Misja Medycyna fundazio poloniarrak, Ukrainiarekiko elkartasun deia luzatu du Ipar Euskal Herrian eta Landetan. Sendagailuak bildu nahi dituzte Ukrainian zauritutako pertsonak artatzen laguntzeko. Gure lurraldetik kamioi osoa bat igortzea dute xede, zuzenki gerla egoeran diren lurraldeetako ospitaleak hornitzeko. Iragan irailean Baigorrin egin zuten bezala, haur ukrainarren aldeko elkartasun kantaldia antolatu dute Bidarten, Euskal Herriko eta Ukrainiako hainbat kantarirekin.
Lehen aldiz Ipar Euskal Herriko filma bat, egun berean, Euskal Herri osoan estreinatuko da. Josu Martinez baigorriarraren 'Bizkarsoro' bost laburmetraiez osatutako filma da, eta euskal hiztunek 1914 eta 1982 artean jasan duten jazarpena du hizpide. Bost urteko lanaren emaitza izan da, Baigorriko berrehun bat biztanleren parte hartzeari esker egin dena. Urtarrilaren 12an Baionan, Donibane Lohitzunen, Kanbon, Donibane Garazin eta Maulen ikusgai izanen da Ipar Euskal Herrian.
Galiziako kostaldea inbaditu dute plastikozko bolatxoek. Abenduaren 8an, Toconao itsasontziak bere zamaren zati bat galdu zuen bidaian, eta 25.000 kilo bolatxo isuri zituen itsasora. Bolatxo horiek euskal kostaldera heltzeko probabilitatea aztertzen ari da AZTI ikerketa zentroa, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Euskal Hirigune Elkargoak ere segipen zelula bat sortu berri du, kutsadura horrek Lapurdiko kostaldean ukan dezakeen eraginari aurre hartzeko. Zentzu horretan, AZTIk eta Bidarteko Rivages Pro Tech ikerketa zentroak indarrak elkartuko dituzte.
«Kapitalismo berde» deritzonari segika, auto elektrikoen industriak bere lekua egin du merkatuan. Sail horrek bizi izan zuen gorakada, ez da uste bezain irmoa. Hori dela eta, finantzaketa publikoaren bidez azkartu nahi izan dute auto hauen salmenta. Zentzu horretan, aurten ere, elektrikora iragateko laguntzak proposatuko ditu Frantziako gobernuak, 'Bonus ekologikoaren' barnean. Laguntza eskuratzeko auto berriak ez du 2,4 tonako pisua gainditu behar, ezta 47.000 euroko kostua ere ez. Auto elektrikoen salmenten heina %14 emendatu zen iazko urtean.
Tabako bulegoek ehiza munizioa saltzen ahal dute iragan urtarrilaren lehenetik. Frantziako Barne ministerioak ehiztarien eta tabako saltzaileen federazioarekin adostu du legea. Tabakoaren prezioaren igaiteak, saltzeko nekeziak eragiten dituenez eta Hegoaldeko saltzaileekin lehia handia denez, dibertsifikazioa azkartzea erabaki dute. Aldi berean, landa eremuan ez dira ehizan berezitutako saltegi anitz, eta beraz, tabako bulegoen azpiegitura baliatzeak ehiztariak lagundu ditzake. Nolanahi ere, neurria ez da tabako saltzaile ororen gustuko, izan ere formakuntza bat egin beharko dute eta zaman bat gehiago gehituko baitzaie.
Larunbat honetan iraganen da Bilbon, urte oroz euskal preso politikoen alde egiten den manifestaldia. Aurten, «konponbiderako giltzak» izanen da lelo nagusia. Gaia aipatzeko, Anaiz Funosas, Bake Bideako kidea izanen da goiz berriko gomita 8etatik landa. Jakin, autobusak antolatuak direla ipar Euskal Herritik ere, Bake Bidearen webgunean atzemanen duzue lotura izena emateko.
FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak. 177 ikus-entzunezko ekoizpen aurkeztuko dituzte, horien artean, Itziar Leemans Donibane Lohizuneko zinegilearen «Olatuak» dokumentala. Aurten, hainbat dokumental ikusten ahalko dira euskarazko azpitituluekin. Antolatzaileek parte hartze handia aitzinikusi dute, jakinez 2023an 32.000 ikusle bildu zituela Miarritzeko dokumental jaialdiak.
OIP Nazioarteko Presondegietan Behatokiak 2023 urteko bilana aurkeztu du. Abenduaren lehenetik atxilotuak diren 75.000 pertsonetatik, 50.000 inguru %148,5eko okupazio tasa duten presondegietan dira, eta 2.748 lurrean ezarritako matalazetan lo egiten dute. Egoera are arranguragarriagoa da Frantziako hamaika presondegietan, okupazioa %200era heltzen baita. Emazte eta adingabe presoen kopurua egonkor segitzen du, %3,7ko eta %0,8ko heinetan, hurrenez hurren. Presondegien gainpopulatzearen ondorioz, Europako Giza eskubideen auzitegiak bi aldiz kondenatu du frantses Estatua, 2020an eta iazko uztailean. Maite Etcheverria OIP elkarteko kidea Goiz Berri saioko gomita izan da.
ELB, Confédération paysanne eta Modef sindikatuetako hegazti hazleek horien arrangurak plazaratu dizkiote Marc Fesneau Laborantza ministroari, hegazti gripearen harira Estatuak ezarri dituen neurriei dagokienez. Hegazti gripeak azkarki kolpatu ditu hazkuntza txikiak, baina zailtasun handienak eritasunari buru egiteko araubideak sorrarazi ditu. Izan ere, kabalak barneetan atxikitzeko manua zabaldu zuen Estatuak. Neurri horrek, kinka txarrean utzi zituen kanpoko hegazti hazkuntzak ttipiak. Haatik, azken hilabeteetan, hazle ttipiendako araubide propio baten esperantza ireki da. Confédération paysann sindikatuak bultzaturik, esperimentazio bat abiatzear da urtarrilean aire-libreko 130 hegazti eta zerri hazkuntzetan, horietarik zortzi Ipar Euskal Herrian. Esperimentazio horren emaitzak aintzat hartuko dituela hitz eman du Fesneau ministroak.
- Etxegabeentzako 40 loleku gehiago ireki ditu Atherbeak
- Gripea, covid 19a, bronkiolitisa... hemen dira neguko eritasunak
- «Langileriaren independentzia politikoa estrategia sozialista baten barnean artikulatzeko sortu da EHKS»
- Gazteak ere «konponbiderako giltza» direla aldarrikatu dute
- Pilota: Sanchezek irabazi du 30. Super Prestige lehiaketa
- Bizitegien problematika hizpide Hendaiako agiantzetan
- Hazkurri Bankuak jaso dituen galdeak %10 hazi dira Iparraldean
- EGUBERRI KANTUZ: Sara Zozaya
- «Aita saintüaren erranen okertze bat egin nahi dü Baionako apezküpüak»