Baratzezaintzak dituen zailtasunak azpimarratu dituzte ELB sindikatuaren baitan bildu diren fruitu eta barazki ekoizleek. Prentsaren aitzinean agertu dira ipar Euskal Herriko baratzezainak, hainbeste aho elikatzen dituen saila ez dela oraindik aski ezaguna azpimarratzeko. Urte osoko lan bat dela esplikatu dute. Lanbide aberatsa baina aldi berean hauskorra, beti klimaren menpe baitira laborariak: eurite, haizete edo ekaitzei aurre egin behar diete eta edozein kalamitateren aitzinean laguntza gutxi eskuratzen dute. Europako PAC laguntzetatik kopuru biziki apala jasotzen dute eta biologikoan eskuratzen zutena kentzea erabaki du Frantziako estatuak. Ezagupen handiagoa lortzea espero dute beraz denen artean bateratuz.
Duplom legeak erleengan arrisku handia sortzen du. Joan den astean, Duplom legea batzorde misto parekidera pasatu da. Horrek eztabaidak sortzen ditu laborarien artean, lege horrek laborariek dituzten oztopoen kentzea helburu duela justifikatzen da. Preseski, ur putzu handien baimena ahalbideratzea eta acetamipride pestizida onartzea da lege horren helburua. Jakitekoa da pestizida horrek arrisku handiak ekartzen ahal lituzkeela bereziki erle eta intsektuengan. 2018tik geroztik acetamipride pestizida ez da gehiago erabilgarri Frantziar Estatuan,horrek eragin lezakeen arriskuak ikusirik. Jakin behar da, produktu hau, neonikotinoide intsektizida familian kokatzen dela eta ezagutua dela bere toxikotasunak intsektuen eta erleen nerbio sistema zentralean eragiten duela eta heriotza dakarrela. Berriki Duplom legearen aipamena egin delarik Asanblea Nazionalean Frantziako Erlezaintzaren Batasunak lege hau salatu du erranez produktu horrek «erle anitzen hiltzea eragiten duela, %80a arte izan daitekeena». Frederic Forsans erlezaina ez da fidatzen, eta uste du lege hau pasako dela. Pestizida horrek gizakiengan ere arriskuak eragin ditzakeela salatzen da.
Xak izeneko lan berria atera du Paxkal Irigoienek duela hilabete bat. Nahiz eta jadanik bakarkako lanak egin dituen, azken denbora horietan Paxkal Irigoien Garaztar artistak bakarkako lan bat plazaratu du. Disko hau 6 kantuz osatua da eta popa eta folka estilokoa da. Bertan, Allande etxeberri Etxartek baxuarekin lagundu du eta Julen etxeberri Etxartek baterian. Bertan gai arin eta ezberdinak aipatzen dira, egunerokotasuneko gaiak. Lan berri horren parada bada bai plataforma ezberdinetan, baita ere zuzenean, hala nola Tulalaikan ekainaren 8an eta loturak festibalean ekainaren 12an.
Azaroan hautatua izan bazen ere, urtarril hondarrean hartu zuen bere kargua Joxe Ramon Bengoetxea, Euskal Herriko Unibertsitateko EHUko errektore berriak. Irunen sortua bada ere, Gasteizen bizi da gaur egun, eta Bilbo, Donostia eta Gasteiz artean ibilki da, eguna joan, eguna etorri. EHUk berrogeita bat mila ikasle ditu, bost mila irakasle eta hiru mila langile, Bilbo, Leioa, Gasteiz, Donostia eta Eibarren dituen campusetan banatuak. EHUko ateak irekiak dituztela Ipar Euskal Herriko ikasleek, nabarmendu nahi izan du errektore berriak, baina jabetzen da bereizkuntza bat jasaten dutela baxoaren nota apaltzen baitzaie baliokidetzea egiterakoan. Oztopo hau gainditzeko nahikeria badutela dio, baina eskuduntzak Madrileko gobernuaren gain direla gehitzen du Bengoetxeak, eta borondate politikoa behar dela. Ez dute baztertzen Ipar Euskal Herrian proiekturen bat abiatzea, tokiko erakundeekin eta akademiarekin elkarlanean, beti ere.
“Goi mailako ikasketak ipar Euskal Herrian” pankartak eskuan zituztela, Parcoursup sistema salatu dute Xuti Gazte mugimenduko hainbat kidek Baionan, astelehenean, Parcoursupeko emaitzak argitaratzen ziren egun berean. Unibertsitateko patioan elkartu dira, sistema elitista dela eta ikasleek ez dutela euskaraz ikasten segitzeko parada handirik salatzeko. Gaur egun "euskalfak" deitzen dutena, euskal filologia besterik ezin daiteke ikasi euskaraz UPPAren Baionako unibertsitatean. Medikuntza, matematika edo beste edozein sail ere ipar Euskal Herrian ikasi ahal izatea eskatzen dute eta ahalaz euskaraz. Horrez gain, Parcoursup sistema bera ere salatzen du Xuti Gaztek. Sistema elitistegia dela dio, algoritmoek osatzen dutena eta ikasleak sistematikoki Paue, Bordele edo Frantziako beste unibertsitateetara bideratzen dituena. Xuti Gazteko militanteek salatzen dute ere, gaur egungo sistemarekin ikasleei ez zaiela aski informazio ematen hego Euskal Herrian ikasi ahal izateko. Sistema osatua den bezala, ikasleak automatikoki Frantziara bideratuak direla dio, EHU hego Euskal Herriko Unibertsitateak eskaini ordez. Eta EHUn sartzeko baldintzak oso konplikatuak direla ere gehitu dute militanteek, Baionako unibertsitatean egin duten elkarretaratzean.
Herritarrek berek etxebizitzen jabegoa eramaitea da Etxalde kooperatibaren xedea. Hori agertu da Etxalderen azken biltzar nagusian. Lapurdiko hiru herrietako hautetsiek Etxalderen hautua egiteko bidean dira, BRS elkartasunezko alokatze errealaren eredua baino «interesgarriago» delakoan. Izan ere, Etxaldek proposatzen duen ereduarekin herritarrek dute egituraren kudeaketa, ez erakunde publikoek. Etxalde kooperatibak berrehun kide ditu. Lapurdiko herrien interesaz gain, beste urteko urrats nagusia izan da Baionan etxe bat eskuratu dutela, bitan zatitu eta bizizaleak jarri. Hots 2007 urteaz geroz, teoriko zena orain konkretu bilakatua dela eta horrek kooperatiba azkarki indartu duela.
Palestinan gertatzen ari den sarraskia ukatzen ote du Baionako herriko etxeak? Larunbatean ehundik gora militantek galdera pausatu diote Jean René Etxegarai auzapezari. Stop Genocide kolektiboak deiturik bildu ziren San Izpiritu zubian, Israelgo bandera kentzeko asmoarekin. Hamabost bat poliziaz inguratua zen larunbat honetan san izpiritu zubia apaintzen duten banderen artean, bat bereziki. Israelgo Estatuarena. Stop Genocie kolektiboak deia zabaldu zuen bandera hori kendu dezan herriko etxeak. Joan den urteko ekainean Palestinaren bandera zubian jarri eta kasik berehala kendu zuen herriko etxeak. «Auzapezak elkartasuna eraitsi behar du gertatzen ari den sarraskiarekin» erran digu David militanteak. Palestinaren aldeko militanteak ezin izan dira hurbildu banderatik, ondorioz manifestaldian ibili ziren Baionako karriketan. San izpirituko zubian ere autoen zirkulazioa oztopatu zuten.Iaz, maiatz bukaeran, bikote batek Israelgo bandera hondatu zuen. Herriko etxeak salaketa pausatu zuen, eta geroztik bi gazteak atxilotuak eta epaituak izan dira. Geroztik, Israelgo banderaren zutoinean produktu bat ezarri dute, jendea irristatzeko eta goiti ez igaiteko.
Ipar Euskal Herriko Getarian bizi da Haritz Larrañaga idazlea, nahiz eta Hego Euskal Herriko Getariaren auzoa den Zarautzen sortu den. Bi anaiaren bizia kontatzen duen fikzioa da, batek surfaren bidea hartu du eta besteak borroka armatuarena. Bizitzan bat bestearengandik urrun baina gogoan hurbil. 80garren hamarkadan kokatzen du istorioa, Zarautzen. Bere auzoko gazte ainitz drogan sartuak ziren, herriko beste batzuk Euskal Herriaren alde borrokan, horietan bere anaia, eta bera... itsasoan murgildurik surfean. Atal bat eskaintzen dio Zarautzi, beste bat surfari eta atal bat ere gaur egun bizi den Getaria herriari. Txalaparta argitaletxearen eskutik atera berri du “Olatuak sutzen direnean” liburua.
Ipar Euskal Herrian 320.000 biztanletarik 5.000 inguruk mintzatzen edo ulertzen du gaskoia. Hizkuntza egoera biziki larrian da eta diglosia egoera bortitza arindu nahian, Euskal Hirigune Elkargoak De Cap tau Monde! dispositiboaren seigarren edizioa aurkeztu du. 25.000 euro banatuko ditu gaskoiaren eta okzitanieraren laguntzeko. Hezkuntza eskaintza sendotzea da helburuetarik bat. par Euskal Herrian Calandretarik ez bada ere, elebidun saila dute Bidaxuneko eskola publikoan, eta preseski, eskaintza horiu luzatu nahi likete Samatze-Hastingara. Horretarako, orain arte euskararentzat plantan ezarri diren dispositiboak gaskoiarentzat ere baliatuko dituzte, hizkuntza sendotzeko xedez. Elkargoko ordezkarien erranetan, haatik, «helburua ez da euskara edo gaskoia bata bestearen kontra ezartzea» batzuetan euskararen sustapena gaitzesten duten hautetsi zenbaiten eskutik ikusi izan den bezala, baizik eta «zailtasunetan diren hizkuntzak sustatzea». Horrenbestez, Samatze-Hastingako eskola publikoan gaskoi indartua saila irekiko dute heldu den ikasturtean, astean hiru oren okzitanieraz eginez. Bastidako Clarenza elkarteak ere diru laguntzaren parte bat eskuratuko du, hizkuntzaren sustapenarentzat, urtean antolatzen dituen hiru hitzordu diruztatzeko.
- Bost salaketa Izpurako eskola publikoan gertatu bortizkeria kasuen harira
- Duplom legea batzorde misto parekidean eztabaidatuko da
- Gibelatu egin dute Europr Batasunean euskara ofizial izateko bozketa
- Alokairu sozialeko etxebizitza sozialak eraikiko dituzte Itsasun
- Medikurik ez den tokietan plantatzera behartu behar dira mediku gazteak?
- Duplomb legea «eztabaidarik gabe» onartarazi nahi du gobernuak
- Iparraldeko 3.500 hiztunek parte hartu dute Euskaraldian
- Azterketak euskaraz egin ahal izateko «urratsak» hitzeman ditu Errektoreak
- Larresoro eta Arrangoitze-Basusarri, errugbiko Federale 2 mailara igan dira