Donaixtiko San Mixel eskola zaharrak bizi berria ukanen du

San Mixel eskola ohiaren geroa, berriz ere, Donaixtiko agiantzen erdigunean. Eskola 2008 urtetik hutsa izan da, eta iazko udan eskuratu zuen eraikina Donaixtiko herriko etxeak.  2024ko agiantzetan, Andre Larralde auzapezak proiektu gotor horren xehetasunak argitu ditu. Ekimen kulturalak antolatzeko gela handi bat izanen da bertan, eta sei apartamentu sozial ere eraikiko dituzte. Eskualdeko parke naturalaren bulegoa ere bertan kokatuko da, baita bisitari taldeentzako gune bat. Gunea kudeatzeko eta ekitaldiak antolatzeko, Elkarte izeneko elkartea sortu dute, Oztibarreko bi gazte kontratupean hartuko dituena, herritar zerbitzu gisa.

Mauleko hiltegia ez da kategoriaz apalduko, behin behinean

Julien Charles prefetak hats bat eman dio Mauleko hiltegiari. Zuzendaritza berriak hiltegia bide onean ezartzeko «aukera oro ukan ditzan», kategoria apaltzeko prozedura gibelatuko du. Asteazkenean hiltegi horren egoera salatu zuten laborariek, Maulen eta Baionan. Xiberutik Lapurdiko hiriburura eraman zuten protesta, Euskal Hirigune Elkargoaren atariraino. Bertan, Jean René Etxegarai presidentearekin eta Isabelle Pargade, presidente ordearekin bildu ziren. Elkargoaren aitzinean errotak bota ondotik, suprefeturara, DDTM Lurraldearen eta itsasoaren departamenduko zuzendaritzara eta Angeluko hiltegi pribatura joan ziren. Etxegaraik eta Pargadek laborarien arazoez eztabaidatzeko bilkura bat antolatuko dutela hitz eman dute.

Mauleko hiltegiaren aldeko elgarretaratzea eta karakoil operazioa Baionaraino

Mauleko kabala hiltegiaren inguruan bildu da laborarien kexua. Bertako haragia mailaz jaisteko asmoa erakutsi dute Estatuko albaitaritza zerbitzuek. Neurri horrek, bistan dena, produktuen prezioan eraginen luke. Laborarien ustez, erabaki horrek Mauleko hiltegiaren hestea ekarriko luke. Hori dela eta, ehun bat laborarik elkarretaratzea egin dute gaur goizean Maulen. Traktore konboi oso bat buruan, «karakoil operazioa» egin dute Baionaraino. Xiberoko hautetsiek ere babesa helarazi diete laborariei, eta gutun bat igorriko diote Departamentuko prefetari. 2016tik  Mauleko hiltegia zaintzapean da, L214 elkarteak bertan egiten ziren kabalen kontrako tratu txarrak argitara eman zituenetik.

 

Joseba Asiron: «Indar desberdinen arteko adostasun politiko iraunkorra sortu nahi dugu»

Hilabetea iragan da EH Bilduko Joseba Asiron Iruñeko auzapezgoa eskuratu zuela. Abenduaren 28an berreskuratu zuen nafar hiriburuko aginte makila, UPNko Cristina Ibarrolaren kontrako zentsura mozioaren bidez. Horretarako, PSN alderdiaren aldeko bozkak ukan zituen. Lehen aldia da indar politiko espainiar horrek ezker abertzaleari babesa ematen diola erakunde nagusi bat eskuratzeko. Zentzu horretan, «lankidetza iraunkor berri bat» plantan emateko esperantza du Asironek.

Zentro sozialen sareak finantziazio publiko handiagoa galdegin du

Ezinegona ere Frantzia eta Ipar Euskal Herriko zentro sozialetan. Departamenduko zentroek Pauen mobilizatzeko deia egin dute asteazken honetarako, Estatuaren aldetik geroz eta ahal ekonomiko gutxiago jasotzen dutela salatzeko. Mobilizazioen ondorioz, Frantzia mailan, berrogei departamentuko ehun bat zentro sozial hetsiak izanen dira.

Laborarien mobilizazioek Parisen segituko dute

A63ko Touya zubia askatu zuten atzo arratsaldean, sei egun eta bost gauen ondotik. Traktoreak eta lasto metak atera dituzte arratsaldeko 3ak alde, goizean goiz, Baiona eta Angeluko bi supermerkatuetan ongarria isuri ondoan. Zubia utzi badute ere, Parisko laborantza saloian edo uda honetako Joko Olinpikoetan ekintzak burutzea aurre ikusten dute haien eskakizunak ez badira asetzen. Frantziako beste lekuetan mobilizazioen segitzen dute eta Parisera buruz itzuli dira asko. Hauekin bat egitera deitu dute 50 bat elkarte ekologistek, horien artean, Greenpeace, Alternatiba, Attac edota Lurraren altxamenduak.

Garraio enpresen arrangura, laborarien protesten ondorioz

Laborarien mobilizazioak, bestelako protestak piztu dituzte. Garraio enpresek haien ezinegona adierazi dute, azken egunetako bide mozketek sortzen dizkieten galera ekonomikoengatik. Izan ere, bide desbideraketek distantziak handitu dituzte, bidaiaren iraupena luzatuz eta erregaiaren kontsumoa handituz. Batez beste, enpresa txiki batek 500 euroko galerak ukan ditzakeela neurtu dute.

 

Peio Etxeberri Aintxart: «Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion, gainbeheran zen Enbatari»

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi Sozialistara iragan ziren, eta Enbata aldizkaria argitaratzen segitu zuten. Nolanahi ere, ordurako «gainbeheran» zen mugimendua zela azaltzen du Peio Etxeberri Aintxart historialariak; izan ere, belaunaldi berriek «epelkeria» leporatzen zioten Enbatari. Gazte horietako batzuek, erraterako, Iparretarrak talde armatua sortu zuten 1973an, Enbata disolbatu baino urte bat lehenago.

Euskal unibertsitateak bat eginik, mugaz gaindiko trabak gainditzeko

Legedia, zerga sistema, mugen hestea… Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko lankidetzan sortzen diren trabak aztertzeko Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Institutua sortu dute ikasturte honetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta UPPA Paueko eta Aturrialdeko unibertsitateak dira partaide nagusiak, eta POCTEFA programaren bultzada ekonomikoa ukan dute. Problematika berezituak aztertuko dituzte ikerlariek, Euskal Herri osoko enpresa, elkarte edo administrazio publikoentzat baliagarri. Udaberri honetan argitaratuko dute zergen inguruko lehen txostena. Era berean, martxoaren 22an hiru unibertsitateetako ikasleak Donostian bilduko dira, Europar Batasunaren barneko mugen hetsieraz eztabaidatzeko. Gutxienez 2026ra arte luzatuko da egitasmoa, eta milioi bat euroko aurrekontua du.