Euskal Hirigune Elkargoaren garraio publikoaren sindikatuak Xiberoako konexioak azkartuko ditu. Donibane Garazi eta Atharratze arteko bi linea berri ezarriko dituzte, udako sasoian, Iratiraino helduko dena. 2025ean, gainera, Sohüta eta Garazi lotuko dituen linea berria entseatuko dute. Horrez gain, azken urteetan ukan duen harrera ona dela eta, Atharratze eta Baiona arteko hamaikagarren linea hobetzeko neurriak hartuko dituzte, hala nola, aste barneko maiztasunak handitzea eta asteburuetako zerbitzua irekitzea.
Iker Elosegi hazpandarrak 'Euskal Herriko Fauna Gida' liburua aurkeztu du. Liburu horren xedea lurralde txiki honetan bizi diren animalia basekiko jakin-mina piztea da. Horretarako naturazale jarrera hartzea proposatzen du. Orotara, 150etik gora animalia aipatzen baditu ere, liburua ez da espezie katalogo bat. Animalia horien gaineko jakintza zabaltzera, beste espezie batzuk ezagutzeko gogoa piztera eta bizi garen ingurumena hobeki ulertzeko gakoak ematera dator.
Euskal Herritik Ameriketara jauzi eginen du zesta puntako Jai Alai Ligak. Hamabi pilotalekutan jokatuko dira partidak Euskal Herrian, Pauen eta Floridako Danian. Zortzi slam, hamazazpi master eta bost sailkapen proba izanen ditu aurtengo ligak eta puntuazio sistema ere aldatuko dute. Preseski, Byscaine Cup izeneko masterra Dania Jai Alai frontoi historikoan jokatuko dute, otsailaren 20tik 22ra. Pilotari bakoitzak gehienezko txapelketa kopuru bat izanen du, sailkapena proportzionalagoa izan dadin. Otsailean hasiko dira sailkapen probak.
Etxe agentzia etikoa sortu nahi dute hamar bat herritarrak. Etikoop izeneko kooperatiba muntatzen ari dira, etxebizitzaren krisiari beste manera batez ihardesteko. Dirua eta «espekulazioaren logiketatik kanpo» kokatzen dira, eta «prekarietatean diren herritarrei zuzendu irizpideak» ezarri dituzte. Mementoko, galdeketa fase bat ireki dute etikoop.eus webgunean, higiezin agentzia etikoaren balioak eta lehentasunak zehazteko. Okzitaniako Tolosako “La coopérative de l’Immobilier” hartu dute oinarritzat, eta haien adar gisa egituratuko dira Ipar Euskal Herrian.
Baionako auzitegiko atarira igan dira Euskal Herrian Euskaraz kolektiboko bi kide astelehen honetan, eta 'Justizia euskararentzat' margoketa egin dute. Frantziako Poliziak atxilotu eta Baionako polizia-etxera eraman dituzte, arratsaldean libre uzteko. Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga dira bi ekintzaileak, eta abenduaren 7an Durangon eginen duten manifestaldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Cantau lizeoan kexu… Angeluko ikastetxeko Metaleriako Bac Pro saila hesteko xedea du errektoretzat. Bastimendurako obra metalikoak fabrikatzen duen diziplina da metaleria. Bertako erakasle, hautetsiak eta metalgintzako profesionalak elkartu dira astearte goizean erabakia salatzeko. Gaur egun berrgoi ikasle inguruk osatzen dute saila, ondotik lantegietara jauzi egiteko. Adierazi dutenez, gaur egun, formakuntzadun langileak eskas dira; horren adibide da France Travail webgunean 2024ko urrian metalgintzan lanean aritzeko hirurogei lan eskaintza inguru argitaratu zituztela.
«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak». Ele horiekin bururatu du bere hitzartzea Xarles Bidegain euskaltzain emerituak. Urrezko medaila eskaini dio Baionako herriko etxeak urteetan euskararentzat eraman duen lana ohoratzeko. Euskararen Nazioarteko egunaz baliatu dira ekitaldia egiteko familia, adiskide eta euskalgintzako ordezkarien artean. Erretretan izanik ere, oraino beste dokumentu eta lan batzuk argitaratzeko dituela iragarri du Bidegainek.
Gaueko kurtsoak, formakuntza trinkoak, profesionalak, udako ikastaroak… Helduen euskalduntzeko metodo ezberdinak proposatzen ditu AEKk. Euskararen nazioarteko egun honetan, helduen euskalduntzea argitan jarri nahi izan dugu. Urte osoan 1.300 helduk segitzen dituzte gaueko kurtsoak eta aurten 60 langile formatzen ari dira ibilbide profesional baten baitan.
AEKk 2004 urtetik proposatzen du xede formakuntza. Kolektibitate, herriko etxe edo egitura publikoetako agenteei zuzendua zaie gehienbat. Urtero berrehun bat ikaslek segitzen dute ibilbidea, lanean euskara baliatzeko helburuarekin. Borondate politikoa agerian bada, ibilbide luzea da langileentzat. Astean hiru orenez ari dira ikasleak eta urtean hiru asteko ikastaroa segitu behar dute. Egitura pribatuetatik ere galdea izan du berriki AEKk, enpresa pribatuetako langileak euskaraz trebatzeko.
- Kantugintza herrikoiaren geroa aztergai izan dute Baionan
- Iñaki Etxeleku: «Sexu-abusuak sistemikoak izan dira Betharrameko ikastetxean, epe luzean»
- Herriko Haragiak gure sukaldeetara jauzi egin nahi du
- Laborantza produktuendako gutxieneko salneurri finkoak galdegin ditu ELBk
- Altxalili kolektiboari buruzko 'Bai ala bai' erakusketa ikusgai Baionako Atalanten
- Hainbat hedabidek X sare soziala uzteko hautua egin dute
- Eguberriz ere, tokiko saltokien aldeko hautua bultzatu nahi du Pays Basque au Cœur-ek
- Asisko Urmenetak 'Ni ez naiz sorgina' dokumentala bururatzeko diru bilketa abiatu du
- Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan