Elkarrizketari bideak ireki dizkio FDSEA sindikatuak. Hainbat egunez luzatu den mobilizazio aldi azkarrak, esperotako fruituak eman ditu sindikatu frantses kontserbadorearentzako. Departamentu mailan, Julien Charles prefetarekin bildu dira astelehen honetan, frantses gobernuak hitzeman dituen neurriak aipatzeko. Bereziki, laborantzako erregaiaren gaineko zergen apaltzea, NPB Europako diru laguntzen berehalako isurketa, kabalen eritasun hemorragikoaren gastuei buru egiteko kalte ordainak eta Egalim legearen ezarpena landu dituzte. Hemendik aitzina abantsu egunero izanen dituzte harremanak prefetarekin, eta neurriak aplikatu daitezen presioa egiten segituko dutela ohartarazi dute.
Hamabi urte eta hiru kargualdiren ondotik, Jean Mixel Garayarrek Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakari kargua utziko du. Berriki egin dute biltzar nagusia Hendaian, eta bilan baikorra egin dute. Orotara, 6.000 lizentziadun ditu egun pilota batzordeak, eta azken hiru urteetan, 780 izen berri gehitu zaizkie. Heldu diren urteetan, elkartea garatzen segitzea, usaiako jokoak hedatzea eta jokaleku berriak sortzea dute xede. Heldu den buruilaren 14an aurkeztuko dute zuzendaritza talde berria, baita lantaldeetan arituko diren pertsonen zerrenda ere. Arraberritze aldi horren bidez, herrietako pilota batasunetatik heldu belaunaldi berriko kideak sartuko dira antolakuntzan.
Ez dute erantzun baikorrik ukan ELB sindikatuko laborariek. NPB Laborantza Politika Bateratuaren diru laguntzen beranta salatu dute astelehen honetan, DDTM Lurraldearen eta Itsasoaren Departamendu Zuzendaritzak Baionan duen egoitza okupatuz. Goiz osoa bertan iragan ondotik, arratsalde hastapenean egoitzako kadira oro kanpora atera dituzte eta argindarra moztu dute. Garazi-Baigorriko eremuan, 515 laborariri zor zaio diru laguntza hori, batez beste, 15.000 euroen heinera iristen dena. Estatuko zerbitzuek martxoaren 15erako isuriko dutela azaldu duten arren, laborari anitzek, jadanik, zailtasunak ukaiten ari dituzte etxaldearen gastuei buru egiteko. Departamentuko prefeturak ELBren ekintza gaitzetsi du, eta sindikatuak «elkarrizketari uko egin izana» deitoratu du.
Hirurehun sortze gutxiago zenbatu dira 2023an, Ipar Euskal Herriko hiru ospitaleetan. Orotara, 3.700 haur sortu dira iaz, 2022an 4.000 izan zirelarik. Joera hori nabarmendu da ere frantses Estatuan, eta testuinguru horretan «berrarmatze demografiko» baten beharraz ohartarazi zuen Emanuel Macron presidenteak. Hiztegi militarraren baliapen horrek, hautsak harrotu zituen. Euskal Herriko datuei begira ere, 2021ean, 6,9 sortze izan ziren mila biztanleko; 2000 urtean 8,7 izan zirelarik. Sortzeen beheititze horren arrazoi nagusia, bizi kostuen kariotzea litzateke, eta ondorioz, lehen haurra ukaiteko adinaren gibelapena.
Txirrindularitza, mugak gainditzeko. Team Iparraldek 2024ko sasoi berrirako taldea aurkeztu du. Talde honek Hego Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako txirrindularitza federakuntzekin harreman estuak garatu ditu; horri esker, Gipuzkoako itzulian parte har dezake. Iragan sasoia izugarri ona izan da Team Iparraldearentzat, lau garaipen erdietsi baititu Hego Euskal Herriko errepideetan, eta gainera, Kaiet Iribarnek Iruñeko Finisher taldearekin izenpetu baitu. Beraz, aurten, beste hainbeste erdietsi nahi lukete IPar Euskal Herriko hamalau txirrindulari gazteek.
Elkartetik, kooperatibara. Eraikuntzako ekai eta materialak berreskuratzen ditu Patxa'mak, prezio merkeagoak proposatuz eta horien berrerabilpena bultzatuz. Bost urtez elkarte gisara egin dute lan hori, baina hemendik aitzina, kooperatiba gisara eginen dute. Duela bi urte Baiona iparrean plantatu ziren 500 metro karratuko gune batean. Egitura berrian bat eginen duten hirurogei kide atzeman dituzte, izan enpresa, eragile publiko, alokatzaile sozial edo profesionalak. Partaide nagusien artean dira, nesteak beste, Euskal Hirigune Elkargoa, Bil Ta Garbi, ESTIA ingeniaritza eskola, ISA BTP institutua, I-Ener, Bizi eta Euskal Moneta.
Asier Altuna zuzendariaren 'Bertsolari' filma eskaini dute Donibane Garaziko zineman, joan den ostiralean. Zine eztabaidan parte hartu du, besteak beste, Andoni Egaña bertsolari ezaguna. Azken urteetan bertsolaritzak ukan duen bilakaeraz mintzatu da zarauztarra. Bertsolaritza osagarri onean ikusten duen arren, euskal hizkuntzarekiko arrangura duela azpimarratu du: «Bertsoak euskara behar du, eta euskararen kasuan, ez dakit botila erdi beterik edo erdi hutsik dagoen».
Laborarien nekeziak salatzeko mezu ikusgarria Jutsin. ELB, FDSEA eta sindikatu gabeko laurogei laborarik beren traktoreak batu dituzte Jutsin, «SOS» mezu erraldoi bat igortzeko. Etxalde txikiek ber nekeziak pairatzen dituztela ohartarazi dute, beren lanbidetik bizitzea gero eta nekeagoa baitute. Joan den astean izan mobilizazioen ondotik, Garazi, Amikuze eta Oztibarreko laborari talde batek denak batzeko eta ekintza sinboliko azkar baten egiteko ideia ukan du.
Zergatik gibelera bota dituzte Immigrazio legearen artikulu gehienak? Frantziako Konstituzio Kontseiluak lege horren abantsu herena zentsuratu zuen joan den urtarrilaren 25ean. 86 artikuluetatik 32 bertan behera utzi ditu, hala nola, paperik gabe izatea delitu bilakatzen zuena edota senideen biltzea oztopatzen zuena. Konstituzio kontseiluak ebatzi du 32 neurri horiek «ez dutela zerikusirik legeak landuriko gaiarekin», hots, immigrazioarekin. Etorkinen eskubideen aldeko elkarteak pozik agertu dira baina Alain Larrea abokatuak oroitarazi duenez «neurri zorrotz horiek beste lege batzuen bidez onartu daitezke».
- Alokatzaileen kanporaketak salatu ditu Aldak
- Zentsuratuak direla salatu dute Arbonako oposizioko hautetsiek
- Irakasle postu gehiago galdegin dituzte Baionan
- Donaixtiko San Mixel eskola zaharrak bizi berria ukanen du
- Mauleko hiltegia ez da kategoriaz apalduko, behin behinean
- Mauleko hiltegiaren aldeko elgarretaratzea eta karakoil operazioa Baionaraino
- Joseba Asiron: «Indar desberdinen arteko adostasun politiko iraunkorra sortu nahi dugu»
- Zentro sozialen sareak finantziazio publiko handiagoa galdegin du
- Laborarien mobilizazioek Parisen segituko dute