Azukrerik gabeko ikatza banatu die Olentzerok astearte goiz huntan, Beskoitzeko ikastola, herriko lurratik kanpo ezartzearen alde bozkatu duten Beskoitzeko 14 hautetsiei. 100 bat lagun bilduak ziren herriko etxe aintzinean, ekintzaren sustenguz.
Patrice Lanies-ren heriotzak ilundu zituen aurtengo Baionako bestak. Jadanik hurbildu zen jende kopuruak tokikoen kezka piztu zuen azken urte hauetan. Baina erahilketak eta gertatu gehiegikeriek hausnarketa fase bat ideki zuten geroztik. Azken hilabete hauetan bildu dira beraz bestaren aktoreak konpromisoen egiteko. Urte honen bilduma egin du Sébastien Aguerre-ek.
Ibil bedi 2018an Nafarroan sorturiko pop musika talde bat da. Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bost lagunek osatzen dute. Gitarra, baxua, biolina, saxoa, bateria, teklatua eta botzak dira juntatzen. Haien lehenengo diskoa «Berandu baina garaiz» 2019an argitaratu zuten. 2021an «Beltxarga Beltza» plazaratzen dute eta aurtengo apirilean, hirugarren lan luzerekin heldu dira, «Goldea» izenburupean. Kantu zonbait partekatu dizkigute Eguberri kantuz emankizunean.
Elur Alberdi arraunlariak urte berezia bizi izan du. Frantziako selekzioarekin trebatzen ari zenean, minbizia bazuela jakinarazi zioten joan den otsailean. 3 hilabetez, kimioterapia tratamendua segitu zuen ekainera arte, kirolean entrenatzen segituz. Irailean, Belgradeko mundiala kari, brontzezko medaila lortu du, PR3 deituriko arraun proban.
Antton Kurutxarri Baigorriko auzapez berria bilakatu da joan den larunbatean. Kontseilua bildu zen eta sorpresarik gabe, orain arteko axuantak, Jean Mixel Coscaraten segida hartuko du. Azken hau behartua izan zen karguaren uztera osagarri arazoen ondorioz. Kriztof Arotzarenak auzapez berria elkarrizketatu du.
102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu Miarritzen. Euskal dantzak munduari ezagutaraztea izan du helburu, eta profesionalki aritu da euskal dantzetan oinarritutako ikuskizunak atzerrian aurkezten. Olaeta balleteko kidea izan zen, eta Oldarra nahiz Etorki dantza taldeen sortzailea. Dantzaren aditu ez ezik, musikaria eta abesbatza zuzendaria ere izan zen Oihanburu. Ehun urte bete zituelarik elkarrizketa berezia egin zioten Euskal Irratiek; bertan, bere bizipenak eta ibilbidea aipatu zuen.
'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik. Liburuarekin batera, ‘Saharari Kantari’ diskoa plazaratu dute eta kontzertu solidarioa ere eginen dute abenduaren 22an, Donostiako Kursaal aretoan. Kontzertu berezi horretan Euskal Herriko eta Saharako hamairu artista gonbidatu izanen dira.
Protokolo berri bat Ingurumenaren suntsitzeak hobeki zigortzeko. Hondakinen botatze salbaiak, uraren kutsatzea, arrantza edo ehizaren kontrola… Hainbat gaietan gertatzen diren arau hausteak administrazioaren eta justiziaren artean hobeki bideratzea da xedea. Hitzarmena izenpetu dute Baiona nahiz Paueko auzitegiek, prefeturak eta ingurumen saileko hainbat poliziak. Helburua da, ingurumena suntsitzen duten arau hausteen kontra eraginkorragoak izatea. Horrekin batera frantses gobernuak mila milioi euroko aitzinkontua iragarri du bioaniztasuna babestu eta ingurumen saileko 150 ikuskari postu sortzeko. Aurten, hondakinen uzte salbaia egiteagatik 203 prozedura martxan eman dira departamenduan.
Jean Baptiste Orpustan hizkuntzalari ortzaiztarrak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntza eta Baiona hiriaren Ohorezko kultur saria. Harekin batera sariztatuko dituzte ere Maitena Duhalde eta Inge Arin. Duhaldek Kultur tesia saria eskaini diote Lapurdiko itsas hegiko euskararen azterketa dialektologikoaz egin ikerketagatik, eta Ingeri Bideo-Sorkuntzaren saria 'Ahots Hariak' dokumentalarengatik. Orpustan ez da izanen osteguneko sari banaketa ekitaldian, eta Jon Casenavek irakurriko du haren esker mezua.
- Mahats uzta %30 apaldu da Irulegiko sor-markan
- Ia 1,6 milioi euroko etxe salmenta «espekulatibo» bat Aiherran
- Azken hemezortzi urteetako 'xorrotxen' kantuak, disko batean
- «Ezin ditut onartu Beskoitzeko herriko etxearen ibiltzeko manerak, ezta herritarrei erran zaizkien gezurrak ere»
- «Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean»
- EAJko zuzendaritza Lapurdin izan zen atzo
- Lurrik gabe utzi du herriko etxeak Beskoitzeko ikastola
- Euskaldun kopurua %30era heltzeko hizkuntza-politika galdegin diote EEPri
- Prefetak dudan eman du Senpere eta Seaskaren arteko lur alokatze hitzarmena