Behinola Donapaleu Nafarroako hiriburu izan zela gogoratuko dute larunbatean, Nafarroa bizirik egunaldiarekin. 1512ko Nafarroako konkistaren ondotik, nafar erresumako erdigune bilakatu zen Amikuzeko hiri nagusia. Horixe 1523ko agorrilaren 28ko Estatu Nagusien aktaren bidez aldarrikatu zen. Urtemuga estakuru harturik memoria lantzeko eguna antolatu du Zabalik elkarteak. Mintzaldiak, bisita gidatuak, ikusgarriak eta musika emanaldiak izanen dira Donapaleun.
Langileriaren kudeaketa, aldaketa klimatikoa, asegurantzak edota laborantzaren aktualitatea... Gai horiek mahai gainean ezarri nahi izan du Departamenduko Laborantxa Ganabarak. Saio berezia antolatu dute Heletako hazkuntza etxalde batean, instalatu berri diren 30 laborari ingururekin. Hitzordu horren bigarren edizioa da; aldi honetan, langileen kudeaketa eta ordezkapen sistema izan dira gai nagusiak.
Senpereko Kattalin Elizalde kolegioarekin 39. ikastetxea ireki badu ere, 4.177 haurrekin egin da sartzea, haur hezkuntzatik lizeora. Kopuruak mantentzen dira beraz, bereziki lizeoan eta kolegioetan irabazi, eta lehen mailan galdu baitira haurrak. Bestalde, Kattalin Elizalde kolegioko lurra erosi beharko du Seaskak. Lehengo herriko etxearekin adostu « enfiteusis » izeneko alokairu kontratu luzea ez du baimendu prefetak. Ondorioz, Seaskak Senpereko lurra erosi beharko dio herriko etxeari. Prezio eta ordainketa moduak adostekoak dira oraino. Bestalde, eraikitzen ari den aterbea partekatuko du ere Senpereko SPUC kirol klubarekin.
Ipar Ameriketako euskal artzainak eta beren senideak bat eginen dute Euskal Herrian, Amerikanuen bestan. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko kideek irailaren 9an antolatu dute ekimena, Urdazubin. Aurten, ospakizunaz harago, Ameriketara emigratu zuten Xaretako (Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa, Sara) artzainen datuak biltzen dituen liburua aurkeztuko dute. Liburua Alexandra Larraldek egin material eta informazio bilketaren emaitza da, Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen datu basearekin osatua izan dena. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean artisauen merkatua eta euskal diasporaren inguruko erakusketa izanen da, eguerditan elizkizuna Menditarrak abesbatzarekin eta ondotik, bazkari handia. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko lehendakaria den Laura Igantzik xehetasunak eman dizkigu:
Lehen aldiz hiru enpresaburuk afterwork bat antolatuko dute euskaraz, Ipar Euskal Herrian. Langile eta enpresaburu euskaldunen arteko lan-harremanak indartzea da helburua. Seigos, Mamia Kolektiboa eta Albizua Ingenieritza enpresek abiatu dute egitasmoa, Bai Euskarari elkartearen babesarekin. Villa Bleue ostatuan eginen dute ostegunean, arratsaldeko 18:30etan. Antolatzaileek aurkezpen labur bat eginen dute hastapenean, eta ondotik, trukatze momentua izanen da. Isaak Elduaien, Seigos enpresako burura eta «Lanetik Lekora - Afterwork Eskuaraz» ekimeneko kidea izan da Goiz Berriko gomita.
Aurten hirugarren aldiz antolatzen du taldekako txapelketa bertsolarien lagunak elkarteak. Orotara 38 bertsularik parte hartuko dute, 9 taldetan banaturik. Bakarkako Xilaban ez bezala, teknika eta maila onena lortzea ez dira helburuetan. Bai aldiz, giro goxoan oholtza gainera igotzea. Kanporaketak irailaren 22an hasiko dira. Bi finalerdiak Muskildin eta Azkainen jokatuko dira eta finala Aiherran, azaroaren 18an.
Langabezia nehoiz baino apalago da Iparraldean, baina inflazioa beti traba izaten segitzen du ekonomian. 2023ko lehen sei hilabetetako tendentzien berri eman du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak. 210 enpresabururen sentipena bildu dute inkesta batean. Heren batek sentitu du aktibitate apaltze bat urte hastapen honetan. Langabezia aldiz ez da sekula hain apal izan iparraldean %5,8koa da. Paradoxikoki langile kalifikatu eskasiaz Industriak sufritzen du. BTP edo eraikuntza eta herri-lanen sektorean aldiz neurgailuak negatiboan ziren urteko lehen hilabeteetan. Galderak azkar beheiti egin duela sentitzen dute sektore horretako aktoreek.
Malandain Ballet Biarritzek antolatzen duen 33. Maitaldia festibala ostegun honetan abiatuko da erakusketa batekin eta irailaren 18a bitarte 30 konpainia inguruk parte hartuko dute. Dantza klasikotik garaikidera, programazio anitza proposatuko dute hamar egunez Miarritzen eta inguruko herrietan. Aurtengo egitarauaz mintzatu gara Malandain Ballet Biarritzeko komunikazio arduraduna den Elena Eyherabiderekin.
Orain arte miarriztarrek etxeko bi partidak irabazi dituzte. Alta, kanpoan zafraldia bildu zuten Montaubanen duela bi aste. Kerman Aurrekoetxea uztartze erdilari bizkaitar gazteak, aurten lehen aldiz, kontratu profesionala izanen du. Oraindik taldea ez dela pikoan aitortu digu Kerman Aurrekoetxeak, udan egin zuten prestaketa ez zelako oso egokia izan, berant hasi baitziren. Partida asteazken arratsean jokatuko dute.
- Urteko lan-lerro nagusiak aurkeztu ditu FDSEA sindikatuak
- Baionako ikasleen %18ak baizik ez du ikasiko aurten eredu elebidunean
- Ikasleen %43k izanen du aurten nolabaiteko harremana euskararekin, ama eskolan eta lehen mailan
- Arberoako ibarreko eguna ospatuko da larunbat honetan
- Lan gehigarriak egiten ahalko dituzte irakasleek, lan-sariak emendatzeko
- 2.500 ikaslek abiatu dute ikasturtea Baionako fakultatean
- Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jaso du Antzuolako alardeak
- Ostiralean emanen diote azken agurra Graxi Etxebehereri, Ortzaizen
- Giro are beroagoarekin, lakasten populaketak goia jo du Iparraldean