23 haurrek murgiltze ereduan ikasten dute euskara Amerikako Estatu Batuetako Boise hirian. Aurten, 25 urte betetzen ditu Boiseko ikastolak. Hiri hori AEB ipar mendebaldean da, Idaho Zstatuan. Duela bi mende heldu ziren lehen etorkin euskaldunak hara, eta horien ondorengoen eskutik sortu zen ikastola. Ikasturte honetan, Ander Zubillaga eta Sara Pinter gipuzkoarrak ari dira han irakasle lanetan.
Urtero bezala, osagarri mentalaz informatzeko astea antolatu dute hainbat egiturek. Horren kari, hainbat hitzordu izanen dira Iparralde osoan urriaren 20ra bitarte. Hazparneko CCAS Gizarte Ekintzarako Zentroak preseski zaintzaileengan ezarriko du arreta. Kafe-eztabaida antolatu du astearte honetan, pertsona adinduak laguntzen dituzten familia-zaintzaileak eta haien osagarri mentala izanen dituzte hizpide. Autonomia galtzen duten pertsona anitz familian artatzen dituzte, eta horrek denbora eta akidura handia galdegiten dute. Gaur egun, egoera horiek arintzeko existitzen diren dispositiboak aipatuko dituzte. Preseski, adinekoak artatzeko eta zaintzaileak laguntzeko, 6.000 «eguneko harrera» gehiago irekiko dira frantses Estatuan, gaurtik 2027 urtera arte. Xabina Olazagazti Hazparneko gizarte laguntzailea izan da Goiz Berriko gomita.
Haur sortu berri batek 5000 xatar baliatzen ditu, hots, tona bat zabor. Hondakin kopuru hori apaltzeko xedez, Bil Ta Garbi sindikatuak 50 euroko beherapen-bonoa eskainiko die gurasoei, xatar garbigarrien hautua egin dezaten laguntzeko. Beherapen horri esker, bi hilabetez alokatzen ahalko dituzte haur-xatar berrerabilgarriak Nini Garbi eta Petits Popotins enpresetan.
Arbonako eskola publiko berria, hondakindegi zahar baten gainean eraikitzen ari dela salatu du herriko etxeko oposizioko taldeak. Azaldu dutenez, herriko etxeak «ez du lurzoru hori garbitzeko neholako lanik agindu, ikasleen osagarria lanjerean ezarriz». Gune horretan hondakinak metatu ziren berrogei urtez, 2003 urtean hetsi zen arte. Baina Marie Josée Mialocq auzapezak Euskal Hirigune Elkargoari informazio hori «gorde» egin ziola salatu dute oposizioko hautetsiek. Auzapezaren erranetan, ordea, orain arte egin diren ikerketek erakutsi dute lurraren kalitatea egokia dela. Oposizioak helegitea ezarri zuen Baionako auzitegian, baina zazpi hilabete geroago ez dute arraposturik jaso. Hori dela eta, Departamenduko prefetari eta Elkargoko lehendakariari dei egin diete, «proiektu zentzugabe horren geldiarazteko».
Baigorri eta Baztango gazteen arteko bigarren topaketak aurkeztu dituzte bi herriko etxeetako ordezkariek. Ekimena urriaren 20tik 22ra iraganen da, eta 11-15 urte arteko gazteei zuzendua izanen zaie. Lehen edizioa joan den apirilean egin zuten eta balorazio baikorra egin dute antolatzaileek. Orotara berrogei gaztek ematen ahalko dute izena. Izpegi mendateaz bi aldeetako herritarren harreman sareak azkartu nahi dituzte Baztanek eta Baigorrik.
Metamorfosia ekologiko eta soziala bultzatzen duten alternatiben erakusleiho bat Baionan. Euskal Herria «burujabe, solidario eta iraunkorraren» aldeko ekimena ospatu du Bizi mugimendu ekologistak asteburuan, Lapurdiko hiriburuan. Parte hartze kopuruak antolatzaileek uste zutena baino apalagoa izan den arren, 8.000 pertsona hurbildu dira antolatuak ziren hamarnaka mintzaldi, eztabaida eta kontzertuetara. Mathilde Etxeleku, arkitektoa eta Biziren etxebizitza taldeko kidea, Goiz Berriko gomita izan da.
Joan den hilabetetik, kontratu aldaketak jasan dituzte Euskal Kosta Hegoaldeko poliklinikan, kontratu mugatuetan ari diren erizain eta erizain laguntzaileak. Gehienak ordezkapen lanetan ari dira eta hilabetero berritzen zitzaien kontratua. Astez asteko kontratuekin, haien egoera prekarioagoa dela salatu dute. Hilabetean zenbat oren lan eginen duten eta beraz zenbat irabaziko duten ez dakite. 2021etik, poliklinikako zuzendari den Stéphane Fagotekin harremanetan ezarri dira Euskal Irratiak, baina ez du egin galderei iharduki nahi izan. Gaur egun, 250 langile enplegatzen ditu egitura horrek.
Asteburu honetan ospatuko ditu bere lau hamarkadak Axuriak. Berrogei urteren ondotik, 280 kidek osatzen dute kooperatiba eta 30 langile enplegatzen dituzte. Aratxekia eta ardikiaz gain, behikia ere komertzializatzen du egun Sohütako kooperatibak. Are gehiago, urte honetan, irabazi gehienak behikiari esker egin dituzte eta Alain Lasserre Axuriako presidentearen arabera «eskaintza baino galde haboro» ukan dute. Behiek azken aldian jasaten duten gaixotasun hemorragiko epizootikoak ez die kalterik eragin, haiek beraiek bestelakotzen eta saltzen baitute haragia. Larunbatean eginen dituzte urtemugako ospakizunak Sohütan eta goizean biltzar nagusia eginen dute herriko gelan.
- Arxuri mendira autoz igateko pista-proiektua gaitzetsi dute Zugarramurdin
- Peio Dufau: «Uraren kalitatea ez da etorkizuneko gaia, orainaldikoa baizik»
- Ekonomia sozial eraldatzaileari eskeinatako zine festibala Hendaian
- Nehoiz baino egitarau indartsuagoarekin heldu da Zinegin festibala
- Pottoka, zaldi eta asto lehiaketen dirulaguntza kendu nahi du frantses gobernuak
- Biziren 'Euskal Herria Burujabe' ekimena asteburu honetan, Baionan
- Elkargoak trantsizio ekologikoa bultzatzen duten lau enpresa sariztatu ditu
- Beskoitzeko ikastolaren garapena ez dezala oztopatu galdegin diote herriko etxeari
- Konpon Txoko birziklategia Baionako Forum gunera lekualdatu da