Sasoi onean eta Europara begira abiatuko du Osasunak aurtengo zangobaloi liga

Osasuna, Iruñeko futbol taldeak, sasoin berezia abiatuko du sartze honetan. Batetik igandean hasiko du bere ibilbidea Espainiako lehen mailako futbol liga Vigoko Celtaren kontra eta bestalde, Europako Conference txapelketan ere jokatuko du. Jagoba Arrasateren taldeak, iaz Espainiako Errege kopako finalera heldu zen Real Madrilen kontra, eta, ligan, zazpigarren bururatu zuen sasoia. Ondorioz, Europan jokatuko du, eta aitzin kanporaketa agorrilaren 24an Belgikako Brugges edo Islandiako Akureyraren kontra. Goiz Berrin ukan dugu Jagoba Arrasate, Osasunako entrenatzaile:

Hiri Besta eta Euskal Besta ospatuko dute hendaiarrek asteburu honetan

Hiri besta egunak izanen dira ostiral eta larunbat honetan, eta Euskal Bestaren txanda izanen da igandean. Elkarteek garrantzia berezia dute agorrileko besta egun hauetan, herri erdian zehar banatuak diren hamaika elkarteren egoitza edo txosnetan izaten baitira animazio gehienak. Horretaz gain, banda edo txarangak elkarte horien artean ibiltzen dira egunero. Hiri bestak 20 urte inguru ditu, Euskal besta berriz mende batetik hurbil den ospakizuna da. Jakin behar baita Hendaiako bestak, bixintxoak, urtarrilean direla, hauek beraz ez dira hendaiako besta nagusiak.

Frantziako Pilota Federakuntzaren aste nagusia Amikuzen abiatuko da

Iparraldeko Batzordeko finalaren errebantxa izanen dute pilotazaleek igande honetan Donapaleuko plaza laxoan. Goizean, erreboteko finala, lehenik, angeluarrak, donibane-lohitzuindarren kontra, eta arratsaldean, esku huskako finala, Tikoipe-Mendiburu amikuztarren eta Azkona-Jauregiren senpertarren aurka. Iparraldeko finalean,lapurtarrek irabazi zuten Kanboko plazan. Errebantxa zuzenean segitzen ahalko duzue Euskal Irratietan, igande honetan 17.00etatik aitzina.

Birus tropikalen agerpenak areagotuz doaz Ipar Euskal Herrian

Klima aldaketarekin eritasun tropikalak Euskal Herrira heldu dira. Momentuz kasu gutti badira ere, denge autoktonoa agertzen hasi da Frantzian. Duela bi egun, Baionan denge kasu bat agertu zen, eta eritasun hori zabaltzen duten tigre muztikak desagerrarazteko plana abiatu zuen ARS Eskualdeko Osasun Agentziak. Dengea, kasu gehienetan, asintomatikoa da, baina sukarra, buruko nahiz gijarretako mina edota larruazaleko erupzioak eragin ditzake.

Okupazioak segitzen du Senpereko Olha etxaldean

Joan den ostegunean ezustekoan jakin zuten, Olha etxaldea saldua izan zela. Egoera salatu zuten Urruñan, notarioaren etxean. Salmenta egina bada ere, okupazio ekintzarekin segitzea adostu dute Lurzaindia eta ELB sindikatuko kideek, Ostia eta Senpertarrak kolektiboekin batera. Larunbat honetan familien eguna antolatu dute. Bazkaria izanen da, ondotik animazioak eta, aratsean, Lumi eta Haira taldeen kontzertuak.

Uztaileko turismoa doi bat apaldu da Iparraldean

Iragan uztailean ez da uste bezain beste bisitari hurbildu Ipar Euskal Herria. Lapurdiko kostaldean %6 jeitsi da turisten etorrera, iazko sasoiarekin alderatuz. Barnealdean, aldiz, beherakada apalagoa izan da. Jaitsieraren arrazoi nagusia inflazioa izan da; izan ere, erosahalmen ertaineko familiek kontsumo maila apalagoa ukan dute, eta gainera, erosahalmen handiagoko familiek atzerrira jo dute bidaiatzera. Agorrileko hilabeteari begira, joera berdina goiatatzen da.

Lurrak urte betez berregin ditzakeen baliabideak agortu dira

Urte batez, lurrak berregiten ahal dituen guk kontsumitutako baliabideak agortu dira pasa den asteazkenean, hala nola, ura, elikagaiak, edota erregaiak. Horrez gain, lurrak urte batez xurgatzen ahal dituen hondarkinen neurria gainditu da ere bai. Data hori urtez urte kalkulatzen da, eta Lurraren gainditze eguna deitzen zaio. Aurten agorrilaren 2an izan da. Horren kari, baraualdi sinbolikoa egin zuten Herribiltzako kideek egun horretan.

Milaka sinadura, Avenida zubia berriz ireki dadin

Hendaia eta Irun arteko oinezkoen zubia 2021etik du frantses gobernuak itxia, terrorismoaren aurkako neurrien barnean. Azken urteetan Bidasoaldeko herritar eta hautetsiek hamaika aldiz eskatu dute zubiaren irekitzea, eta aste honetan ekimen berri bat sortu da zentzu horretan. 30 hendaiarrek gutun bat idatzi eta agerraldi bat egin dute, itxiera zentzugabea salatuz eta herritarren harremanak eta lasaitasuna trabatzen dituela argudiatuz. Hendaiar talde horrek gutuna igorri dio prefetari, eta interneten petizio bat abiatu dute. Lehen hiru egunetan, 1.900 sinadura baino gehiago bildu dituzte.

Etxebizitza problematika: bizitegia atzemateko azken egunak ikasleentzat

Hogei egun besterik ez. Ikasturte berrirako etxebizitza atzemateko azken egunak dituzte kanpora ikastera doazen ikasleek. Baxoa gainditu dutenek jada beren Parcoursup-eko hautuak egin dituzte; batzuk desio zuten eskola ukan dute, beste zonbaitek ez ordea. Usu tentsio handiko hirietan ez da erraza bizitegi eskuragarriak atzematea. Hori dela eta, CROUS ikasle-egoitza publikoak ireki dira errate baterako, eta lokaviz.fr gisako webgunean sortu dira ikasleei zuzendu apartamendu pribatuak xerkatzeko.