Abiatu da Maskaraden sasoia, Pagolan

Arrakasta izan du Pagolako lehen maskaradak. Zeru urdin eta eguzkitsu batekin jende ainitz hurbildu zen Euskal Herri osotik. Goizeko barrikadekin hasirik, herri bazkariko leku guztiak bete ziren, eta arratsaldeko emanaldian ere jendeak ez du aspertzeko denborarik ukan. Izan dantzari, xorrotx ala beltzek denek txalo zaparrada bildu dute. Etxekoa eginik, orain apirila bukaera arte herriz-herri ibiliko dira pagolarrak. Bigarren hitzordua heldu den igandean izan da Ezpeizen.

Itsasuko gereziaren sor-marka, bide onean

Euskal sagarnoaren mugaz gaindiko sor-markaren ondotik, Itsasuko Gereziak hartuko du orain lekukoa. Xapata elkarteak 2014ean abiatu zuen Ipar Euskal Herriko gerezi moten ekoizpena balioan emateko desmartxa. Jatorrizko izendapena erdiesteko, ordea, ekoizpen horren balio kultural eta tradizionala frogatu behar da. Hori dela eta, egiazko historialari lana egin behar izan dute. Artxibategi eta herriko etxeetan atzeman dituzten agiri zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Horrez gain, tokiko gereziondo espezieen azterketa egin dute Iparralde osoan, eta horri esker, sor-markaren eremua 66 herrietara zabaldu dute. INAO erakundeak lehen txostena aurten onartuko dutela uste dute. Sor-marka sortzeko, aldiz, beste lauzpabost urte beharko dira.

 

Baikor eta erronkez beteterik abiatu du urtea EHLGk

Iazko urtearen bilan baikorra egin du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Abantsu 600 txosten bultzatu dituzte iaz, laborarien diru laguntza eskaerak edota instalazio proiektuak laguntzeko. 2022an baino %11 gehiago. Horrez gain, iaz, Oztibarre, Xiberoa eta Larhun inguruko mendiko lurren diagnostikoa egin dute, eta Elkargoaren hirigintza planaren garapenean parte hartu dute. Berri nagusia, aldiz, Euskal Sagarnoaren eta Itsasuko Gereziaren sor-marken egitasmoen arrakasta izan da. Lehena laster abian izanen da, bigarrena bide onean.

Espekulazioaren kontrako ekintza berri bat Hazparnen

Duela sei urte 250.000 eurotan erositako Aiherrako etxe bat, egun 1,6 milioi eurotan salgai. Joan den larunbatean Hazparneko Puyo higiezin agentzian sartu dira 50 herritar inguru Etxetxuri etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko. Ekintza iraun bitartean agentziako kudeatzailearekin mintzatu dira Arberoa Etxebizitza eta Lurra kolektiboko ordezkariak, eta salmenta horren berehalako etetea galdegin dute; izan ere, salmenta horrek inguruko etxebizitzen prezio emendatzea ekarriko duela ohartarazi dute.

Aña txotxongiloa aurkeztuko dute Ziburuko Bixintxoen irekitze ekitaldian

'Aña' deitzen da Ziburuko maskota berria. Ostiralean estreinatuko dute Kilika konpainiak sortu duen 3 metroko txotxongilo erraldoia, Bixintxoetako besten irekitzearekin batera. Ziburuko herriaren historiari loturik sortu da pertsonaia hau, eta aitzinatu dutenez erdi gizakia eta erdi arraina izanen da. Marinelako tanborradak eta Estudiantinako musikariek lagundurik eginen du bere lehen agerpana Aña txotxongiloak.

Luhusoko bi auzipetuek haien errugabetzea galdeginen dute

Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri apirilaren 2 eta 3an Parisen. Luhuson ETAren armategitik atera ziren hamar bat arma eta lehergailu indargabetzeko operazioan parte hartu zuten. Horren kari, zazpi urte berantago, «armak erabili, eraman eta atxikitzea» leporatzen diete. Bake Bideak eta bi auzipetuek errugabetzea galdegin dute. Egin dutena osoki «asumitu eta onartuko» dutela gehitu dute. Auzipetuak sustengatzeko, izenpedura kanpaina bat abiatu dute eta jadanik ehun bat bildu dituzte Euskal Herria, Frantzia eta nazioarteko pertsonalitateen artean.

 

Euskal Sagardoa, Euskal Herri guztiko lehen sor-marka sortu da

Euskal Sagardoa sor-marka aurkeztu dute, Euskal Herriko lurralde oro biltzen dituen lehen jatorrizko izendapena. Eusko Jaurlaritzako, Euskal Hirigune Elkargoko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek ekitaldian parte hartu dute sagardogintzako kidereein batera, Donostian. Zigiluak sagar itxura du eta kupel eta botiletan agertuko da.

Osasun langileentzako 30 bizitegi berri, Belokeko monastegi ohian

Badu urte bat pasa, Bellokeko monasterioko fraideak ondoan bizi ziren serorekin bizitzera joan direla. Habitat et Humanisme fundazioak du gunea berriz erosi. Lehengo gasnategia atxiki dute, egonaldiak egiteko parada eskaintzen diete nahi duten guziei, kontzertu eta animazioak antolatzen dituzte eta laster, 30 bat etxebizitza sozial eginen dituzte lehengo fraideen gelak arraberrituz. Osasun arloko langileek Ipar Euskal Herrian bizioki bat atzemateko duten zailtasuna dela eta, horiei emanen diete lehentasuna.

«Torturak Euskal Herrian ukan duen inpunitate-sistema ikertzea nuen xede»

Zazpi urtez landu ondoan, bere tesia aurkeztu du Pauline Guellek, zuzenbide publikoan doktore bilakatuz. Urte luze hauetan «torturaren zigorgabetasuna» landu du, Euskal Herriaren adibidea hartuz, Francoren garaitik 2022 urtera. Horrez gain, hainbat urtetan tesia eramatearen zailtasunak eta baldintza prekarioak azpimarratu ditu. Ostiral huntan tesiaz mintzaldia emango du Pauline Guellek, Atharratzeko Prefosta elkartean.