Pazienteri hurbiltzeko Francis Lavigne Developpement enpresak Biarno eta Ipar Euskal Herri barnealdean, bi gune berri zabaldu ditu. Badu 50 urte FLD enpresak oinetako berezituak egiten dituela, eta orain medikuntzako tresneria ekoizten duen enpresa txiki bat erosi dute Itsasun. Peio Harluxet hergaraitarra hamar urtea FLD enpresetako buruetako bat da eta enpresak duen filosofiari arrunt atxikia dela dio: hirietarik urrun diren pazienten etxetaraino joaitea. Handitzen den enpresa da FLD, izan ere, joan den ekainetik hona, bi langileko taldetik hamaikakora iragan dira.
Atzoko, gaurko eta biharko euskal kultura hobeki ezagutzeko ‘Biziaroak’ liburua argitaratu du Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’-ek. Duela ez hainbesteko kultur sozialeko erritual, usaia eta ospakizunen bidez, gaur egungo Euskal Herriko kultura hobeki ulertu eta geroan zer egin behar dugun ulkertzeko helburuarekin idatzi du liburu berria Xamarrek.
Euskal Hirigune Elkargoko bost hautetsi bildu dituzte Euskal Irratiek, agintaldi erdiko bilana egiteko. Erakunde publikoaren aukerak eta mugak ukan dituzte aztergai, eta oro har, lurraldearen aitortzarako garrantzitsua dela atzeman dute denek. Ibilmoldean zer hobetu daitekeen ere ukan dute hizpide. Mahai-inguruan parte hartu dute Daniel Oltzomendi turismo saileko presidente-ordea, Alain Iriart Aturri-Errobiko lurraldeko erreferentea, Peio Etxeleku Errobiko lurraldeko erreferentea, Battitt Laborde mendialdeko ordezkaria eta Jean Jacques Etxeberri Elkargoko kontseilaria.
Ipar Euskal Herriko kolegio publikoetan sail elebiduna sustatzeko komunikazio kanpaina aurkeztu dute. Ikasleak eta gurasoak konbentzitu nahi dituzte Lehen Mailaren ondotik ere, kolegioan sail elebidunaren aldeko hautua egin dezaten. Izan ere, ama eskolatik kolegiora anitz dira elebitasunaren ontzitik jausten diren ikasleak. Lehen mailan 5.700 ikaslek egin dute sail elebidunaren hautua, aldiz, kolegioan 1.600 baizik ez dira. Ipar Euskal Herrian diren hemezortzi kolegioetatik hamabostek proposatzen dute aukera elebiduna gaur egun. Kanpaina sare sozialetan hedatuko da bereziki ikus-entzunezko baten bidez, eta informazio bilkurak antolatuko dituzte gurasoekin.
Heldu den astelehenean eztabaidatuko du Frantziako legebiltzarrak Darmanin legea. Azken hamarkadetan etorkinen eskubideak gehien murriztu dituen legea izanen da Etorkinekin-Diakité federaziokoen arabera. Besteak beste, paperik gabekoei AME Estatuko osasun laguntza kenduko die, lan egiteko edo ikasteko urtebeteko baimenak zorroztu eta kanporaketak erraztu. Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna izanki mobilizazioak izanen dira Frantzia osoan. Ipar Euskal Herrian abenduaren 16an Izpegin elkarretaratzeko deia luzatu du Etorkinekin-Diakiték.
Urteroko argazki jendetsua utzi du Durangoko azokak bere lehen egunean. Atzo ireki zituen ateak eta igandera bitarte azoka «anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa» izanen dela erran dute antolatzaileek. Aurten 950 berritasun aurkeztuko dira azokan, horien artean 39 Ipar Euskal Herriko sortzaileenak. Euskal Kultur Erakundeak lagundurik, Iparraldeko hamabi egitura presente izanen dira Landako gunean; baina aldi honetan ez dira denak elkarrekin izanen, musikagintzako profesionalak musikarien gunean izanen baitira, horien artean, Matthieu Harambourek sortutako Belarri diskoetxea.
44 metro goratasun duen antena batek arrangura piztu du Akamarren. 2024ko otsailean martxan egonen da, eta Christine Serres-Cousiné auzapezaren erranetan, Akamarren «behar-beharrezkoa den tresna izanen da gune xurien estaltzeko». Herriko etxearen arabera antena horrek 4G-a hedatuko du bakarrik. Herritar kolektibo batek helegitea pausatu zuen Paueko auzitegian, asteazken honetan aztertzekoa zena. Baina, ororen buru, TDF enpresak auzian galdegindako 4.000 euroko kalte ordainak ordaintzeko lanjerra saihesteko, gibelera egin dute. Biztanle kolektibo horren arabera, auzapezak ez die haien iritzia galdegin antena ezarri aitzin. Inguruko paisaian lukeen eragin ezkorra azpimarratzen dute, eta jada milako bat sinadura bildu dituzte haren ezarpenaren kontra.
Agintaldi erdira heldu dira Iparraldeko herriko etxeak, eta Urruñan, kanpaina garaian hitz emandako proiektu gotorrenak abian direla defendatu du Filipe Aramendi auzapezak. Trantsizio ekologikoa, ondare naturala eta eraikin publikoen egokitzea izan ziren gehiengoa erdietsi zuen zerrendaren ardatz nagusiak. Oposizioa, aldiz, kritiko agertu da azken hirurtekoko kudeaketarekin, eta auzapezak ere onartu du egitasmoak uste baino emekiago garatu direla. Herritarren parte hartzea bultzatzeko xedez, 'Herritarren biltzarra' sortu dutela azaldu du Aramendik, eta etxebizitzaren gaineko arazoa arintzeko, lurren erosketari ekin diote, lur-jabe pribatu eta promotoreekin negoziatu behar ez izateko,
«Bi pauso aintzina, eta bat gibelera» egitearen sentsazioa du Seaskak. Hezkuntza ministerioak brebetako azalpen oro frantses hutsean ematea deliberatu zuen iragan astean, nahiz eta ikasleek euskaraz ihardukitzeko eskubidea izanen duten. Edouard Geffray eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendari nagusiak argudiatu duenez «seguritatea eta zuzentasuna» bermatzeko hartu dute erabaki hori. Joan den urtean galderak euskaraz ukan zituzten ikasleek, ez ordea oinarrizko testuak. Seaskak, ikasleen «hizkuntza eskubideak» berriz ere urratuak izanen direla salatu du
- 'Xirrist', tresna berri bat haurrak xistera jokoan aritu daitezen
- «Elbarritasun egoeran diren pertsonak gizartean onartuak eta normaltasunez tratatuak izan daitezen lan egiten dugu»
- Hamar proposamen, Baionako besten giroa hobetzeko
- Pilota esku huska: hasiera baino bukaera hobea izanen du Iparraldeko txapelketak
- Maskarada bueltan da Pagolan ehun urteren ondotik
- «Emazte horiek errientsak ziren, baina baita herrizaleak ere»
- «Haurrentzako liburu zenbait xiberotarrera egokitzen hasi gira Mauleko mediatekan»
- Etxebizitza hutsen arazoari ekinen dio Aldak
- KaioLan | Hautu onak eginez laborantzatik bizi daiteke