Orange telekomunikazioko enpresa, Aldaren jomugan

Baionako Orange telekomunikazio enpresaren bulegoan protesta egin du asteartean Alda mugimenduak. Elkartearengana hurbildu den Francine-en kasua plazaratu dute. 72 urteko ikusmen urriko erretretadunari, 750€ fakturatu dizkio Orangek, hiru telefono mugikor linea kontrataraziz, mugikorrik ez zuelarik. Enpresaren webgunea ez baita ahalmen urriko pertsonei egokitua, sei hilabete behar izan ditu hiru lineak ezeztatzeko. Haatik, geroztik ez du bere dirua errekuperatu. Aldako kideek hiru orenez okupatu dute bulegoa protesta gisara. Ororen buru, Orangek dirua itzultzea eta fakturak baile hizkuntzan igortzera engaiatu da.

France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten denbora, Joko Olinpikoen estakurua dela eta. Aldi honetan, ber apaltzea inposatuko zaie hamasei astez urtean, eskolako bakantzen kari. Hori dela eta langileek beren kexua adierazi dute; izan ere, kate horren araudietan agertzen da France 3 katea hurbilekoa izan behar dela.

Jaurlaritzak ETAren desarmatzearen kontakizun «faltsu eta interesatua» egin duela salatu dute Bakegileek

Gezurrak, asmaketak eta istorioaren berridazketa… Bakegileek zorrozki salatzen dute Iñigo Urkulluren gobernuak izan duen jarrera ETAren desarmatzearen azken fasean. Berezikiago, 2019an Eusko jaurlaritzak argitaratu zuen txostenak haserrea piztu zuen bakegileen artean. Adibidez, bakegileek apirilaren 8an «besta» antolatzeko asmoa ukan zutela dio Jaurlaritzak, bakegileek ukatzen dutena osoki. Bakegileen erranetan, Eusko Jaurlaritzak «ez du nehoiz onartu gizarte zibilaren rola armagabetzearen prozesuan». 'Bakegileen azalpena ETAren armagabetzearen azken faseko gertakari errealei buruz' izenburua du txostenak, Euskal Herriko bost artxibategi ezberdinetan gordeko dute.

Francis Karrikart: «Etxebizitzak merkatutik atera nahi ditu Etxaldek, bakarrik horien gozamena salduz»

Etxalde kooperatibak diru emaitza baterako deia egin du, bi apartamenduk osatzen duten etxebizitza baten erosteko, Baionan. Kooperatibak gozamena saldu, eta jabe izaten jarraituko luke. Lurra merkatu espekulatibotik ateratzeko manera bat da. Abenduaren 25a aitzin, 260.000 euro bildu behar ditu. Bizitegian biziko direnak jadanik atzeman ditu. Gaur egun, sei apartamentu, bederatzi garaje eta alokatzen duen lokal komertzial bat ditu Etxaldek.

Ehun xiberotarrek itzulia emanen diote Euskal Herriari, 'Aitzina biga' ikusgarriarekin

Aitzindariak kultur elkarteak ehun parte hartzaile bildu ditu 'Aitzina Biga' ikusgarria ontzeko. Xiberoako dantza talde oro biltzen ditu elkarte horrek, eta 2006an oholtzaratu zuten 'Aitzina pika' ikusgarriaren segida gisa aurkeztu dute proiektu berria. Uda honetan abiatu zituzten errepikak, eta joan den asteburuan, lehen aldiz, 60 dantzariak, 30 kantariak eta 10 antzerkilariak bildu zituzten Larrainen. Apiriletik uztailera arte eskainiko dute ikusgarri berria Maulen, Iruñean, Arrasaten, Miarritzen eta Atharratzen.

Bixente Lafitte eta Thierry Harismendy Iparraldeko esku huskako txapeldun

Lafitte eta Harizmendi bikotea gailendu da Iparraldeko Txapelketako finalean. Denek Bat pilota elkarteko pareak 40 eta 30 nagusitu dira Urruñako Zigarroa eta Lazkanoren kontra. Denek Bat pilota elkarteko parea 40 eta 30 nagusitu da Urruñako Zigarroaren eta Lazkanoren kontra.

Txomin Casteigts: «Botereguneak behar ditugu Iparraldean, eta horretara dator gure autonomia estatutuaren proposamena»

Euskal Hirigune Elkargoa gaindituko duen autonomia estatutua ezarri du ortzimugatzat, EH Bai koalizio abertzaleak. Bere programa politiko berria aurkeztu dute Baionan, ondoko urteetako bide orri izanen dena. Elkargoa jada gainditua izan dela deritzote, eta Ipar Euskal Herriak estatus juridiko berri batera jauzi egiteko beharra duela aldarrikatu dute. Hain zuzen ere, eskumen fiskal eta legegilea beregain izanen lituzkeen eredu bat defendatuko dute, Estatu frantsesarekin akordioa erdietsiz eta erreferendum bidez erabakiz. Orotara, Iparraldearendako 24 eskuduntza galdegin ditu EH Baik, botere betearazlea Estatuaren esku utziz.

Pantxoa Bimboire: «Lantegirik gabe ez dugu Euskal Herririk eraikiko»

Pantxoa Bimboire Haritxelar, Ipar Euskal Herriko Eusko Alderdi Jeltzaleko arduradun berria da azarotik. Ipar Euskal Herriko ekonomia munduko pertsona ezaguna da. Enpresaburua da txokolategintzan, Sokoan lan egin izan du eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan kargua du Andre Garreta lehendakariaren aholkulari gisara. Lantegiak nagusi elkarteko bulegoko kide da. Abertzaleen Batasuna eta EH Bai alderdietako kide ohia da.

Iparraldeko pilota txapelketako finalak igandean jokatuko dira, Irisarrin

Irisarrin dute hitzordua esku huska zaleek igande honetan. Goizetik arrats, Iparraldeko Txapelketako finalak izanen dira herriko trinketean. Goizean, A multzoko Lau Herriko Chapelet-Bidart eta Hazparneko Pagegi-Sahasket bikote gazteak lehiatuko dira, eta ondotik, Baigorriko Alkasena-Larre eta Amikuzeko Thikoipe-Mendiburu bigarren mailako helduak. Arteko bikoteek irekiko dute arratsaldeko, 16:30etan, Irisarriko Etxeverz-Bidart eta Baigorriko Etxeberri-Bidegain Alfaro bikoteen arteko partidarekin. 17:30etatik goiti, helduetako lehen mailako finalarekin bururatuko da besta. Horren karietara, Urruñarrak elkarteko Kriztof Zigarroa eta Mathieu Lazkanok jokatuko dute, Denek Bat taldeko Bixente Lafitte eta Thierry Harizmendiren kontra.