Batera birsortu dute, Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea erdiesteko xedez

Batera plataformak, urteetako geldialdiaren ondotik, bere jarduera berrabiarazi du, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala berriz agenda politikoan ezartzeko xedez. Ezpeletan egindako biltzar nagusian, “etapa instituzional berri” baten aldeko engaiamendua hartu dute, eta estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko mobilizazio fase berri bat hasiko dutela jakinarazi dute. Lehentasunezko zeregina: instituzio eredu bateratua adostea eta, ondoren, Frantziako Estatuko agintariekin negoziazioak abiatzea. Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren eskumenak uztartuko dituen egitura bat proposatu nahi du, eta Lyongo metropolia edota Korsikako eredua inspirazio iturri gisa aipatu dira. Datorren hilabeteetan, informazio kanpainak eginen dituzte eta eragileekin bilkurak antolatuko dituzte. Urrian gogoeta egun bat iragarri dute, eta begirada 2026ko herriko hauteskundeetan dute jarrita: aldaketa instituzionalaren aldeko gehiengoa lortzea dute helburu.

Euskal kosta ez da eskubaloiko maila profesionalean aritzen ahalko, sos faltagatik

Denboraldi bikaina bururatzen ari dira Euskal Kosta eskubaloi taldeko neskak. Nationale 1 mailako azken partida jokatuko dute bi asteren buruan azken taldearen zelaian. Ondotik baliteke igaiteko partida erabakigarria ez jokatzea. Arazoa da Frantziako bigarren mailan lehiatzeko 250.000 euro gehiago beharko liratekeela Eta arduradunek ez dute diru zama hori bildu ahal izan.

«Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen»

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea eta 70garren hamarkadan Garazi ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki jotzen zituela eta neska batzuk sexualki erasotzen eta bortxatzen zituela salatu digu. Azpimarratzekoa da, 1974an salaketa bat pausatu zuela ama batek irakasle horren kontra baina zuriturik atera zela auzitik. Bere burua babesteko anonimotasuna atxikitzeko aholkatu dio abokatuak Beari, horregatik ez du izena eman nahi izan.

Nikolas Blain: «Hirigune Elkargoa lurralde kolektibitate bilakatzea posible da, frantses Konstituzioaren barnean»

Batera plataforma berpizteko Biltzar nagusia larunbatean eginen dute. 2002an sortu zen plataforma hau lau aldarrikapenekin: euskararen ofizialtasuna, laborantza ganbara, euskal unibertsitatea eta euskal departamendua. Azken hori Euskal Hirigune Elkargoaren gauzatzearekin bete zuten. Geroztik lo egon zen mugimendua. Baina orain, instituzioak dituen mugak ikusiz ondoko etapara pasatzeko garaia dela uste dute, Lyonen osatu dute lurralde kolektibitatearen eredutik elikatuz.

Laugarrenez batuko ditu Izpegik Baigorri eta Baztango gazteak

Baztango eta Baigorriko 11 eta 15 urte arteko gazteek beste behin izanen dute elkar ezagutzeko aukera maiatzaren 24an, Izpegitik gertu den Elorrietako lepoan. Aurten laugarren aldiz antolatuko dira bi ibarretako gazteen arteko topaketak, eta ekimena historiaurrearen inguruan ardaztuko da. Bi ibarren arteko harremanak indartzea da topaketa hauen helburu nagusia. Antton Kurutxarri Baigorriko auzapezak azaldu duenez, «instituzio mailan Baztaneko ibarrarekin gerturatzeko pausoak eman dira azken urteotan, baina orain harreman naturalagoak berreskuratu nahi ditugu, egunerokoan galdu direnak». Bere laguntzaile Betti Bidartek gaineratu du gazteekin lan egitea funtsezkoa dela: “jaiegun batzuetan bai elkartzen gira, baina eguneroko harremanak oso eskas dira.” Maiatzaren 24, Izpegin elkartuko dira ibar bakoitzetik jindako hogeina gazte, berrogei orotara, eta oinez abiatuko dira Elorrietako leporantz.Antolatzaileek espero dute parte hartzaileek etorkizunean ere harremanak mantentzea eta elkarrekin aritzea ekitaldi eta elkarteetan. Izena emateko epea maiatzaren 20an bururatuko da, eta interesdunek honako helbidera idatzi behar dute: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it..

Marrubi sasoia untsa abiatu da, aroa lagun

Marrubiaren uzta arrakastatsua izan da aurten. Ekoizpenaren lehenengo zikloan uzta gailurra hunkitu dute baratzezainek. Izan ere, baldintza meteorologiko egokiei esker, ekoizpena linealagoa izan da. Intsektuen erasoari dagokionez, presioa apalagoa izan da, eta horrek landareen osagarria eta fruituen kalitatea mantentzen lagundu du. Ekoizleek intsektuen aurkako neurri prebentiboak hartu dituzte, hala nola, sare babesleak edota intsektu horien predatzaile naturalak baliatzea. Hala ere, klima-aldaketaren ondorioz, intsektuen bizitza zikloa azkartu daiteke, eta horrek mehatxu gehiago ekar ditzake geroan. Egoera horrek etengabeko zaintza eta egokitzapen beharra galdegiten du ekoizleen aldetik. Gariguette marrubi-barietatea frantses estatuko ekoizpenaren %20 inguru osatzen du, eta Ipar Euskal Herrian Lekorneko Gerezieta auzoan ekoizten du Antton Diratxet laborariak.

Aldakarabana, Amikuzeko gaztetxe ibiltaria

Bere ohiko lokaletik kanporatua izan ondoren, gaztetxeak fase ibiltari bati ekin dio eta Aldakarabana izeneko ibilbidea abiatuko du Amikuzeko herrietan barrena. Egoitza finko berria atzeman bitartean, gaztetxeko kideek hainbat ekintza eta ekitaldi antolatuko dituzte eskualde osoan zehar. Karabana ibiltariaren ideia ez da guztiz berria: Hazparneko Ttattola gaztetxeak jada baliatu zuen halako dinamika COVID19aren garaian, lokalik gabe zelarik. Esperientzia hartatik inspiratuta, Aldakak dinamika berreskuratu du, gaztetxearen jarduera bizirik mantentzeko eta gazte euskaldunentzako espazio bat bermatzeko xedearekin. Udako hilabeteetarako kontzertuak eta trukaketa-guneak sortzea dute xede, tokian tokiko gazteriarekin harremanak sendotuz. Lehen geldialdia apirilaren 16an egin zuen Aldakarabanak Gabadin, Ramoneurs de Menhirs bretoi taldea giroa berotzera gomitatu zutelarik.

Berezkoen txapela irabazi dute Espinal eta Sanchez pilotari nafarrek

Berezkoen A mailako txapelketaren finala irabazi dute Iker Espinal eta Luis Sanchezek 40 eta 38 Mathieu Ospital eta Peio Gixanduten kontra Baionako Moderno trinketean. Bigarren txapela proba horretan jantzi du Sanchezek eta lehenbizikoa Espinalek. Partida untsa abiatu zuten Ospital eta Gixandutek 11 eta 4. Ondotik goi nafarrak iratzartu dira tanto ainitz lerrokatuz 21 eta 15 aitzinean izaiteko. Gero Ospital eta Gixandut gibeletik etorri dira eta aitzina ere hartu dute markagailuan 32 eta 27. Baina partida hobeki bukatu dute nafarrek.

Marieniako lurretan barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an

Barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an Marieniako lurretan. 50 bat pertsona bildu dira asteazken honetan Kanbo eta Itsasu arteko lurretan, berriz ere laborantzako lurren defenditzeko. Lurra itzuli dute barazkien landatzeko eremua prestatzeko gisan. Azken auziak galdu ondotik, mobilizaturik egon nahi dute militanteek. Hirigintza planoaren kontrako lehen auzia eta dei auzia galdu zituzten, baina kasaziora jo dute. Arrapostuaren beha badira beti, erabaki dute hala ere Elkargoaren abokatuen argumentuen salatzea. Laborariek eta herritarrek ez dute onartzen erran dezaten Marieniako lurrak ez direla laborantzarako baliatzen eta ez direla horretarako on. Horren kontra egiteko, froga gisa, barazkiak landatu nahi dituzte maiatza erditsutan.