Seaskak eta Udako Euskal Unibertsitateak hitzarmena izenpetu dute, goi mailako euskarazko jakintza sustatzeko. Partaidetza horren barnean kolegioko hirugarreneko ikasleek azterketa bat pasatu beharko dute B2 hizkuntza maila ebaluatzeko xedearekin. Horrez gain, irakasleen prestakuntzan ere aletxoa ezarriko du UEUk. Hiru mintzaldi antolatuko dituzte «Ikastolan euskaraz jolastu eta gozatu» maiatzaren 16an Lartzabalen, «Euskararekiko lotura afektiboa elikatzeko» maiatzaren 23an Baionan eta «Ikastolan euskara gaitasuna landu» maiatzaren 30ean Kanbon.
Departamenduko suhiltzaileen batasunak lehendakari berria du. Hemezortzi urteren ondotik, Claude Vidalek bere lekua utzi du igande honetan, Iholdin iragan den suhiltzaileen kongresuan, eta Charles Albuquerquek hartu dio lekukoa. Beñat Cachenaut Iholdiko auzapez eta SDIS Departamenduko sokorrien interbentzio zerbitzuen lehendakari-ordeak harrera beroa egin die. Orotara, bostehun suhiltzaile inguru elkartu dira Baxe Nafarroako herri horretan, gehien gehienak bolondresak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak izanen dira heldu den igandean. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herritarrek Eusko Legebiltzarra osatuko duten kideak hautatu beharko dituzte, eta ondotik, legebiltzarkideek lehendakari berria bozkatu beharko dute. Aldi honetan, lehen aldiz, EH Bilduk aukera handiak izanen ditu bozka eta legebiltzarkide kopurutan EAJ gainditzeko. Izan ere, azken ikerketek buruz buru gogorra iragarri dute Pello Otxandiano eta Imanol Pradales jeltzalearen artean. Batak zein besteak, beste alderdien babesa beharko dute lehendakari makila eskuratzeko. Sorpresarik ezean, legegintzaldi honetan ere, gobernu akordioa berrituko du PSE alderdiak EAJrekin.
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak. Haatik, gehientsuenak lapurtarrak ziren, hamaika orotara. Egun osoko egitarauarekin, taldeen arteko loturak azkartzeko beharra azpimarratu dute antolatzaileek. Zentzu horretan, preseski, maiatzaren 8an Dantzari Ttiki eguna antolatuko dute Donibane Lohizunen Begiraleak elkartearekin elkarlanean.
Lan foroa antolatzen du Urruñako herriak lehen aldiz. 'Job dating' arratsalde bat antolatzen dute larunbat honetan, lana xerkatzen dutenei enpresengana hurbiltzeko parada emateko. Foroa hasi aitzin bi hitzaldi izanen dira, lehena 13.30etan Bai Euskarari elkartearekin, eta ondotik merkataritza eta industria ganbararekin, bi egitura horien lana ezagutarazteko. Enpresek ostiral eguerdi arte dute parada izena emateko eta jakin ere, larunbatean lan eskaintzak izanen direla 18 urtez azpiko gazteentzat ere bai.
Hegoaldean geroz eta emazte pilotari gehiago ari dira esku huskako zoingehiagokan. Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez dute aizu. FFPB Frantziako Pilota Federakuntzako medikuntza zerbitzuak emazteen esku huska txapelketak galaraziak ditu. Iparraldeko Pilota Batzordeak debeku hori bertan behera uzteko galdea egin badu ere, arraposturik ez dute ukan oraino. Bidea irekitzeko xedez, larunbat honetan Hegoaldeko emazte pilotarien txapelketaren finalerdia jokatuko da Miarritzeko Plaza Berrin arratsaldeko 18:00etan. Bertan lehiatuko dira Iturriaga-Orbegozo eta Barrokal-Agirre bikoteak. Irabazleek apirilaren 21ean jokatuko dute finala Antzuolan, Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontra.
Ipar euskal herriko hogei etxaldek ateak irekiko dizkiote publikoari «Etxaldez etxalde» ekimenaren kari. Etxalde guzi hauek biologikoan ari dira eta BLE Biharko Lurraren elkarteko kide dira. Ekimen horren hamaseigarren edizio hau apirilaren 28an izanen da. Biologikoan ari diren etxaldeen egin moldea ezagutarazteko xedea du. Gainera azken zenbakiak positiboak dira, 450 etxalde biologikoan dira Ipar Euskal Herrian eta instalazioak biderkatzen ari dira. Apirilaren 28an egun osoan, bisitak eta dastaketak izanen dira..
«Jakintzen Talka» izeneko erreforma (frantsesez, Choc des savoirs») martxan jarri nahi du frantses gobernuak irakaskuntzan, heldu den sartzean. Erreforma honen xedea da ama-eskolatik lizeora, ikasleen maila hobetzea. Horretarako irailetik goiti kolegioan, seigarren eta bosgarrenenko ikasleak mailen araberako taldetan banatuko dituzte. Neurri hori ikasleen «bereizketa» egitea bezala dela salatu dute hainbat buraso eta erakaslek. Baina neurri horren beste eragina elebitasunean diren ikasleentzat ere izanen da, hezkuntza komunitateko hainbat kidek salatu duten gisara.
Nola kontsumitzen dute xiberotarrek? Galdera horri arrapostua eman dio CCI Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako ikerketa batek, Xiberoako merkatarien eskariz. Urtean 57 milioi euroko salmentak izan ohi dira Xiberoako saltegietan, eta erosketen %55 elikadura sailean dira. Ikerketaren arabera, geroz eta erosle biarnes gehiago daude Xiberoan, eta internet bidezko salmenta kopurua emendatu egin da. Haatik, xiberotar merkatariek ohartarazi dutenez, azken urteen irabazi marjina ttipitu egin zaie.
- Kanboko kontseiluan protesta egin dute Marieniako lurren defendatzaileek
- Eguzki Urteaga: «Helduen euskalduntze prozesuari ez zaio aski garrantziarik eman»
- Gutxieneko diru-sarrera «baldintzatua» ezarriko dute Iparraldean
- Sei bideozaintza kamera ezarriko dituzte Hazparne erdigunean
- Hautetsiei larrialdi ekologikoari buzuko formakuntzak eskainiko dizkie Bizik
- Hur Gorostiaga: «Behotegik berak adierazi du euskara ez dela lehentasuna»
- Xiberoan 24 enpresa berri sortu dira iaz
- Akitania Berriko 15 milioi euro, Elkargoaren 91 proiektu babesteko
- Elebitasuna eta ongizatearen arteko lotura ikertu du ikerlari xiberotar batek