Jean Paul Lenoble zuzendari ohia zigortu dute «mespretxu eta jazarpen jarraituagatik». Epaileak lau hilabeteko espetxe zigorra gibelapenarekin, 3.000 euroko isuna eta langile bakotsari 2.500 euroko kalte-ordainak pagatzera zigortu du. Lehen Nid Marin eta orain 'Haiekin' berrizendatutako zentro pribatua, 25 haur autista eta adimen urriko 45 helduen bizitoki da gaur egun. Okzitaniako ASEI elkarteak hartu zuen zentro pribatuaren kudeaketa, eta 2017an Jean Paul Lenoble zuzendaria sartu zelarik hasi ziren jazarpenak.
Lehen udako unibertsitateak deitzen zituztenak, ostiral arrats honetako hitzordu batekin hasiko dira: 'Estaturik gabeko nazioak, aitortza politikoaren bila' izenburuarekin. Lau parte hartzaile izanen dira, Bretainiatik, Kortsikatik, Kanakiatik eta Euskal Herritik. Biharamunean Baigorrira salto eginen dute EH Baien eskolek, bi eguneko egitarauarekin. Senatuko eta herrietako hauteskundeak izanen dituzte hizpide.
Buruilaren 24an iraganen dira frantses Senatuko hauteskundeak. Ipar Euskal Herrian eta Biarnon bederatzi hautagaitza izanen dira lehian. Abertzaleek, aldiz, ez dute zerrendarik aurkeztu. EH Bai-k, Frédérique Espagnac senatorearen zerrendan sartu nahi izan zuen baina PS alderdiak atea hetsi zien. EAJ-PNB alderdiko hautetsien kasuan ere, oraino ez da argi nor babestuko duten. Bost ardatzetan oinarritu galdetegia igorri diete hautagaiei, eta laster hasiko dituzte lehen elkarrizketak. Gaur egun, jeltzaleek 25 hautetsi inguru dituzte Iparraldean, eta are indar handiago hartu dute Hirigune Elkargoan, Elgarrekin Herriarentzat talde politikoko bultzatzaile nagusi gisa. Peio Etxeleku Ipar buru Batzarreko presidentea izan da goiz Berri saioko gomita.
Garbitzeko eta farmaziako produktuak, zauriak garbitzeko alkola, konpresa esterilak, loturak edota biziraupenerako estalgiak. Produktu bilketa hasi du Baionako herriko etxeak Marokoko lurrikarako kaltetuei sustengua adierazteko. Ez dute jantzirik biltzen, farmaziako produktuak, zapatak eta ninientzat lehen beharreko produktuak baizik. Diru emaitzak ere egin daitezke Baionako herriko etxean txeke bidez. Maroko enbaxadarekin harremanetan dira, biltzen dituzten produktuak gero han nola banatu aztertzeko. Ipar Baionako CCAS zentro soziala astelehenetik ostiralera irekia da 9:00 - 12:00 eta 13:30 - 17.00 artean.
EELV berdeek beren zerrenda aurkeztu dute senatuko hauteskundeetarako. Julien Brunel izanen da zerrenda buru eta bigarren Alice Leiziagezahar. Ezkerreko zerrenda bateratu baten beharra entzun da luzaz baina azkenean ez da gauzatu. Frédérique Espagnac-ek azkenean beste kalkulu batzuk eginik, bere aldetik joatea erabaki duela eta ez dela adostasunik lortu adierazi dute ekologistek. Etorkizuneko hautagaiak direla azpimarratu dute, «tokiko proiektuak, herrian lan eta bizitzeko eskubidea, tokiko hizkuntzak, edota proiektu erraldoien kontrako borrokak» bultzatuko dituztela adierazi baitute.
Espetxe-zigorra galdegiten dute Urruñako militante gazte batendako, 2016ko manifestaldi baten harira
Berrogei urtetik goitiko presondegi-zigorrak eta 45.000 euroko zigor ekonomikoak galdegiten dituzte 'Leioako 5entzat'. 2016an Leioako campusean (Bizkaia) egindako ikasle mobilizazio baten harira auzipetu zituzten gazteak, eta berriz seinalatu dute EHUren erantzukizuna. Zigor ekonomiko horiei buru egiteko Elkartasun Kutxa ireki dute, Helloaso plataforman. Auzipetutako bost gazteen eskualdeetan eta Leioako campusean eginen dituzte protestak. Baionan irailaren 23an izanen da, goizeko 11:00etan Baionako herriko etxe aitzinean.
Interkonexio elektriko erraldoia eraiki nahi dute espainiar eta frantses Gobernuek, Bordale eta Bilbo artean. Proiektuak, ordea, kontrako iritziak eragin ditu, eta mobilizazioak biderkatu dira Bizkaian eta Landetan. Interkonexio egitasmoak 400 kilometroko luzera izanen du, lurpean eta itsaspean, 400.000 volteko gaitasunarekin. Horren bidez, bi Estatuen arteko energia trukaketak erraztu nahi dituzte. Frantziak energia nuklearra salduko dio Espainiari, eta energia berriztagarriak Espainiak Frantziari. Eraikuntza baimenak bidean dira, eta lanak urrian hasiko direla pentsatzen da 3.100 milioi euroko aitzinkontuarekin. Proiektuak ingurumenari eraginen dizkion kalteez ohartarazteko plataforma bat sortu dute Gatika (Bizkaia) herrian, eta Ipar Euskal Herritik ere CADE kolektiboak hurbiletik segituko du afera.
Oilarrak kantari taldeak bere 30 urteak ospatuko ditu Matalaz apaizaren pastoral ttipi bat eginez. 2013an, Xiru festibalaren karietara, Mixel Etxekoparrek sortu zuen Ederlezi pastoralaren gisako emanaldi bat izanen da, oilarrak taldeko kantari eta Musikalde taldeko musikariekin. Bernard Goihenetxe 'Matalaz' apeza, Xiberoako laborarien 1661ko matxinadako buruzagia izan zen. Urte horretan hil zuten Louis XIV.a Frantziako erregearen eta tokiko noblzeziaren zerbitzariek. Pastorala udaberrian estreinatuko dute; hori bai, udan Gamere-Zihigan eginen den pastoralari itzalik egin gabe.
Bizitegia elkarteak Kako etxea eskaini dio Lurzaindia laborantza lurren babeserako elkarteari. 2008 urtean eskuratu zuen Bizitegiak Kako etxea diru-bilketa kanpaina handi bati esker. Urte bat lehenago salgai eman zuten etxaldea, eta GFAM egiturak, gerora Lurzaindia izanen zenak, lur horiek ersoten entseatu zen, baina legea ez zuen alde. Oztopoa saihesteko sortu zuten Bizitegia elkartea. Ipar eta Hego Euskal Herriko diru emaitzei esker, ondare guzia erosi zuten. Orain, hamabost urte beranduago, Lurzaindiaren esku izanen da Ainharneko Kako etxaldea ofizialki. Bizitegia elkarteko Peio Iralur izan da gure Goiz Berriko gomita.
- Euskal ikurrak present, La Vueltak Xiberoan egin duen igaroaldian
- Xiberoa eta Erronkari arteko loturak ospatu dituzte Maulen
- Bi lapurtarrek Donostiako Kontxako bandera altxatu dute
- Sartze politiko bateratua egin dute EH Bai eta EH Bilduk
- Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun
- Berrikuntza ekonomikoaz hiru hitzordu, Ipar Euskal Herri barnealdean
- Mugarrien lasterketa: Hiru eguneko desafioa, Haur Eri elkartearen sustenguz
- Maitaldia festibala: Hamar egunez 30 dantza konpainia, 93 hitzordu eta 250 artista
- Peyuco Duhart kulturgunea estreinatu dute Donibane Lohitzunen