dute, besteak beste.
Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezi bat sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrakbultzatu zuen museoaren sorrera, «euskal herri tradizionalaren» ondarea babesteko xedearekin. Hura izan zen Euskal Museoko lehen zuzendaria, eta ondotik Jean Ithurriague edota Jean Haritxelarrek hartu zuten bere lekua. Mendeurreneko erakusteko urtarrilera arte izanen da ikusgai, eta bisita gidatuak euskaraz hilabetean behin egiten ahalko dira, urritik urtarrilera.
Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da. Kazetariak Euskal Herrira itzuli nahi duela adierazi dio bere sendiari, baina Oihana Goiriena bere bikotekideak azaldu duenez, oraindik ez du berreskuratu bere espainiar pasaportea, eta ondorioz, ezin da Bizkaira itzuli.
- Egunero 200.000 bisitari Iparraldean, usaian baino aberatsagoak
- Festilasaik 3.000 festibalari bildu ditu bere 18. edizioan
- Daniel Oltzomendi: «Turismoa %5 beheititu da uztailean, baina horrek ez du uda osoko joera erakusten»
- Behien eritasun hemorragikoa berragertu da Baxe Nafarroan
- Frantxoa Tambourain: «Ukrainian gerlan diren eremuetara erremedioak igortzea dugu xede»
- Euskarabentura, 160 gazte euskaldun bildu dituen «esperientzia izugarria»
- Donostiako Musika Hamabostaldia berriz heldu da Senperera
- Botere-eskualdaketa Faisaien uhartean, munduko agitekidetza ttikienean
- Kabalek hartu dute aurten ere Garruzeko plaza