Euskal Herrian ekoitzitako 1,3 milioi litro sagardo. Hori da Euskal Sagardoa jatorrizko izendapenaren barnean 46 sagardotegiek ekoitzitako sagardo kopurua txotx denboraldi berri honetarako. Euskal Herri osoko sagardogileen artean aurkeztu dute estreinakoz aurtengo txotx sasoia Donostian. Lehen aldia da Iparraldeko sagardotegi eta sagardo ekoizleak ekitaldira gonbidatzen dituztela, nahiz eta gutxi batzuk izan. Uzta txikia izan da aurten 2023koarekin konparatuz: %60 sagar gutxiago bildu dituzte Euskal Herriko sagastietan. Sagardo Berriaren eguna ospatuko da Astigarragan urtarrilaren 15ean. Urtero gonbidatu berezi batek eman ohi dio hasiera txotx denboraldiari, eta aldi honetan, Gure Zirkuko kideak izanen dira lehenak aurtengo sagardoa dastatzen.
Eric Etxart: «Seaskaren lizeo berria eraikitzeko hiru pista ditugu: Uztaritze, Donapaleu edo Itsasu»
Eric Etxart Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hiruek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute. Ipar Euskal Herriko ikastolen sareko bozeramaile izanen da Etxart; Etxeberri ikastolen eta herriko etxeen arteko harremanez eta garapenaz arduratuko da, eta Sophie Layus langileez eta kanpo harremanez. Eric Etxartek bere lehen elkarrizketa eskaini die Euskal Irratiei. Azaldu duenez, besteak beste, lizeo berriaren eraikuntza ukanen du erronka nagusi gisara lehendakaritza talde berriak. Urte erditsurako proiektua eta bere kokagune zehatza zehaztu nahiko lukete. Guneari dagokionez, hiru kokaleku posible dituzte buruan: Uztaritze, Itsasu edota Donapaleu.
Euskara hutsezko azoken eta ekimenen sarea den Doinuelek, indarturik abiatuko du bere hirugarren urtea. Zortzi partaide izatetik bederatzi izatera iragan da sarea eta elkarrekin eragiteko eta elkar laguntzeko helburuz segitzen dute. Sareko partaideen artean dira, besteak beste, Baztango Ilbeltza, Zarauzko Literaturia, Galdakaoko Sormene, Ziburuko euskal eta liburu azoka edo edota Sarako Ikusi Mikusi.
Osasungintza publikoaren finantzamendua azkartu behar dela uste du Frédéric Espenel Euskal Kostako ospitale zentroko zuzendariak. Baiona, Garazi eta Donapaleuk osatzen duten GHT Lurraldeko Ospitale Taldea zailtasun ekonomikoetan izanen da aurten ere. Iaz bezala, 18 milioi euroko defizitarekin bukatu du urtea. Oraindik zenbaki zehatzak ez ditu eman Espenel zuzendariak, baina ziloa ez da ttipitzen. 4.800 langilerekin, departamenduko enplegatzaile handiena da ospitalea. Aurten ez dira ohe heste edo kanporaketak aitzinikusten zuzendariak azaldu duenez. Parean, ospitaleko aktibitatea goiti doa. 2024an, Baionan %5 emendatu dira ospitalizazioak, 60.000 pertsona iragan dira larrialdietatik eta 2.000 nini sortu dira amategian.
Mixel Aire Etxebarren "Xalbador II" zendu da, 81 urte zituela. Bertsolaria eta lanbidez artzaina izan zen, bere aita Fernando Aire "Xalbador" bertsolari ezaguna bezala. Bere ama Leoni Etxebarren izan zen, bertsolari eta gai-jartzailea. Nafarroako Bertsolari Txapelketa hirutan irabazi zuen 1980an, 1985ean eta 1988an. Urepele herriko Xalbadorrenea baserrian sortu zen 1944ko maiatzaren 5ean, eta 1967an egin zuen bere lehen bertso emanaldia Hazparnen, Fernando Aire 'Xalbador', Mattin Treku, Jon Lopategi eta Txomin Ezpondarekin. 1976an Marie-Mixel Bethart urepeldarrarekin ezkondu zen eta hiru alaba ukan zituzten, Miren, Amaia eta Paxkalin, euskal kantagintzako "Aire ahizpak" hirukote ezaguna osatzen dutena. Baigorriko beilatokian eginen dituzte bisitak urtarrilaren 15etik 17ra, eta ehorzketa urtarrilaren 18an izanen da Urepelen 11:00etan.
Txomin Ezponda:
Imanol Lazkano:
Jean Louis Harinordoki "Laka":
Jexux Arzallus:
Laborantza lurren babesteko lege proposamen bat aurkeztu du Peio Dufau diputatuak joan den urtarrilaren 8an. Arbonako lurren afera ez dadin errepikatu, lege proposamen horrek indar gehiago emanen lioke SAFER egiturari. Erakunde publiko horrek laborantza-ondasunak lehentasunez erosteko aukera du, ondotik laborari bati saltzeko. Euskal diputatuak aurkeztu duen lege proposamena osatzeko hausnarketetan parte hartu du Lurzaindia elkarteak.
Basabürüako ibar eskuineko gazteek lehen maskarada arrakastatsua eman dute igandean, Lakarrin. Eguraldi ezin hobearekin abiatu da maskaraden sasoia. Goizean goizetik barrikadetan jende andana bildu da Lakarri-Altzaiko gazteen ikustera, eta Pitxuren balentriak azpimarratu dituzte ikusleek. Beste hamabi emanaldi izanen dira Xiberoa osoan gaindi, heldu den hitzordua Zalgizen izanen delarik heldu den urtarrilaren 19an.
Pilotako euskal selekzioaren aldeko eguna antolatu zuten larunbatean Makean. “Euskal Selekzioa orain” elkarteak lehen biltzar nagusia egin zuen goizean. Elkartea osatzen duten 15bat gaztek horien proiektua aurkeztu zuten. Sentsibilizazioaren inportantzia azpimarratu dute, Euskal Selekzioaren gaia plazaratzeko. Formakuntza alternatibo bat eskaini nahiko lukete ondoko urteetan, ikusiz Frantziako Selekzioari uko egin diotenak Federakuntzako azpiegituretatik kanporatuak izan direla. Euskadiko selekzioaren gaia ere aipatu dute, eta igurikatzen dute Euskadiko federakuntzaren bozak pasatuak izatea, urtarrila hondarrean.
'Ahetzen' zerrenda gailendu da herriko hauteskundeen bigarren itzulian, bozen %44,39 erdietsirik. Ramuntxo Labat-Aramendik gidatutako zerrendak ehun boz gehiago bildu ditu, lehen itzuliko emaitzekin alderatuz; 471 boz orotara. Hirurogei bozetara gelditu da Ramuntxo Goietxe, orain arteko axuantaren hautagaitza, boto paperan %37,42arekin (397 boz). Azkenik, Laetitia Guesdon-Michaudek, Elizalde auzapezak babesturiko hautagaiak, 193 boz eskuratu ditu: %18,19. Legegintzaldi laburra izanen du aitzinean Ramuntxo Labatek, 2026an izanen baitira herriko etxeetako hauteskundeak Ipar Euskal Herri osoan.
- Frantziako Armadaren kanpaina salatu du GKSk Baionan
- Piarres Aintziart: «Beharbada, nire ofizioaren nostalgiak eta euskararen maitasunak bultzatu naute liburu hori idaztera»
- Erramun Martikorenak eta ZETAK lehen aldikotz Itzulera zuzenean emanen dute Iruñean
- Pantxix Bidart: «Lehen aldia da horrelako abentura batean sartzen naizela»
- Zazpi berrikuntza-proiektu finantzatuko ditu Euroeskualdeak 400.000 euroren bidez
- Egun historikoa euskal pilotan
- Luis Santsez eta Peio Larralde iritsi dira Super Prestige lehiaketako finalera
- Xabier Euskize: «Emakume pilotarien bidea ez da erraza»
- Benito Lertxundi: «Zuzenezkoetan beharrezkoa den xarma hori galtzen ari nintzen»