Garraio enpresen arrangura, laborarien protesten ondorioz

Laborarien mobilizazioak, bestelako protestak piztu dituzte. Garraio enpresek haien ezinegona adierazi dute, azken egunetako bide mozketek sortzen dizkieten galera ekonomikoengatik. Izan ere, bide desbideraketek distantziak handitu dituzte, bidaiaren iraupena luzatuz eta erregaiaren kontsumoa handituz. Batez beste, enpresa txiki batek 500 euroko galerak ukan ditzakeela neurtu dute.

 

Peio Etxeberri Aintxart: «Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion, gainbeheran zen Enbatari»

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi Sozialistara iragan ziren, eta Enbata aldizkaria argitaratzen segitu zuten. Nolanahi ere, ordurako «gainbeheran» zen mugimendua zela azaltzen du Peio Etxeberri Aintxart historialariak; izan ere, belaunaldi berriek «epelkeria» leporatzen zioten Enbatari. Gazte horietako batzuek, erraterako, Iparretarrak talde armatua sortu zuten 1973an, Enbata disolbatu baino urte bat lehenago.

Euskal unibertsitateak bat eginik, mugaz gaindiko trabak gainditzeko

Legedia, zerga sistema, mugen hestea… Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko lankidetzan sortzen diren trabak aztertzeko Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Institutua sortu dute ikasturte honetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta UPPA Paueko eta Aturrialdeko unibertsitateak dira partaide nagusiak, eta POCTEFA programaren bultzada ekonomikoa ukan dute. Problematika berezituak aztertuko dituzte ikerlariek, Euskal Herri osoko enpresa, elkarte edo administrazio publikoentzat baliagarri. Udaberri honetan argitaratuko dute zergen inguruko lehen txostena. Era berean, martxoaren 22an hiru unibertsitateetako ikasleak Donostian bilduko dira, Europar Batasunaren barneko mugen hetsieraz eztabaidatzeko. Gutxienez 2026ra arte luzatuko da egitasmoa, eta milioi bat euroko aurrekontua du.

Gabi Mouesca: «Emmaüsek lanean segitzen du, pobreziak hedatzen segitzen duelako»

70 urte, Abbé Pierrek «ontasunaren oldarraldira» deitu zuenetik. Etxegabeek negu gorrian bizi zuten dramaz kontzientziatzeko deia luzatu zuen 1954eko otsailaren lehenean Luxenburgo irratiko uhinetan, eta bere mezua mundu osora zabaldu zen. Urtemuga horren kari, 1949 urtean Abbé Pierrek sortu zuen Emmaüs fundazioak, hamaika ekitaldi antolatuko ditu mundu osoan. Ipar Euskal Herrian ere, bi zine-eztabaida antolatuko dituzte ostegun honetan, 20:00etan, Baionako Atalante eta Getariako Getari Enea zinema aretoetan. Frédéric Tellier zuzendariak ekoitzi duen «L’Abbé Pierre, une vie de combats» filma hedatuko dute. Tarnoseko Emmaüs Baudonne etxaldeko zuzendari Gabi Mouesca zuzendaria Goiz Berri saioko gomita izan da.

Arrain salmenta kolpaturik, arrantzatzeko debekuaren ondorioz

Bizkaiko golkoan arrantzatzeko debekuak, ez ditu ondorioak arrantzaleentzat bakarrik. Arrainaren sail osoa zailtasunetan izanen da hilabete batez. Supermerkatuak, ostatuak, kontsumitzaileak edo zuzenki portuan handiz erosten duten arrain saltzaileak. Donibane Ziburuko portuan lanean ari den Mikel Arregik, erraterako, 300.000€ galduko ditu hilabete honetan. Hala ere, bere hamalau langileak atxikiko dituela azaldu digu. Donibaneko Lohizuneko merkatuan, bestalde, arraina ez da eskas izanen, Eskoziatik edo Espainakoa ekarraraziko baitute; Hori bai, prezioek goiti eginen dute.

«Beharrezko ikusten nuen antzerkiaz plano teoriko batean aritzea euskaraz»

Euskarazko antzerkiaren inguruko teoria hutsuneari ihardetsi nahi izan dio Ander Lipusek. Antzerkilari markina-xemeindarrak bi liburukitan bereizitako obra argitaratu du, 'Antzerkiaren labirintoan' izenburupean. Antzerkigintzan ukan duen esperientzia zabala biltzen entseatu da Lipus, eta besteak beste, Ipar Euskal Herrian ikasitakoari aitortza egiten dio. Lehen liburuan, bere esperientziak eta bere inguruko kulturgintza hartu ditu ardatz; bigarrenean, aldiz, antzerkigintzako gida «teoriko-praktiko-poetiko» bat osatu nahi izan du.

Heldu den hamarrurtekorako plana marraztuko du Bagirak

Heldu den hamar urteetako helburu nagusiak finkatuko eta eztabaidatuko ditu Bagirak. Iragan urtean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen diagnostikoa egin zuten, 1.500 pertsonek iharduki zuten galdeketa baten bidez. Urtarrilaren 27an jardunaldia antolatu dute Kanbon. Goizean taldekako eztabaidak eginen dituzte, eta arratsaldean tailer tematikoak.

130 etxebizitza sozial hezetasun arazoekin Ipar Baionan

Arraildurak sabaian, zurmindura tatxa beltzak eta murru hezeak… Baionako Habas auzoko bizitegi sozialetan hezetasunak eragin dituen ondorioak salatu ditu ALDAk asteazken arratsaldean. HSA Habitat Sud Atlantic alokatzaile sozialaren egoitza okupatu dute oren batez, kasu larrienei aterabideak galdegiteko. Elkarteak auzo horretan 130 bizitegi zenbatu ditu hezetasun arazoekin. Berehalako berritze lanak galdegiten dituzte. Ostegun goizean, HSA egiturako buruak hitzordua eman die Aldako kideei hunkiak diren etxebizitzen bisita egiteko.

Hizkuntza gutxituen irakaskuntza oztopatzea leporatu diote Bordeleko errektoreari

Ipar Euskal Herria eta Okzitaniako hainbat irakaskuntza eragile bildu dira Pauen, Bordeleko errektorearen oztopoak salatzeko. Euskal eragileen artean dira Seaska, Biga Bai, Ikas Bi, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Azterketak Euskaraz eta Ikas pedagogia zentroa, eta Calandretak, Oc Bi eta CRE okzitandarren aldean. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzan eta azterketak jatorrizko hizkuntzetan egiteko oztopoen ardura Bordeleko errektoretzat duela ohartarazi dute agerraldian. Haien aldarrikapen eta arrangurak igorri dizkiote Amélie Oudéa Castera Frantziako hezkuntza ministro berriari.