Xiberoako maskaradekin batera, Euskal Herriko beste xokoetako inauteak ere atzarri dira. Urtero ehunka bisitari biltzen dira Ituren eta Zubietan, joaldunen usadioaz gozatzeko.
Aurten ere Kontserbatorioen Gaua antolatu du Baionako musika eskolak. Urtarrilaren 31an 50 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak tarteko. Egitaraua arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, eta gauerdira arte luzatuko da. Ekitaldi guztiak urririk eskainiak izanen dira, eta publiko osoari irekirik. Antolatzaileek azaldu dutenez, ate irekitze gisara ulertzen dute egitasmo hau, Baionako kontserbatorioaren eskaintzak publiko zabalari ezagutarazi eta aitzin dasta bat proposatzeko.
Larunbatean, otsailaren lehenean, manifestaldi bat antolatzen du Iruñean du Aroztegiko sustengu komiteak. Baztan ibarreko Aroztegiako laborantza lurretan, 228 luxuzko etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoa geldiarazteagatik, zazpi baztandar auzipetu dituzte; 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna galdegiten dute haien kontra. Eraikitzeko baimenak erdietsi gabe ere, promotoreak eraikuntza lanak abiatu zituen, eta lan horiek geldiarazteko kanpaldia abiatu zuten hamarnaka herritarrek. Ipar Euskal Herritik hainbat autobus partituko dira Iruñean otsailaren lehenean eginen den manifestaldira Baigorritik, Itsasutik, Pausutik eta Oztibarretik.
Publizitatearen lekua hurbiletik segitzen du Bizi mugimenduak. Astelehen goiz honetan Senpereko Amotze auzoko iragarki panel bat legez kanpokoa dela salatu du. Gune sailkatu batean eta monumentu historiko batetik hurbil kokatua da, Estatu mailako araudien kontra. Mugimendu ekologista kritiko agertu da joan den urte bukaeran Senpereko herriko etxeak Attria publizitate enpresarekin izenpetu duen kontratuarekin; izan ere, kontratu horrek 28 afixatze leku baimentzen ditu herrian. Memento berean, Publizitatearen araudia eratzeko herritarrekin bilkura publikoak abiatu ditu Euskal Hirigune Elkargoak, eta asteazken honetan izanen da lehena Baionan.
“Denboraren induskatzaileak” erakusketa ikusgai izanen da Hendaiako Asporrotstipin, Euskal Erlaitzeko Etxean. CPIE-Euskal Itsasbazterra elkartea eta INRAP arkeologia institutuarekin elkarlanean antolatutako erakusketa da. Sanguinet aintzirako urpeko arkeologiatik Anéouko artzaintza unibertsora, erakusketak arkeologian murgiltzeko parada emanen du bere teknikak eta historia azalduz, eta eskualdeko ondare aberatsa nabarmenduz, Euskal Herrian arreta berezia jarriz. Erakusketa martxoaren 22ra arte ikusten ahalko da.
Iragan den astean, FFPB Frantziako pilota federakuntzak jakinarazi du zein pilotari ari izanen diren berezkoen kontra ondoko hilabeteetan. Aurtengo bi txapelak irabazirik, Bixente Lafitte eta Thierry Harizmendi berezkoen B txapelketan ari izanen dira. Horrez gain, Iban Teilleri eta Mathieu Lazkano nahiz Julen Mariluz eta Unai Etxeberrik osatu bikote amaturrek Pro-Am txapelketa ttikia jokatuko dute. Hirugarren bikotea, Barrenetxe eta Etxegoin berezkoek osatzen dute. Denak elkarren kontra ari izan ondoan, lehen pareak parte hartuko du ondotik eginen den berezkoen binakako txapelketan. Baina erran behar da hautu horiek kritikatuak direla. Lau Herri pilota elkarteak salatu du ere “barragetan” Mariluz eta Etxeberri elkarrekin ari izanen direla, horien usaiako ekipoa osatuz. Aldiz, Teillery eta Lazcanok aste pare bat baizik ez dutela elkarrekin prestatzeko. Jakin ere Lilou Etxeberria federakuntzako lehendakariak erran digula bere komisioaren hautua errespetatzen zuela, eta azpimarratu digu ez zutela sekula iragarri Euskal Herriko eta Frantziako txapelketako finalista guziak hartuko zituztela.
Historiaz lan eta bizi, irakaskuntzatik kanpo. Horixe du xede Bixente Hirigarai baigorriarrak. Berriki 'Bixtori' enpresa sortu du, ikerketa historikoaren edota transmisioaren alorreko proiektuak garatzeko. Zentzu horretan, bisita gidatuak edota eskoletarako tailer praktikoak proposatzen ditu, baita norbanakoendako genealogia edota etxe zaharren ikerketak ere. Hirigaraik sei urtez lan egin du Baigorriko herriko etxeko animatzaile gisara, eta Baigorriko Mehaka zentroaren sorreran parte hartu du, ikerketan eta dibulgazioan. Egitasmo horren inguruko xehetasun oro bildu ditu Hirigaiarik, bixtori.eus webgunean.
Bi agiantza egin ohi ditu Donapaleuko herriak, larunbatean elkarte eta instituzioei zuzendua eta ostiralean herritarrei. Euskaraz eta frantsesez iragan dira azken hauek. 2024 urtean, frantses gobernuaren ezegonkortasuna dela eta, proiektuak finantzatzeko zailtasunak ukan dituztela azpimarratu dute. 2025eko proiektuei begira, merkatu estali eta xerritegi gunearen arraberritzea, elkarteentzako gune berri baten sorrera pilota plazako eremuan edota Bideak gunean irirekiko den Baxe Nafarroako erakusgela berria aipatu dituzte. Agiantzetan ez zen aipagai baina auzapeza ostiral goizean bildu zen Seaskako arduradunekin, lizeo berria Amikuzeko hiriburuan eraikitzeko proposamenari buruz solastatzeko.
2.500 lagun baino gehiago ziren atzo Irun eta Hendaiako karriketan mobilizatuak, J’accuse lelopean, 80 kolektibo baino gehiagok migrazio politiken aurka deituriko manifestaldian. Urtarrilaren 28an Baionako auzitegian migratzaileen aldeko zazpi ekintzaile epaituko dituzte, iazko Korrikan 36 migratzaileri muga pasatzen laguntzeagatik. Epaiketa bertan behera uztea galdegin dute, baita «migratzaileen kriminalizazioa» salatu ere.
- Erradiologia zerbitzu berria Donibane Garaziko osagarri etxean
- Erleei gorazarre, Bilaka konpainiaren 'Bezperan' ikusgarriarekin
- Peña-Albisu eta Etxeberria-Martija lehian, Hendaiako ezker paretan
- Urruñago agiantzak: «Geroari buruzko etxebizitzak» eraikitzea xede
- Aloze-Ziboze-Onizegainen hainbat etxeren berpiztea erdietsi dute
- Patrick Etxegarai (FDSEA): «Ingurumenari buruz sobera norma bada egun»
- Itsasuko La Nive zentroa behin behineko «berrerabiltegi» bilakatuko da
- Artzaintzaren gainbeheraz azterketa bat abiatu dute Frantziako legebiltzarrean
- Brontzezko saria irabazi du Ellande Larronde saratarrak, pista gaineko Frantziako txapelketan