2024 urteko bilan baikorra egin dute Garaziko osagarri etxe publikoko agiantzetan. Urtean zehar hainbat proiektu burutu dira Garaziko klinikan. Besteak beste, UHR Aterpetze Unitate Indartu bat plantan ezarri dute, eta medikuntza kontsulta berriak ireki dituzte neurologian, kantzerologian eta kirurgia ortopedikoan. Haatik, berritasun handiena urtarrilaren 6an estreinatu duten erradiologia zerbitzu berri da. 2025 urtean, eguneko ospitale funtzioa bete nahi luke Garaziko klinikak, eta hiru urteren buruan, eskaner gela bat irekitzeko galdea egin diote ARS Eskualdeko Osasun Agentziari. Toki Eder zahar etxean eta osasun etxe publikoko sukaldean ere arraberritze lanak egitea aitzinikusia dute.
‘Bezperan’ ikusgarri berria taularatuko du Bilakak. Gernika lanaren ondotik, Akitania Berriko Eszena Nazionalak Bilaka kolektiboaren sorkuntza artistiko berria ekoiztu du. Aldi honetan, zortzi dantzarirekin eta lau musikarirekin, eta Daniel San Pedro taula-zuzendariaren laguntzarekin. Dantza, musika, kantua, poesia eta antzerkia uztartuz, erleeri eta orokorrean naturari egin goraipamena da ikusgarria. Lehen aldiko urtarrilaren 24 arratsaldean eskainiko dute, ondotik bost aldiz heldu den asteazken arte. Leku guziak salduak dira.
Bada hamabost urte pasa orain, binazkako profesionalen txapelketako partida gerizatzen duela Hendaiako Daniel Ugarte ezker paretak. Hamaikagarren egunaldia estreinatuko du Hendaiakoak Bixintxoen karietara. Ostiral honetan, Peña eta Albisu bikotea, Etxeberria eta Martijari lehiatuko zaizkie. Orain arte, Etxeberria eta Martijak garaipen bakarra erdietsi dute. Peña eta Albisuk hiru, baina lehen bostak galdu ondotik, egia da Peña eta Albisu hobeki ari direla azken garai honetan.
Filipe Aramendi Urruñako auzapezak 2025rako proiektu nagusienak aurkeztu ditu, agiantzen karira. Legegintzaldiko azken urte honetan, 90 bizitegi ukanen dituen Iturxulia guneko proiektua martxan ematea izanen du xede nagusia.
Azken hamar urteetan herriko hutsik ziren bost etxe arraberritu dituzte eta sei bigarren etxebizitza bizitegi nagusi bilakatu. Horrez gain, apartamentu bilakarazi ditu herriak ere handiegi ziren etxebizitza batzuk. Xiberoan demografia ez bada igotzen, Basaburuan da bereziki arazoa. Alta, herri zonbait egin ahalen egiten ari dira herritarrak biltzeko, hoberena izanik gazteen jinaraztea, horiekin usu haurrak ere heldu baitira. Etxe bat bilatzen dutenei herriko etxeetan haien gogoaren berri ematea aholkatzen du auzapezak; horri esker eskaeraren heinaz ohartzen baitira eta lehentasunak finkatzen baitituzte.
Azken hamarkadei segida eman nahi lieke FDSEA-JA sindikatuak, Departamenduko Laborantza Ganbararen gidaritzan. Patrick Etxegarai, orain arteko lehendakari-ordeak, erretreta hartu eta bere lekua utziko du. Hauteskunde hauetan, Coordination Rurale sindikatua nehoiz baino indar handiagoarekin parte hartuko du, eta horrek bozka zenbait galtzea eragin dezakeela badaki Etxegaraik: «bozka batzuk galduko ditugula badakigu, eta orain arte bozkatu ez duten hainbat laborarik, aldi honetan bozkatuko dute». Haatik, azaldu duenez, azken legegintzaldian CRk jada ordezkari bat zuen ganbaran, eta presidente-orde ohiak dioenez «gure proposamen guztien alde egiten zuen». ELB sindikatua gogorki kritikatu du ingurumenaren aldeko arauak babesteagatik, izan ere, bere ustez «klarki, sobera norma badira».
Artzain gero eta gutxiago izateak ondorioak sortzen ditu. Txosten edo ikerketa bat burutzen ari dira Parisen, garapen jasangarria eta lurraldearen antolaketako komisioa, diputatu desberdinek dute osatzen komisio hori. Artzaingoaren eta lurraldearen antolaketaren egoera zertan den ikusteko helburua du, aste honetan adibidez Iñaki Etxaniz diputatua Oloroen bildu da bertako aktoreekin bilan baten egiteko. Txostena bukatu eta ministroari aurkeztu ondoan, lege edo arau proposamenak eginen lirateke. Martxorako bukatzea espero dute diputatuek.
Ellande Larronde Saratar txirrindulariak brontzezko medaila lortu berri du Bretainian, pista gaineko Frantziako txapelketaren karietara, elite mailan. Joan den azaroan, Ahurtiko taldea utzi zuen Hego Euskal Herriko Caja Rural taldearekin engaiatzeko. Eta emaitza onak erdiesten segitzen du 18 urteko kirolariak. Aste honetan, Portugalen da aste guzian, trebatzeko eta asteburuan, lehiaketa batean parte hartzeko. Ondotik, errepideko sasoia Essor Basquen estreinatuko du. Lehenbiziko bi etapetan parte hartuko du otsailaren lehenean eta bian.
- 'Metamorfosi ekologikoaren ituna' izenpetu zuten hautetsiek, hitza bete dute?
- Julen Perez: «ELBk laborarientzako proiektu azkar bat du, Euskal Herriari itzulia dena»
- Erizainen erdiak genero eta sexu indarkeria jasaten du lanean
- Coordination Rurale: laborantza sindikatu berri bat hauteskundeetako lehian
- Bilboko Athleticen harrobira batu dira Iparraldeko bost talde gehiago
- Harizmendi eta Lafitte, Frantziako amateurren esku huskako txapeldun
- Ainhoa Etxenike: «Gazteak paperera erakartzea zaila baita, Herriak numerikora egokitu beharko du»
- Aroztegiako auzipetuen aldeko asteburua Ipar Euskal Herrian
- Su-etena Gazan: itxaropena eta mesfidantza, hein berean