Hamar egunez pantailak itzaltzeko desafioa abiatu da. Maiatzaren 22a arte ’10 egun pantailarik gabe’ erronka gainditzen saiatuko dira ipar euskal herriko 2.445 haur. Aurten 25 ikastetxek segitu dute mugimendua. Astearte honetan hasi da erronka, 10 egunez telebistarik, tabletarik edo bideo jokorik gabe bizitzen ikasiko dute haurrek. Bidarteko Uhabia ikastolan 10 eta 11 urte arteko haurrek serioski hartzen dute desafioa, baina ez da beti erresa. "Pantailak asko begiratzen ditut, joko bideotan ari naiz eta Youtube begiratzen dut" erran digu Uhainak. Desafioaren garaian, pantailen ordez marraztu, irakurri edo familian mementoak pasatzeko aukera dela erran digu ere. Ikastolatik abiatzen da xedea baina etxean gurasoek ere badute zeregina pantailen kudeaketan. Kattalin Duhalde Uhabia ikastolako zuzendariak erran digu desafio handiena etxean dutela haurrek. Erronka segitzeko, haur bakoitzak liburuxka batean zehazki idatzi behar du zenbat kontsumitzen dituen pantailak egunez egun. 10 egun pantailarik gabe mugimendua sustatzen duen elkarte bat sortu zen Ipar Euskal Herrian, horren kudeatzailea da Eneko Jorajuria. Pantailen eragin ezkorra gaur egun frogatua dela erran digu "Zientifikoki erakutsia da. Eragina badu osagarrian, sedentario izatea, aktibitate fisiko gutiago, loa ere kaltetua da, ikusmena, eta beraz badugu zerbait egiteko gizarte mailan". Desafioaren ondotik, haurren eta gurasoen usaiak aldatzea espero da.
Abiatu da 2025eko Euskaraldia eta Euskal Herriko hiriburu desberdinetan abiatze ekitaldiak antolatuak ziren Baionan bezala. Testu bera irakurri dute. Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia da, ilusioa banatuz, erabileran jauzia ematekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta. Oraindik ere izen emaitea posible da eta txapak har daitezke aurtengo Euskaraldian parte hartzeko Ahobizi edo Belarri prest gisa aritzeko.
Gaur abiatuko da Euskaraldia Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, euskararen aldeko ariketa gisara. Euskaraz lehen hitza egin, eta euskaraz solasaldiak naturaltasunez egiteko ekimena da. Hizkuntz usaiak edo ohidurak aldatzea du xede Euskaraldiak, eta horren karira, hainbat ekitaldi antolatuko dira herri eta auzoetan. Zilia Heredia-Irigoien, Euskaraldiaren Ipar Euskal Herriko sustatzailearen: "Euskara ahalik eta toki gehienetan entzunaraztea da xedea, iragaiten den hamaika egunetan, gure plaza eta karriketan. Eta modu batez euskararen aldeko mugimendu bat sortzea". Baionan ostegun arratsaldeko honetan eginen da Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia arratsaldeko zazpietatik goiti, Patxa plazan.
Jose Alberto "Pepe" Mujica, Uruguaiko presidente ohia (2010-2015), zendu da 2025eko maiatzean, hamar urte baino gehixeago lehenago kargua utzi zuenetik. Bere azken agurrean, herriarekiko maitasuna eta engaiamendua nabarmendu zituen, eta heriotzaren ostean, Hego Amerikako ezkerreko nahiz eskuineko agintarien arrapostu zabal eta hunkigarria ukan du. Lider politiko anitzek azpimarratu dute haren eredugarritasuna, umiltasuna, eta justizia sozialaren alde egindako lana. Besteak beste, Brasilgo presidentearen hitzetan, Mujicak kemena eta goxotasuna uztartu zituen; Mexikoko presidenteak, berriz, haren jakinduria eta apaltasuna nabarmendu ditu. Euskal jatorria zuenez, Euskal Herriarekin harreman estua izan zuen, eta han ere dolumin ugari ukan ditu. Euskal ordezkari politikoek haren engaiamendu militantea eta etika goraipatu dituzte. EH Bilduko Arnaldo Otegik adierazi du Euskal Herriak ez duela ahantziko, eta Montevideoko hiletara joanen da. Hiri horretako karriketan eginen zaio azken agurra, Legebiltzarrean herritarrek agur esan ahal izan diezaioten, eta ondoren erraustuko dute.
Aurelia Arkotxa idazlea omenduko dute aurten Ziburuko euskal disko eta liburu azokan. Baltsan elkarteak eta Argia komunikabideak antolaturik VI. edizioa ospatuko du euskara hutsezko lanak biltzen dituen azokak eta aurten 43 argitaletxe edo diskoetxe eta auto ekoizlek parte hartuko dute, iaz berrogei izan zirelarik. «Euskaraz, bagara» lelopean, ekainaren 7an, Ziburuko plaza euskara hutsez betetzera dei egiten dute antolatzaileek eta azokaz gain 4 gune prestatu dituzte egun osoko egitarau bat proposatuz. Ziburuko euskal liburu eta disko azokaren baitan antolatua den 'Azokaroak' ere aitzina segitzen du eta heldu den maiatzaren 19an, "Euskaraz sortuz (duin) bizi?" izenburuko mahai ingurua eskainiko dute Euskal Irratiek, arratsaldeko 19:00etan, Lanarteako Amagoia Gurrutxaga eta Axut antzerki konpainiako Ximun Fuchsekin.
Elkar Fundazioak 2025eko sariak iragarri ditu: Ibilbideari elkar saria Zenbat Gara elkarteari emanen dio, eta Proiektuari elkar saria Kanaldude herri telebistari. Lehenen sariztatua 1990eko hamarkadan sortu zen Bilbon, eta euskararen aldeko ekimen ugari bultzatu ditu azken hamarkadetan, horien artean, Gabriel Aresti euskaltegia, Kafe Antzokia edota Bilbo Hiria Irratia. Euskal Herriko hiriburu jendetsuenean euskal komunitatea trinkotzeko eta euskal kultura hirigunean sustatzeko egindako lanagatik jaso du saria. Bestalde, Kanaldude telebistak, Ipar Euskal Herriko erreferentziazko euskarazko telebistak, euskal kulturaren alde egiten duen lana goraipatu nahi izan du elkar Fundazioak Proiektuari elkar saria eskainiz. 1997an sortu zen Aldude ibarrean tokiko telebista gisa, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Gaur egun telebista zabala da, Iparraldean hedatua eta Internet bidez edonon ikus daitekeena; hainbat operadoreren eskaintzaren bidez ere zabaltzen dute seinalea. Sariak ekainaren 3an emanen dira, 18:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.
Berrehun bat lagun bildu ziren atzo eguerdian CGT, LAB eta FSU sindikatuek antolatu funtzio publikoaren grebaren karietara. Manifestazioa iragan zen Baionako ospitaletik Euskal Elkargoko egoitzaraino. Hor ziren ospitaleko langile, irakasle, etxez etxeko langile, hezitzaile edota ATSEM langileak. Lan baldintza gero eta okerragoak salatu dituzte. Frantziako Gobernuak aurrekontu lerroetara murrizten dituela gaitzetsi dute ere, tokian tokiko errealitateak ez kontuan hartuz eta onura soziala mespretxatuz. Marie Pierre Etxebarne Ospitaleko CGTko ordezkariak adierazi duenez, «lan baldintzen makurtzea agerikoa da; arta beharretan diren hamabost pertsona eri bere gain hartu behar dituelarik langile batek, ez du denborarik haiekilan mintzatzeko ere». Pribatizazioak prekarizazioa bortxaz ekartzen duela diote sindikatuek, eta publikoan kontsiderazio eza nagusitzen ari dela gaitzetsi dute. Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza nagusiraino joan da ospitaletik abiatu den manifestazioa. UNSA sindikatuak ere, bere aldetik, beste elkarretaratze bat antolatu du ospitalean, ber egunean, baina berantago.
Bankara arribatzean Baigorritik, berehala ikusten ahal da xantier handia eskuinaldean, errekaren bestaldean. Hor, lehengo meategien langileen lo tokian, Olha proiektua muntatu dute. Bankako Olha heren-gunearen lehen harria pausatu zuten asteartean. Bankan, herriaren sartzean, 600 metro karratuko bastiza eraikiko dute, Euskal Hirigune Elkargoaren gidaritzapean. Espazio desberdinetan zatiturik izanen da: Kintoa Etxea, sor-markaren eta promoziorako bulegoekin. Horren ondoan, enpresendako bulegoak, bilkurendako gelak eta coworking bulego partekatuak ere bai. Gune berri horrekin Aldudeko ibarraren bizi ekonomikoa bultzatzeko xedea dute erakunde publikoek, eta hori dela eta, saltegi batzuentzako tokia ere irekiko dute. Lehen harria pausaturik, lanak 2026ko udan bururatzea espero dute. Ideia da ekonomia bultzatuz, Aldudeko balearen biziaraztea. AIBA Aldudeko Ibarra Beti Aitzina elkarte horrek ditu bulegoak eta gelak kudeatuko. 3,4 milioi euroko proiektua da orotara. Obrak nahiko lituzkete bururatu 2026ko udarako. V2S arkitektura bulegoak garatu du eraikin berriaren proiektua.
2026ko herriko bozetara aurkeztuko diren hautagaiak hasten ahal dira jada Klimaren eta biztanleen aldeko ituna aztertzen. Azken urte hauetan bezala, hautetsiengandik engaiatzea galdegiten dute sei gaietan: etxebizitza, garraioak, energia, elikadura, ekonomiaren birtokiratzea eta guzti horren aldeko baliabideak hartzea. Orotara hemeretzi neurri konkretu proposatzen ditu Bizik, adibidez kolektibitatearen energia kontsumoa murriztea, garraio publiko egokiagoak garatzea, etxebizitzak sortzea lur eremu berririk kontsumitu gabe. Itun horrekin eta neurriak plantan ezarriz, hautagaiak engaiatuko dira «herritarrei etorkizun bizigarri bat bermatzera». Ez da lehen aldia Bizik lobby lana egiten duela hauteskundeen karietara. pasa den agintaldian 80 zerrendak bat egin zuten proposamenekin, azkenean 46k bakarrik izenpetu zuten. Sei urte berantago Biziko kideek argi dute herriko etxeen parte handi batek ez dituela bete hitzemandako neurriak. Lilas Dinclaux militantearen arabera: «Ikusi dugu, beharrik, hainbat herrik zintzoki jokatu zutela, baina maluruski aski gutxi izan dira, ikusiz egoeraren larritasuna. Ez gira oraindik beharko genukeen heinean eta beraz itun horretan engaiatzea biziki inportantea da eta orain engaiatzea beharrezkoa da justizia soziala eta ekologiaren alde». 2020-2026 bitarteko agintaldien bilana aurkeztuko du Bizik heldu den irailean.
- Xan Brialy: «Funtzio publikoko langileen egoera gero eta okerragoa da Baionako ospitalean»
- Hendaiako plaza berria estreinatu dute
- Bidarten etxe baten salmenta prezioa salatu du Aldak
- Herri Urrats arrakastatsuaren ondotik, mobilizaziora joko du Seaskak
- Batera birsortu dute, Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea erdiesteko xedez
- Euskal kosta ez da eskubaloiko maila profesionalean aritzen ahalko, sos faltagatik
- «Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen»
- Nikolas Blain: «Hirigune Elkargoa lurralde kolektibitate bilakatzea posible da, frantses Konstituzioaren barnean»
- Laugarrenez batuko ditu Izpegik Baigorri eta Baztango gazteak