Ipar Euskal Herrian Jordan Bardella-ren eskuin muturrak irabazi ditu Europako hauteskundeetako bozak, %22,5rekin. Bigarren tokian Emmanuel Macronen Renaissance %16,5rekin eta hirugarren tokian sozialistak %16ekin ere. Ondotik dira Jean Lassallen zerrenda, LR eskuina, berdeena, %8 eta %6 artean. Emaitzak ezagutu eta berehala, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hauteskunde legegileak deitu ditu ekainaren 30erako. Bigarren itzulia uztailaren 7an iraganen da. Europako hauteskundeen emaitzak aztertzeko Goizeder Taberna eta Ekhi Erremundegi Mediabask eta Berriako kazetaria izan dira gure gomitak.
Bazuen 10 bat urte ez zela finalik izan Baxe nafarro, Xibero eta Lapurdiko kantari gazteen artean. Xiberoko Botzatik Inexa han genuen eta bilduma txiki bat eskaini digu.
«Ezberdintasuna ospatu» lelopean Har-eman ikuskizunaren inguruko hitzordua antolatu du Kiribil konpainiak Cafecito kafetegi inklusiboaren laguntzarekin. Larunbat honetan 10:30etan Baionako Euskaldunen karrikan den kafetegi horretatik abiatuko da ibilaldea Jacques Portes plazara buruz, eta 11:30etan ikuskizuna eskainiko dute bertan.
Ama lurrarekiko ardura elikatzen bi hamarkada daraman Bioterra azokak 130 erakusketari eta 50 jarduera baino gehiago proposatuko ditu asteburu honetan Irungo Ficoba erakustazokan. Areto bakar batekin hasi ziren duela hogei urte, eta gaur egun eraikin osoa hartzen du sektore ekologikoari buruzko erreferentziazko azoka horrek. «Engaiamendu ekologikoa» duten elikadura enpresak ez ezik, kosmetika, bioerainkuntza edota jantzigintza.
Zailtasun ekonomiko handietan da Laguntza Etxerat elkartea. Hazparneko eskualdean, beren etxean bizi diren adinekoak eta elbarrituak laguntzen dituzte, eta horrez gain, bi haurtzaindegi kudeatzen dituzte Hazparnen eta Beskoitzen. Lan hori egiteko ehun langile ditu egitura horrek, baina diru sartze berririk ukan ezean, bortak hetsi beharko ditu; izan ere, 150.000 euroko defizita du gaur egun elkarteak, eta 2025 hastapenean kopuru hori bikoiztu liteke. Departamenduaren engaiamendua galdegin dute langileek ekainaren 6an Hazparneko lurraldearen egoitza aitzinean egin duten elkarretaratzean.
Laborantza lizeoetan tokiko hizkuntzetako irakaskuntza sailen sortzea eztabaidatua izan da frantses legebiltzarrean. Legearen zuzenketa proposatu du Iñaki Etxaniz legebiltzarkideak. Nolanahi ere, legea goaitatu gabe, Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxek sail elebiduna eta euskara hutsezko proposamena azkartzeko ekinbidea hartu dute. Erraterako, Donibane Garaziko Frantsesenia lizeo profesionalak, esperientzia gisa, euskarazko ikasgai praktiko batzuk ezarriko ditu plantan heldu den ikasturtean, eta Hazparneko Armand David lizeoak ere, aitzina urrats batzuk eraman nahi ditu 2025-2026 ikasturtera begira.
'Biharraren Hegietan' horixe da Maddi Sarasua Laskarai bertsulari itsasuarraren lehen poema liburuaren izenburua. Bere belaunaldikoek politikoki nolako mundua jaso duten eta mundu hori nola eraldatu nahi duten plazaratu du hainbat olerkiren bidez. Ziburuko liburu eta disko azokan egin du bere lehen agerpena liburuak.
Ehun traktore eta laurehun bat laborari bildu dira Biriatuko blokeo ekintzan. Energia kostuak, inportazioekin lehiatzeko ezintasuna, gazte laborarien zailtasunak edota diru laguntza sistema desegokia zuten jomugan. 24 oreneko bide oztopatzea egin dute asteleheneko 10:00etatik, astearteko 10:00 orenetara. Martxoaren 7ko mobilizazioetan iragarri bezala, agintariek haien aldarrikapenei kasu egin ezean ekainaren lehenetik goiti mobilizazioak azkartuko dituzte laborariek.
Prefosta elkartearen kanpoaldean joan den asteburuan agertu diren mezu homofoboak gaitzetsi dituzte astearte honetan. Margoketei ihardukitzeko salaketa bideo bat zabaldu dute sareetan, «PD eta harro» leloa oihukatuz. Prefosta elkarteak eta Atharratzeko herriko etxeak salaketa ezarriko du jendarmeen aitzinean.
- Ahate gripearen birusa ahuntz eta behietan atzeman dute AEBn
- 'Lurrez estali', laborarien zailtasuna hizpide duen antzezlana
- Laborariek Biriatuko pasabidea 24 orenez hetsiko dute
- Gaztetxe berriko gakoak eskuratu ditu Ttattolak
- Ziburuko Azoka, indarra hartuz doan hitzordua
- Sebastien Castet: «Frantses konstituzioko bigarren artikulua tokiko hizkuntzak oztopatzeko baliatzen da»
- Asteburu honetan estreinatuko da 'Lurrez estali' antzezlana Izuran
- Iparraldeko hamasei hautetsi, Europako bozetako zerrendetan
- Presio fiskalaren %5eko goititzea salatu dute Iparraldeko enpresaburuen elkarteek