Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik. Liburuarekin batera, ‘Saharari Kantari’ diskoa plazaratu dute eta kontzertu solidarioa ere eginen dute abenduaren 22an, Donostiako Kursaal aretoan. Kontzertu berezi horretan Euskal Herriko eta Saharako hamairu artista gonbidatu izanen dira.

Ingurumenaren kontrako delituak zorrotzago ikertu eta zigortuko dituzte Departamentuan

Protokolo berri bat Ingurumenaren suntsitzeak hobeki zigortzeko. Hondakinen botatze salbaiak, uraren kutsatzea, arrantza edo ehizaren kontrola… Hainbat gaietan gertatzen diren arau hausteak administrazioaren eta justiziaren artean hobeki bideratzea da xedea. Hitzarmena izenpetu dute Baiona nahiz Paueko auzitegiek, prefeturak eta ingurumen saileko hainbat poliziak. Helburua da, ingurumena suntsitzen duten arau hausteen kontra eraginkorragoak izatea. Horrekin batera frantses gobernuak mila milioi euroko aitzinkontua iragarri du bioaniztasuna babestu eta ingurumen saileko 150 ikuskari postu sortzeko. Aurten, hondakinen uzte salbaia egiteagatik 203 prozedura martxan eman dira departamenduan.

Orpustanek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko saria

Jean Baptiste Orpustan hizkuntzalari ortzaiztarrak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntza eta Baiona hiriaren Ohorezko kultur saria. Harekin batera sariztatuko dituzte ere Maitena Duhalde eta Inge Arin. Duhaldek Kultur tesia saria eskaini diote Lapurdiko itsas hegiko euskararen azterketa dialektologikoaz egin ikerketagatik, eta Ingeri Bideo-Sorkuntzaren saria 'Ahots Hariak' dokumentalarengatik. Orpustan ez da izanen osteguneko sari banaketa ekitaldian, eta Jon Casenavek irakurriko du haren esker mezua.

Mahats uzta %30 apaldu da Irulegiko sor-markan

Uzta txarra aurten mahastizainentzat. Mildiu eritasunak desmasiak eragin ditu, batez ere biologikoan ari direnendako. Horrez gain, aro aldakor eta euri erauntsiek lana zaildu diete. Orotara, %20 eta %30 artean apaldu da mahats uzta. Hala ere, sotoak dituen erreserbei esker bilan ekonomiko ona egin dute. Urte zaila izan baita, sotoko benefizioak banatu dituzte ekoizleen artean. Ez da lehen urtea hori egiten dela, ondorioz mahats kiloaren prezioa igotzea gogoetatzen ari dira. Irulegiko sotoak ekoizle familia bat galduko du aurten, baina etxalde galera handiena Irulegiko sor-markatik kanpo etxeko arnoa ekoizten dutenen artean gertatzen ari dela ohartu dira.

Ia 1,6 milioi euroko etxe salmenta «espekulatibo» bat Aiherran

Aiherrako herriko etxea arranguraturik agertu da 250.000 eurotan erosia izan zen etxe bat, abantsu 1,6 milioi eurotan salgai ezarri ondotik. Etxexuri egoitza 2017an erosi zuten gaur egungo jabeek, eta arraberritzen lan handiak egin zituzten; ganerra eta barnea berregin zituzten, eta igerileku bat ere eraiki dute. Herriko etxeak gutun bat igorri die, operazio horren izaera espekulatiboa salatuz. Arño Gaztanbide Aiherrako auzapezak salatu du «herritarrek ezin dutela erosi holako preziotan» eta prezio hori erreferentzia gisa hartzen ahalko dela hemendik goiti. Nolanahi ere, auzapezak argi utzi du herriko etxeak ez duela eskumenik salmenta hori saihesteko.

Azken hemezortzi urteetako 'xorrotxen' kantuak, disko batean

Hogei urteren ondotik, xorrotxen bigarren diskoa argitaratu du Xiberoako Botzak. Azken bi hamarkadetako maskaradetan pertsonaia horiek abestutako kantuak berreskuratu dituzte. Xiberotar maskaradetan barna, gibelera begiratzeko parada ematen digu lan horrek. Maule eta Barkoxek birritan egin dute maskarada 20 urtez, 2012an Xiberoako ikastolako ikasleek egin zuten eta 2021ean herri orotako herritarrak bildu ziren 'COVID maskarada' egiteko. Baina iraganera ez ezik, bilduma berria gerora begiratzeko ere baliagarria izatea nahi dute elkarteko kideek; izan ere, emazteak xorrotxen ofiziora lotu direla erakusten du 'Xorrotxak II' diskoak. Hemezortzi kantuetatik zazpitan emazteak dira kantari eta beste seietan emazteak nahiz gizonak. Diskoa salgai izanen da Xiberoako hainbat dendetan, eta Xiberoko Botzaren egoitzan.

«Ezin ditut onartu Beskoitzeko herriko etxearen ibiltzeko manerak, ezta herritarrei erran zaizkien gezurrak ere»

Anne-Marie Jocou Beskoitzeko hautetsi ohiak gehiengoak hartu duen erabakia salatzen du. Azken unean jakin zuten gurasoek eta Seaskak, Fabienne Ayensa Beskoitzeko auzapezak ikastolaren lurraren alokatze kontratua ezeztatzea proposatuko zuela abenduaren 18ko herriko kontseiluan. Auzapezaren proposamenaren alde bozkatu zuten hamalau hautetsik, eta lauk kontra. Bozketa bururatu bezain laster aurkeztu zuen dimisioa Jocouk, herriko etxearen jarrera salatzeko. Hautetsi ohiaren ustez, ikastolarekiko «errotiko haustura» horrekin, herriko etxearen «euskararen kontrako jarrera argitan eman da». Seaskako arduradunek azaldu dutenez, ez dute «beroan-beroko» ihardukirik emanen Beskoitzeko herriko etxearen erabakiari. Ikastolako guraso eta partaide guztiekin bilduko dira aterabide bat atzemateko, eta sei hilabeteren buruan ikastola legez kanpo gelditzea saihesteko.

«Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean»

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko baitzen Ipar Euskal Herrian GALen eraso eta bahiketa garaia. 1983 eta 1987 artean ehun atentatu, 27 hildako eta hamarnaka zauritu eragin zituen espainiar Estatuko 'estoldetatik' antolatutako talde horrek. 'Gerra zikinaren' azken hildakoa Bidarrain izan zen; 1986an, Cristobal Machicote artzainari eta bere 16 urteko ilobari eraso egin zien GALek. Garai horretan «izu egoeran» bizi zirela kontatu digu Dominika Daguerre garaiko lekukoak eta Errefuxiatuen aldeko komiteko kide ohiak: «Hiru urteko izu estrategia jasan genuen espainiar gobernuaren eta poliziaren eskutik».

EAJko zuzendaritza Lapurdin izan zen atzo

Uztaritzen egin du EAJren Euskadi Buru Batzarrak bere asteroko bilkura, eta arratsaldean Miarritzeko talde lokalaren aurkezpena egin dute. Horrez gain, goizean Itsasuko etxalde baten bisita egin eta 1963ko Itsasuko Aberri Egunaren oroitarrian omenalditxoa egin zuten. Gaur egun zazpi herri biltzar ditu EAJk Iparraldean eta, orotara, 120 alderdikide inguru. Heldu den urtean bi hauteskunderi buru egin beharko diote jeltzaleek, Euskal Autonomia Erkidegokoei eta Europako legebiltzarrekoei. Azken horiei begira oraino ez dute argitu zein aliantzarekin bat eginen duten Ipar edo HegoEuskal Herrian. 2019an Eskualde eta Herri Solidarioak aliantza babestu zuen Iparraldeko EAJk, eta Hegoaldean Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa sortu zuten. Euskal Autonomia Erkidegoko bozen kasuan, lehia estua aurreikusten dute azken neurketek EAJ eta EH Bilduren artean. Horren kari, eraberritze nabarmena gauzatu dute jeltzaleek beren hautagai zerrendetan.