Baztango eta Baigorriko 11 eta 15 urte arteko gazteek beste behin izanen dute elkar ezagutzeko aukera maiatzaren 24an, Izpegitik gertu den Elorrietako lepoan. Aurten laugarren aldiz antolatuko dira bi ibarretako gazteen arteko topaketak, eta ekimena historiaurrearen inguruan ardaztuko da. Bi ibarren arteko harremanak indartzea da topaketa hauen helburu nagusia. Antton Kurutxarri Baigorriko auzapezak azaldu duenez, «instituzio mailan Baztaneko ibarrarekin gerturatzeko pausoak eman dira azken urteotan, baina orain harreman naturalagoak berreskuratu nahi ditugu, egunerokoan galdu direnak». Bere laguntzaile Betti Bidartek gaineratu du gazteekin lan egitea funtsezkoa dela: “jaiegun batzuetan bai elkartzen gira, baina eguneroko harremanak oso eskas dira.” Maiatzaren 24, Izpegin elkartuko dira ibar bakoitzetik jindako hogeina gazte, berrogei orotara, eta oinez abiatuko dira Elorrietako leporantz.Antolatzaileek espero dute parte hartzaileek etorkizunean ere harremanak mantentzea eta elkarrekin aritzea ekitaldi eta elkarteetan. Izena emateko epea maiatzaren 20an bururatuko da, eta interesdunek honako helbidera idatzi behar dute:
Marrubiaren uzta arrakastatsua izan da aurten. Ekoizpenaren lehenengo zikloan uzta gailurra hunkitu dute baratzezainek. Izan ere, baldintza meteorologiko egokiei esker, ekoizpena linealagoa izan da. Intsektuen erasoari dagokionez, presioa apalagoa izan da, eta horrek landareen osagarria eta fruituen kalitatea mantentzen lagundu du. Ekoizleek intsektuen aurkako neurri prebentiboak hartu dituzte, hala nola, sare babesleak edota intsektu horien predatzaile naturalak baliatzea. Hala ere, klima-aldaketaren ondorioz, intsektuen bizitza zikloa azkartu daiteke, eta horrek mehatxu gehiago ekar ditzake geroan. Egoera horrek etengabeko zaintza eta egokitzapen beharra galdegiten du ekoizleen aldetik. Gariguette marrubi-barietatea frantses estatuko ekoizpenaren %20 inguru osatzen du, eta Ipar Euskal Herrian Lekorneko Gerezieta auzoan ekoizten du Antton Diratxet laborariak.
Bere ohiko lokaletik kanporatua izan ondoren, gaztetxeak fase ibiltari bati ekin dio eta Aldakarabana izeneko ibilbidea abiatuko du Amikuzeko herrietan barrena. Egoitza finko berria atzeman bitartean, gaztetxeko kideek hainbat ekintza eta ekitaldi antolatuko dituzte eskualde osoan zehar. Karabana ibiltariaren ideia ez da guztiz berria: Hazparneko Ttattola gaztetxeak jada baliatu zuen halako dinamika COVID19aren garaian, lokalik gabe zelarik. Esperientzia hartatik inspiratuta, Aldakak dinamika berreskuratu du, gaztetxearen jarduera bizirik mantentzeko eta gazte euskaldunentzako espazio bat bermatzeko xedearekin. Udako hilabeteetarako kontzertuak eta trukaketa-guneak sortzea dute xede, tokian tokiko gazteriarekin harremanak sendotuz. Lehen geldialdia apirilaren 16an egin zuen Aldakarabanak Gabadin, Ramoneurs de Menhirs bretoi taldea giroa berotzera gomitatu zutelarik.
Berezkoen A mailako txapelketaren finala irabazi dute Iker Espinal eta Luis Sanchezek 40 eta 38 Mathieu Ospital eta Peio Gixanduten kontra Baionako Moderno trinketean. Bigarren txapela proba horretan jantzi du Sanchezek eta lehenbizikoa Espinalek. Partida untsa abiatu zuten Ospital eta Gixandutek 11 eta 4. Ondotik goi nafarrak iratzartu dira tanto ainitz lerrokatuz 21 eta 15 aitzinean izaiteko. Gero Ospital eta Gixandut gibeletik etorri dira eta aitzina ere hartu dute markagailuan 32 eta 27. Baina partida hobeki bukatu dute nafarrek.
Barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an Marieniako lurretan. 50 bat pertsona bildu dira asteazken honetan Kanbo eta Itsasu arteko lurretan, berriz ere laborantzako lurren defenditzeko. Lurra itzuli dute barazkien landatzeko eremua prestatzeko gisan. Azken auziak galdu ondotik, mobilizaturik egon nahi dute militanteek. Hirigintza planoaren kontrako lehen auzia eta dei auzia galdu zituzten, baina kasaziora jo dute. Arrapostuaren beha badira beti, erabaki dute hala ere Elkargoaren abokatuen argumentuen salatzea. Laborariek eta herritarrek ez dute onartzen erran dezaten Marieniako lurrak ez direla laborantzarako baliatzen eta ez direla horretarako on. Horren kontra egiteko, froga gisa, barazkiak landatu nahi dituzte maiatza erditsutan.
Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du". Ostiral goizean bildu ziren EEPko arduradunak, errektorea eta parlamentariak, eta bilkurak emaitza baikorrak eman zituen. Bilera horretan jakinarazi zuten aurten zientzietako brebet azterketa euskaraz egiteko aukera eskola eredu guztietara zabalduko dela. Orain arte Seaskako ikasleek baino ez zuten aukera hori; hemendik aurrera, eskola publikoetako zein eskola pribatu katolikoko ikasleek ere euskaraz egin ahal izango dute proba. Gainera, errektoreak proposatu du elebitasuna eskaintzea Baionako hiru eskola publikotan. Hain zuzen, Citadelle, Cavailles eta hirugarren eskola batean gurasoei galdetuko zaie elebitasunaren aldekoak diren ala ez. Errektoreak nabarmendu du elebidun eta murgiltze sailek "emaitza hobeak" ematen dituztela. Baxoari dagokionez, EEPk eta tokiko hautetsiek eskatu diote errektoreari tokiko hizkuntzen ibilbide berezi bat sortzeko aukera azter dezala. Helburua da, adibidez, matematikako eta ahozko handiko probak zati batean euskaraz egiteko aukera ematea. Hala ere, Jean Marc Huart errektoreak azaldu du baxoaren gaia Hezkuntza Ministerioaren esku dagoela. Dena den, Antton Kurutxarri baikor agertu da bileraren ostean: "Parean ukan dugu gizon bat dosierra ezagutzen duena eta prest dena lanean hartzeko", adierazi du.
Ainhoako desbideratzearen dosierra luzaz eztabaidatu da herriko etxeak antolatu duen bilkura publikoan. 120 herritar inguru bertaratu dira Mizel Ibarluzia auzapezaren proposamena entzuteko, eta Ainhoa erdialdeko usaiako trafiko kopurua apaltzeko proiektua. Ariketa konplikatua ukan du auzapezak, alde batetik, Dantxarinera joan-jina egiten duten turistak ezinbesteko baitira Ainhoako merkatarientzat; eta bestetik, herritarrak aseak baitira autoen emari geldiezinarekin. Udaberri honetan herriko etxeak manatu azterketa batek dionez, egunero, bataz beste, 3.500 autok zeharkatzen dute erdialdea, udaz kanpoko eta horietarik ehuneko hogei baino ez dira herritarrak. Borna edo burdin-muga batzuk ezarriko dira, zenbait orenetan, kanpoko autoak sar ez daitezen Ainhoa erdialdera
Bidasoa zeharkatu nahian 2021etik zendu diren sei migratzaileen istorioetan oinarritua da Asier Urbietaren Faisaien Irla filma. Suedian Gotenburgoko festibalean, Espainian Malagan eta gurean Donostiako Giza Eskubideen jaialdian estreinatu ondotik, Baionako Doketan Topan izanen da ostiralean filma, heldu den astean zine geletara iritsi aitzin. Filmak, tentsio goreneko sekuentzia batean, galdera etiko bat egiten die pertsonaiei eta ikusleei ere. Sambou Diaby eta Jone Laspiur aktoreak dira protagonistak, eta filma Euskal Herri osoan aldi berean estreinatuko da zine geletan heldu den astean. Horren kari, hainbat hitzaldi antolatuko dituzte Ipar Euskal Herriko zine geletan, ostiral honetan 21:00etan Baionako Atalanten, eta larunbatean 20:30tan Donibane Lohizuneko Le Selecten.
Garagardo artisauen munduan izen ezagun bihurtu den Bob’s Beer markak aro berri bati ekingo dio. Hazparnen sortu zen duela 15 urte Robin Worboys britainiarraren eskutik, eta urte hauetan zehar tokiko ekonomiaren eta garagardo kulturaren parte bilakatu da. Azkenaldian, ordea, kudeaketa arazoek eta finantza zailtasunek etorkizun zalantzazkoa ekarri diote enpresari. Horren ondorioz, marka saldu dute, eta orain Egarri Drinks enpresaren esku geratuko da. Bob’s Beer-en azken urteetako ibilbidea ez da samurra izan. Emmanuel Del Pino-k hartu zuen gidaritza duela bost urte, eta horrekin batera zenbait proiektu berri abiatu zituzten, tartean Angeluko garagardotegi-ostatua, hau da, brewpub bat irekitzea. Ekimen ausarta izan arren, finantza arazoak ekarri zituen, eta horrek kolpatu du azken hilabeteetan enpresaren egonkortasuna. Salmentaren atzean, egoera ekonomikoaren larritasuna dago. Hala ere, erosle berriak, Xalbat Seosse buru duen Egarri Drinks enpresak, lasaitasun mezua zabaldu du. Bere hitzetan, marka ezaguna eta bere filosofia mantentzeko asmoa dute: "Zenbakiak hobetzea da helburua, baina Bob’s Beer-en izaera eta espiritua gordez". Seossek adierazi duenez, enplegua ere bermatu nahi dute, eta gaur egungo sei langileak talde berrian integratuko dira. Egarri Drinks enpresak, gainera, Hegoaldeko merkatura irekitzea du helburu. Horren adierazle, bulego berri bat zabaldu dute Hego Euskal Herrian, beren presentzia eta eragina handitzeko.
- Ahalmen urriko helduen autonomia sustatzeko Baita bizitegiak sortu ditu EVAH elkarteak
- Mikel Epaltza: «Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku eman zitzan armak 2014ean»
- Euskaraldia hasteko hilabete baten faltan, 1.400 izen-emate Iparraldean
- Belaunaldi arteko transmisioa ardatz Barkoxeko pastoralean
- Poliziaren bortizkeria salatzeko kanpaina abiatuko du Aske antolakundeak
- 225.000 euro banatu zituen Euskal Kultur Erakundeak iaz euskal kulturaren alde
- Oiassoko terma erromatarrak berriz ireki dituzte Irunen
- Arola Urdangarin: «Proiektu horiek Europako diruarekin egiten dira, lurraldearen beharrei hobeto erantzuteko»
- Nationale 2 mailan ariko da Aviron futbol taldea datorren denboraldian