Lantegi berriak sortzeko lur eskasiari buru egin nahi dio Euskal Hirigune Elkargoak. Horretarako dispositibo berri baten esperimentazioa gauzatzen ari da. 'Eraikuntzarako alokairua' deitu diote, eta haren bidez, agro-elikadurako Bihur enpresari 50 urteko alokairu kontratua proposatu diote Aiherrako aktibitate eremuan. Hondarkin organikoak berreabiltzen dituen enpresa horrek bertan eraikiko du bere eraikina, eta lurra alokairuan izanik ere, egoitzaren jabetza beretzat atxikiko du.
Usain eta kolore gabeko gas erradioaktiboa da radona. Jatorri naturalekoa da, eta oro har, ez du lanjer handirik eragiten. Haatik, batzuetan etxeetan metatu daiteke eta orduan, barneetako aire-kalitatea kutsatu dezake, eta kasu ematen ez bada, birikako minbiziak sorrarazi ditzake. Ipar Euskal Herrian, hamabi herrietan agertzen da gas erradioaktibo hau manera aski azkarrean: Baxe Nafarroan Lasan, Uharte Garazin, Arnegin, Hoztan, Donaixtin, Arrosan eta Ortzaizen; Lapurdin Urruñan, Biriatun, Saran eta Ezpeletan; eta Xiberoan, Santa Grazin. Hori dela eta, CPIE ingurumen zentroak radona neurtzeko dosimetro eta neurgailuak proposatuko dizkie herri horietako biztanleei. Ingurumen zentroaren egoitzetan eskuratu daitezke baliabide horiek.
Duela 40 urte hil zuen frantses poliziak Didier Lafitte Baionan. Donibane Lohizuneko arrantzalea tiroz hil zuten, Iparretarrak taldeko Gabi Mouesca autoz hitzordu batera eramaten zuela. Gertakari horren ondoren, Mouesca hamar urteko presondegi zigorrera kondenatua izan zen, eta tiroa egin zuen polizia errugabetua. Lau hamarkada iraganik, Didier Lafitten memoria berreskuratuko dute haren lagunek. Otsailaren 26tik martxoaren 3ra aste beteko omenaldia antolatu dute zine-eztabaida eta mahai-inguruekin. Martxoaren hiruan, aldiz, Arrantzale Maitagarri eguna antolatu dute Donibane Lohizunen.
Etorkinen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean bakarrik 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80 pertsona, hain zuzen. Horietatik anitz Irunera arribatuko dira Irunera, Europa iparraldera beren bidaia segitzeko. Haatik, espainiar eta frantses polizien mehatxu azkarra jan beharko dute mugan.
Urruñako Tokiko Elikadura Osasuntsuaren asteak bigarren edizioa ukanen du. Elikagaiek «hazitik, sukaldera» egiten duten bidea ikustarazi nahi du ekimen horrekin Urruñako herriko etxeak. Martxoaren 11etik 16rako astean eskolek ezagutza eta sentsibilizazio tailerretan parte hartuko dute, eta GEUZ egiturako kideek tokiko eta sasoiko menu bat prestatuko dute. Horrez gain, hainbat mahai inguru izanen dira eta bi dokumental proiektatuko dituzte besteak beste. 2025erako sukalde zentralizatu bat sortzeko proiektua du Urruñako herriko etxeak, eskoletako jantegietan tokiko ekoizpenak baliatzeko, baita adineko herritarrei etxez etxeko apairu banaketa proposatzeko ere.
Ezin harrapatuzko galtzeak Lapurdiko kostaldean. Bizkaiko golkoan arrantzatzeko debekua ezarri eta hilabetera, egoeraren puntua egin dute arrantza saileko ordezkariek. Egoera arranguragarria azaldu dute: 50 itsasontzi geldirik Donibane-Ziburuko portuan, 786 tona arrain gutxiago eta milioi bat euroko galera ekonomikoak. Debekua urtarrilaren 22an ezarri zuen frantses gobernuak, izurdeak babesteko xedez. Galerak arintzeko diru laguntza zama bat hitzeman zuen Europar Batasunak, baina arrantzale lapurtarren ordezkariak mesfidati agertu dira; izan ere, ez dute uste laguntzak sail orotara helduko direnik, hala nola, kooperatibetara
Apirilaren 21ean izanen dira Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak. Hala iragarri du barda Iñigo Urkullu lehendakariak. Uztailera arteko epea zegoen arren, bozak aitzinatzea deliberatu du EAJko gobernuak legealdia “agortua” delakoan. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde hauetan, bisai berriak agertu dira. Izan ere, hiru legealdiren ondotik Urkullu lehendakaria ez da lehendakarigai gisa aurkeztuko. Inkestek lehia bizia iragartzen dute Imanol Pradales EAJko hautagai berriaren eta EH Bilduko Pello Otxandianoren artean. Hautagai subiranistaren irudiz, «ziklo politiko aldaketa jada gertatu da», eta «EAJ-PSE aliantza dagoeneko higatuta dago, egun, PPren babesa behar baitu».
Urtebete iragan da Agnès Lassalle irakaslearen heriotzaz. Donibane Lohizuneko Saint Tomas d’Aquin eskolan gaztelera irakasten zuen Lasallek, eta klasean zela ikasle batek hil zuen. Haren omenezko lorategia estreinatu dute atzo, Peyuco Duhart zentro kulturalean. Ordezkari politikoz, irakaslez eta ikaslez inguraturik omenaldi hunkigarria eskaini diote, gitarra eta arrabiten doinuen artean. Lorategiaren aitzinean plaka bat ere ezarri dute.
Laborarien ezinegona baretzeko hainbat neurri iragarri ditu Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak. Pestiziden baliapena %50ean murrizteko plana eta pestiziden heina neurtzeko Nodu adierazlea bertan behera utzi ditu frantses gobernuak. Horrekin batera, Egalim legea azkartuko dutela hitz eman du Attalek, laborariek negoziazio komertzialetan pisua handiagoa ukan dezaten, eta diru sartze duinagoa eskura dezaten. Azkenik, laborantza tentsiopeko sail gisa izendatuko dute, etxaldeetan atzerriko langileak hartzea errazteko. FNSEAk begi onez ikusi ditu gobernuaren neurriak, nahiz eta kritiko agertu den NPBko diru laguntzen berantarekin. ELBk, bere aldetik, gogorki kritikatu du pestizidei dagokionez gobernuak hartu duen erabakia, eta «gibelera urrats» gisa kategorizatu du.
Iban Pebet (FDSEA):
Panpi Sainte-Marie (ELB):
- Inflazioaren galgaz ohartarazi du CCIak
- Tentsioa Enargian, zuzendaria kargutik kendu ondotik
- Xiberoko buhame eta agoteez mintzaldia Mendikotan
- Ehun urte bete ditu Errobiko arrantza elkarteak
- Paperik gabeko etorkinentzat euskara urririk ikasteko eskubidea galdegin dute Irunen
- Marie Pourquié: «Hizkuntza patologietan, pazientearen ama-hizkuntza kontuan hartu behar da»
- Bi süjet ukanen ditu Gamere-Zihigako pastoralak
- Ducassou trinketeko jaun eta jabe, zazpigarren aldiz
- Zergen emendaketak eztabaida piztu du Elkargoan