Biarritz Olympique hirugarren mailara jaistearekin zigortu dute

Biarritz Olympique errugbi taldeak ProD2 maila galdu du eta Nazional mailara jaitsi da, bere egoera finantzario larria dela eta.  Hala agindu du astelehen honetan LNR Errugbiko Liga Nazionalak, behin behineko zigor administratiboaren bidez. Milioi bat euro behar ditu Miarritzeko taldeak errugbi profesionalean segitu nahi badu heldu den sasoian. Frantziako txapeldun handien artean izan den klub miarriztarrak bere aldetik helegitea pausatuko duela erran du ohar bidez, eta kirol agintaritzarekin lankidetzan aritzeko borondate duela gehitu du. Herriko etxeak bere sustengu osoa adierazi dio klubari, baina ez du finantzamendu mailan laguntzeko engaiamendurik erakutsi. Mikel Amilibiak esatari edo speaker lanak egiten ditu etxeko partidetan. Ez du sorpresaz hartu erabakiak. «Ostiraleko partidan jakin genuen berria. Zurrumurru anitz badira baina egoera hau ez da berria. Ez dut uste mailaz jaitsiko garenik, atzemanen da konponbide bat».

ErrobiL heren-gune soziala estreinatu dute Itsasun

ErrobiL heren-gune sozialaren estreinaldia ospatuko da larunbat honetan Itsasun. Materialaren berrerabiltegi solidarioa eta konpontze tailer soziala ireki zuen Aiba elkarteak joan den urtarrilean lehengo La Nive arta zentroan. Etxetresna elektriko edo xintxuketa materiala han utz daitezke eta bertako teknikariek ikusten dute berrerabilgarri direnez behardun bati prezio apalean saltzeko. Horrez gain, edonor tailerrera joan daiteke bere materiala konpontzeko, teknikarien kontseiluei esker elkarteari kidetuz. Estreinaldia larunbat goizean egin dute. Gune berriaren bestan horretan, bisita gidatua, ekitaldi ofiziala eta animazioak lerrokatuko dira.

Azpiegitura berriak Eiheralarren, herriko demografia azkartzeko

Azpiegitura berriak Eiheralarren apalkuntza demografikoari arrapostua emateko. Joan den ebiakoitzean, herritar eta hautetsiak Eiheralarreko karriketan gaindi ibili ziren herrian egin obren estreinaldiaren kari. Departamenduko kontseilua eta Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzari esker, karrika berri bat, sei etxebizitza sozial, ur araztegi berria, eta josta leku bat eraiki dituzte herrian. Proiektuaren jatorrian arrangura bat, 700 biztanleko galera joan den mendean. Hau dela eta, herritarren atxikitzeko xedearekin, herriko etxeak bere zentroa gararaztea erabaki du. Lehen obra horien ondotik, Pascal Iribarne auzapezak garapena segitzeko xedea adierazi du. Bizikleta ibilbide bat eta jarduera ekonomiko eremu bat proiektuetan dira jadanik.

Hizkuntza politikan «jauzi bat» eman dezan galdegin diote Euskal Hirigune Elkargoari

Euskal Herrian Euskaraz eta Baionako Etxepare lizeoko Terminaleko ikasleak bildu dira ostiral huntan Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin. Euskararen kontrako egoera bidegabeak publikoki salatzea galdegiten diete Euskal Herriko hautetsiei. Jean-René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Antton Kurutxarri Hizkuntza lehendakari ordea eta hizkuntza arduradunekin elkartu dira EHE Euskal Herrian Euskaraz eta Baionako Etxepare lizeoko Terminaleko ikasleak ostiral huntan Baionako Elkargoaren egoitzan. Euskal Herriko hautetsiei galdetzen diete salatzea herritarrek epaiketetan ez deklaratu ahal izaitea. Ikasleek azterketak euskaraz ez pasa ahal izaitea. Eta Euskal Herriko herrien euskal izenak ez ofizialak izaitea. Hori lehentasunez eta bigarren jauzi gisa, kulturan euskal kulturari lehentasuna emaitea galdetzen diete ere eta euskara ikasi nahi duten heldu guziek euskarazko kurtsoak kitorik hartu ahal izaiteko baldintzak sortzea.

 

Marieniako lurra zaintzeko zina egin dute Kanbon

Kanboko Marieniako lurren defenditzeko landatze egunak arrakasta erdietsi zuen larunbatean. Bostehun pertsona bildu ziren lur hauetan, makila eskuan. Makila horiek «irabazia izanen den bataila baten berme» gisa izendatu zituzten hitzartzean. Lur sagarrak, piper eztia eta kuiak landatu zituzten hektarea bat eta erdiko lur batean. Ondotik auzolanari esker zainduko dituzte barazki hauek. Sinbolo azkarretik haratago, laborantzako lurrak defendatzen dituzten militanteek erakutsi nahi izan dute Marieniak hazkurri lurrak direla. Auzitegian, Euskal Hirigune Elkargoko abokatuak erran zuen ez bezala. Marieniako lurrez gain, beste borrokak batu dira larunbateko egunera. Baztango Aroztegia proiektuaren kontrako kideak hor ziren baita Biarnon E-CHO deskarbonizazio xedearen kontrako CADE elkartekoak ere. Bouygues Immobilier promotorearen proiektua salatzeagatik hiru militanteren kontrako auzia oroitarazi dute, irailaren 9an, Kanboko kontseiluan egindako protesta baten harira. Bestalde joan den astean, 2022an Bouyguesen maketa bat lurrez estaltzeagatik zorrozkiago kondenatu diren militanteen sostenguz kutxa bat ireki du Ostia sareak.

Hamar egun pantailak itzali eta gogoak pizteko

Hamar egunez pantailak itzaltzeko desafioa abiatu da. Maiatzaren 22a arte ’10 egun pantailarik gabe’ erronka gainditzen saiatuko dira ipar euskal herriko 2.445 haur. Aurten 25 ikastetxek segitu dute mugimendua. Astearte honetan hasi da erronka, 10 egunez telebistarik, tabletarik edo bideo jokorik gabe bizitzen ikasiko dute haurrek. Bidarteko Uhabia ikastolan 10 eta 11 urte arteko haurrek serioski hartzen dute desafioa, baina ez da beti erresa. "Pantailak asko begiratzen ditut, joko bideotan ari naiz eta Youtube begiratzen dut" erran digu Uhainak. Desafioaren garaian, pantailen ordez marraztu, irakurri edo familian mementoak pasatzeko aukera dela erran digu ere. Ikastolatik abiatzen da xedea baina etxean gurasoek ere badute zeregina pantailen kudeaketan. Kattalin Duhalde Uhabia ikastolako zuzendariak erran digu desafio handiena etxean dutela haurrek. Erronka segitzeko, haur bakoitzak liburuxka batean zehazki idatzi behar du zenbat kontsumitzen dituen pantailak egunez egun. 10 egun pantailarik gabe mugimendua sustatzen duen elkarte bat sortu zen Ipar Euskal Herrian, horren kudeatzailea da Eneko Jorajuria. Pantailen eragin ezkorra gaur egun frogatua dela erran digu "Zientifikoki erakutsia da. Eragina badu osagarrian, sedentario izatea, aktibitate fisiko gutiago, loa ere kaltetua da, ikusmena, eta beraz badugu zerbait egiteko gizarte mailan". Desafioaren ondotik, haurren eta gurasoen usaiak aldatzea espero da.

Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia da Euskaraldia

Abiatu da 2025eko Euskaraldia eta Euskal Herriko hiriburu desberdinetan abiatze ekitaldiak antolatuak ziren Baionan bezala. Testu bera irakurri dute. Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia da, ilusioa banatuz, erabileran jauzia ematekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta. Oraindik ere izen emaitea posible da eta txapak har daitezke aurtengo Euskaraldian parte hartzeko Ahobizi edo Belarri prest gisa aritzeko.

Zilia Heredia-Irigoien: «Euskaraldia ez da besta bat, ariketa baizik»

Gaur abiatuko da Euskaraldia Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, euskararen aldeko ariketa gisara. Euskaraz lehen hitza egin, eta euskaraz solasaldiak naturaltasunez egiteko ekimena da. Hizkuntz usaiak edo ohidurak aldatzea du xede Euskaraldiak, eta horren karira, hainbat ekitaldi antolatuko dira herri eta auzoetan. Zilia Heredia-Irigoien, Euskaraldiaren Ipar Euskal Herriko sustatzailearen: "Euskara ahalik eta toki gehienetan entzunaraztea da xedea, iragaiten den hamaika egunetan, gure plaza eta karriketan. Eta modu batez euskararen aldeko mugimendu bat sortzea". Baionan ostegun arratsaldeko honetan eginen da Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia arratsaldeko zazpietatik goiti, Patxa plazan.

«Pepe Mujicak ezkerra etikoki berreraiki nahi izan zuen»

Jose Alberto "Pepe" Mujica, Uruguaiko presidente ohia (2010-2015), zendu da 2025eko maiatzean, hamar urte baino gehixeago lehenago kargua utzi zuenetik. Bere azken agurrean, herriarekiko maitasuna eta engaiamendua nabarmendu zituen, eta heriotzaren ostean, Hego Amerikako ezkerreko nahiz eskuineko agintarien arrapostu zabal eta hunkigarria ukan du. Lider politiko anitzek azpimarratu dute haren eredugarritasuna, umiltasuna, eta justizia sozialaren alde egindako lana. Besteak beste, Brasilgo presidentearen hitzetan, Mujicak kemena eta goxotasuna uztartu zituen; Mexikoko presidenteak, berriz, haren jakinduria eta apaltasuna nabarmendu ditu. Euskal jatorria zuenez, Euskal Herriarekin harreman estua izan zuen, eta han ere dolumin ugari ukan ditu. Euskal ordezkari politikoek haren engaiamendu militantea eta etika goraipatu dituzte. EH Bilduko Arnaldo Otegik adierazi du Euskal Herriak ez duela ahantziko, eta Montevideoko hiletara joanen da. Hiri horretako karriketan eginen zaio azken agurra, Legebiltzarrean herritarrek agur esan ahal izan diezaioten, eta ondoren erraustuko dute.