Orotara bederatzi lekukotasun helarazi dizkiote Baionako prokuradoreari. Denak 1960 eta 2000 urte artean iragandako bortizkeria kasuka dira, fisikok eta sexualak, eskolaren testuinguruan. Asteazken goiz honetan auzitegira hurbildu direnen artean Gilles Parent. Uztaritzeko San Frantses Xabier ikastetxeko ikasle ohia, berak bultzatu zuen hitzaren askatzea sare sozialetan biktimen talde bat sortuz. Joan den martxoan, ikastetxeetako indarkeriari buruzko ikerketa parlamentarioaren batzordean hitza hartu zuen. Aldi honetan eskola publikoan gertatutakoak ere azaleratu dira. Bea Ardoin Izpurako eskola publikoko ikasle ohia izan zen. Berak eta bere hurbilekoak bizi izan zutena aipatu zuen Euskal Irratietako antenan, baina anonimoki. Geroztik beste lekukotasunak bildu eta publikoki mintzatzea erabaki du. Orotara bederatzi salaketa pausatuak izan dira asteazken honetan, erran bezala bost Izpurako eskola publikoan gertatutakoentzat, Uztaritzeko San frantses Xabier ikastegitik bi, bat Domintxaineko eskolatik eta bat Angeluko Jean Jaurès eskola publikotik. Orain arte bezala, kasu gehienak preskripzio epetik kanpo izateko arriskua bada. Baina Gilles Parent-en erranetan "Helburua da neurria hartuak izatea ez dadin gehiago gertatu, eta biktima estatutua errekonozitua izatea. Jende askok eskatzen dizkit aterabideak psikologo bat ikusteko baina ez dute ahal ekonomikoa." Biktima estatutuari esker osasun artak urririk eskuratzea espero dute. Biktimen kolektiboak hautetsien partetik erreakzio eza salatzen du, haiengandik sustengu hitzak espero dituzte.
Duplom legea berriz aztertuko da batzorde misto parekidean. Bertan, zazpi senatarik eta diputatuk legea berrikusiko dute. Lege horrek ur biltegien handitzea eta acetamipride pestizidaren baliapena onartzea ahalbideratuko luke, laborarien traben arintzeko aitzakiarekin. Frantzian, acetamipride pestizida 2018tik debekatua da, besteak beste, intsektu polinizatzaileendako kaltegarri baita.Iparraldean gai horrek eztabaida ere piztu da. Alde batetik, FDSEA sindikatu eskuindar-kontserbadorea lege horren alde agertu da, laborarien lana «sinplifikatzeko» eta Europar Batasunean pestizida hori baimendua den beste herrialde batzuetako ekoizpenen lehiari buru egiteko baliagarri izanen delakoan. Bestetik, Confédération Paysanne eta ELB sindikatuak argiki kontra agertu dira, osagarri mailan eta ingurumenaren alorrean ekarriko dituen kalteen ondorioz.
Gibelatu egin dute Europako Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizial izateko eskabideari buruzko bozketa. Espainiako Gobernuak eraman du orain berriro galdea, baina gainerako estatuetako ordezkariak ez dira ados neurriarekin. Neurriak aitzina egiteko aho batez onartu behar dute herrialde guztiek. Euskalgintzaren Kontseiluak bozketa gibelatu izana gaitzetsi du, hizkuntza gutxituen normalizazioa eta biziberritzea laguntzeko aukera bat galdu dela salatuz. Egun, 24 hizkuntza dira ofizialak Europako Batasunean, eta irlandarra da horietarik gutxitua den bakarra.
Itsasuko herriko etxeak etxebizitza sozial batzuk ezarri ditu salgai, BRS alokairu erreal solidarioaren bidez. Herritarrek Itsasun berean etxe edo apartamentua erosteko parada izatea da helburua, merkatu libreak onartzen dituen kopuruak baino prezio apalago batean. Nicole Etxamendi Itsasuko axuantak dioenez: «Alokairu erreal sozialaren menpe diren etxebizitzak ez merkeak izanik ere, gaur egungo prezioei konparatuz eskuragarriago den zerbait eskaini nahi diegu Itsasuarrei». T2, T3 edo T4ak ezarri ditu salgai Itsasuko herriko etxeak, Attania eremuan. Etxebizitza sozialak dira, diru sartze mugatu bat duten pertsonei zuzenduak, gaur egun ez baita apartamenturik alokatzeko Itsasun, eta erosteko prezioak ez baitira 500.000 euro baino apalagoak. Baldintza batzuk bete behar dira, horietan garrantzitsuena, diru sarrera muga bat ez gainditzea. Eraikuntza fasea laster hasiko dute eta etxebizitzak 2026ko maiatzerako prest izatea espero dute. Eta ondotik beste proiektu bat ere badu Itsasuko herriko etxeak COL egiturarekin etxe ttipi batzuk eraikitzeko, laster aterako da eskaintza.
Mediku eskasia ikusirik, senatuan eta lege biltzarrean, bi lege proposamen aztertzen ari dira. Alde batetik, Lege biltzarrean gehiengoak bozkatu du mediku gazteak bortxatu behar zirela, medikurik ez den tokietan plantatzerat. Beste aldean, senatuak dio ez direla mediku gazteak bortxatu behar ondorioz, proposamen “arinago” bat egin du hau da, elkartasuna erakutsiz; mediku falta den lekuetan hilabetean bi egunez medikurik ez den leku batera joanez. Frantses lege biltzarrean eta senatuan, mediku eskasiaren kezka aipagai dute. Eskualde batzuetan mediku eskasak direla ikusirik bi proposamen ezberdin aztertzen ari dira. Leku batzuetan medikurik ez dela kontutan harturik, porposatua izanen zaie mediku gazteer leku horietan ln egitea baina bakarrik lan egitea zaila eta ez dela erakargarria diote Lili Iriart eta Maider Loyatho mediku gazteek. Bi mediku gazteek diote proposatutako bi legeak ez direla egokiak, fakultateetan hetsi dituzten ateengatik dela arazo hau gaur egun ageri, hala nola, medikuntzako lehen urtean leku guti direla argudiatuz.
Ingurumena babesteko arauak arindu, laborarien kexua apaltzeko. Eztabaida piztu du Duplomb diputatuaren lege proposamenak, baita arrangura ere talde ekologisten artean. Izan ere, 2018tik debekatua den acetamiprid intsektizidaren baliapena legeztatzea edota ur biltegi handiak baimentzea aitzinikusten du legeak. FNSEA eta Coordination Rurale sindikatuak haren alde mobilizatu dira astelehenean. Parean aldiz, Confederation Payssane eta kolektibo ekologistek lege proposamen horren kalte larriez ohartarazi dute. Alde batetik, lege horrek agro industriaren interesen alde egiten duela salatu dute, laborari ttikien geroa dudan emanez. Izan ere, lege horrek ur biltegi handien eraikuntza baimendu nahi du. Legea kritikatu dutenen arabera, horrek erran nahi du, laborantza enpresa handiek ur baliabideak monopolizatzen ahalko dituztela.Talde ekologistek ere biodibertsitatean eta gizakion osagarrian eraginen duen kaltea nabarmendu dute. Duplomb neonikotinoideen familiako acetamiprid intsektizida legeztatu nahi du. Produktu hori 2018az geroztik debekatuta dago, intsektu polinizatzaileentzat, adibidez erleentzat, kaltegarria baita, eta ur akuiferoak kutsatu ditzakeelako. Gobernuak lege horren eztabaida saihestu nahi zuen legebiltzarrean, eta ondorioz, legea bertan behera uzteko helegitea aurkeztu du, geroan batzorde misto parekidean onarrarazi ahal izaiteko. Egiteko manera horren kontra mintzatu da Peio Dufau EH Bai alderdiko legebiltzarkidea:
Frantzia Intsumituko eta Berdeen alderdiko diputatuek 3.500 emendakin inguru aurkeztu zituzten lege proposamen horren kontra. Horrek legearen onarpena blokatu zezakeen Asanblada Nazionalean. Horregatik, Duplomb legea batzorde misto parekidean onartzeko bidea lehenetsi du gobernuak. Asteazkenera bitarte, departamendu orotan ekintza sinbolikoak eginen zituztela ohartarazi zuen Arnaud Rousseau agro industriako AVRIL multinazionaleko buru eta FNSEAko presidenteak, baina, ororen buru, bertan behera utzi dituzte mobilizazioak.
«Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua». Halaxe laburbildu dute Euskaraldiaren arduradunek hirugarren edizioaren bilana. Igandean bukatu zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko hamaika egunetako ariketa. Arduradunek azaldu dutenez nehoiz baino herri gehiagok hartu dute parte Euskaraldiaren antolakuntzan, Barkoxetik Tuterara. Hamaika egunez, edozein eremutan, edozein egoeratan, euskara lehenesteko erronkarekin bat egin dute Euskal Herri osoko 135.000 pertsonek. Euskaraldiaren edizioa arrakastatsua izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, izan ere, nehoiz baino herri gehiagotan muntatu dituzte batzordeak 450 herritan xuxen erraiteko. Gainera 7.500 entitatek bat egin dute dinamikarekin, tartean enpresak, elkarteak edota kolektiboak. Ipar Euskal Herrian ere balorazio baikorra egin dute antolatzaileek. Ipar Euskal Herrian, iragan edizioko kopuruak mantendu dira izen emaiteei begira. Orotara 3.500 pertsonek parte hartu dute ofizialki ariketan. Horrez gain, Iparraldeko 317 entitate ere engaiatu dira Euskaraldian. Aurtengo Euskaraldiaren eragin sozialaren indarra neurtzeko ikerketa soziolinguistiko bat garatuko dute datozen hilabeteetan.
Jean-Marc Huart Akitania Berriko errektorea Ipar Euskal Herrian zen astelehen honetan, euskararen irakaskuntzaren berri hartzeko sail publikoan eta Seaskan. Jakina da irakaskuntza elebidunak odol hustea pairatzen duela ikasleak kolegiorat joaiten direnean. Hizkuntzari lotuak EZ diren kolegioko ikasgaiak garatzerat saiatuko direla erran du ikasle gehiagok segi dezaten irakaskuntza elebidun bigarren mailatik goiti ere. Seaskak salatu zuen irakasle postu eskasia heldu den sartzerako. 2017tik 71 postu gehiago ezarriak izan direla erran dauku Jean-Marc Huartek eta aurten ere abantzu lau postu gehiago. Sail publikoari dagokionez, ikasleen %40 baino gehiagok ibilbide elebiduna segitzen du. Gero %22k bakarrik kolegioan eta %10k lizeoan. Odol huste horren arazoari buru egiteko zer egiteko prest den galdeginik, Jean-Marc Huart errektorea horrela mintzatu da: «Piramide antolaketa hori zilindriko bilakatunahi nuke. Kolegioan zentratu, eta hizkuntzari lotuak ez diren ikasgaiak garatu nahi nituzke. Eragile guziekin antolatu bi bisita hauen bidez, gaia hobeki eneganatzea zen helburua, eta norabide bat plantan ezarri ikasle gehiagok sail elebidunean segi dezaten». Euskararen Erakunde Publikoko aintzinkontuari buruz, jakina da Frantziako estatua eta departamenduaren diru ekarpena ez dela emendatu azken urteetan. Gogoeta baikorrak aitzina segitzen duela norabide baten markatzeko dio.
Emak Hor taldeak 10 tantoz irabazi du Donapaleuren aurka itzuliko partida bere zelaian joanekoa puntu bakar batez galdu ondotik. Inthalatzek hiru puntuz galdu du Biarnoan Ganen igandean baina joaneko partidan bildu 12 tantoren abantaila aski izan da final-zortzirenetarako sailkatzeko. Datorren igandean, Caussade parean izanen du Emak Hor taldeak eta Rodez Larresorok.
- Ursuya klinikako 60 langileak, zuzendaritzarengatik «bazter utzirik»
- Iker Elizalde: «Bakartasuna ez dugu inoiz senditu Kontseilu departamentalean»
- Aroztegiko zazpi auzipetu baztandarren kontrako auzia abiatu da
- Biarritz Olympique hirugarren mailara jaistearekin zigortu dute
- ErrobiL heren-gune soziala estreinatu dute Itsasun
- Azpiegitura berriak Eiheralarren, herriko demografia azkartzeko
- Hizkuntza politikan «jauzi bat» eman dezan galdegin diote Euskal Hirigune Elkargoari
- Marieniako lurra zaintzeko zina egin dute Kanbon
- Hamar egun pantailak itzali eta gogoak pizteko