Gazte elbarritu baten abentura lagunduko dute Navarre lizeoko sukaldaritzako eta ostalaritzako ikasleek. Goelette errotadun aulki batekin, Nepalen mendi erronka egitea dute helburu Hegoak Mendian elkarteak. Espedizioa egiteko diru biltze kanpainaren kari, azaroaren 30ean elkartasun afaria eginen dute. Horrez gain, ikasleen sentsibilizatzeko, ostiralean zurgintza saileko ikasleek goelette aulki batekin korrika eginen dute Donibane Garazin gaindi.
Hogei haurri ezekoa eman behar izan die Xiberoako euskal haurtzain-etxe bakarrak. Azken ikasturteetan, Xübükotak ezin izan die galde guztiei iharduki, haien azpiegitura bakarrik hamar haur hartzeko prestatua baitzen. Gaur egun, hamabi haur dira, baina, urtez urte, lehen haurtzaroan euskaraz ikasteko galdea handituz doa. Leku berria Mauleko erdigunean izanen da, eta aparkaleku bat izanen du. Xiberoako lurraldeko hautetsien laguntza ukan dute eraikin berria atzemateko. Euskal Hirigune Elkargoak eta CAF familien laguntza kutxak 7.400 euroko laguntza eskainiko diote Xübükotari haur bakoitzeko, orotara, 88.800 euro inguru. Laguntza horretaz baliatuko dira ere Konkolotx sareko gainerako haurtzaindegi eta haurtzain-etxeak.
Marokon jokatu zen Europako bodysurf txapelketa, eta Uhaina-Kailani Hegoas hiriburutarrak Sub-18 kategoriako eta kategoria irekiko txapelak irabazi ditu. Sarien banaketan ikurrina erakutsi zuen lapurtarrak. Irailean bi kategoria horietan irabazle izan zen Angelun. Hamabost urte baizik ez ditu eta sail irekian, bere aita kontra lehiatu zen; Matias Hegoasek hirugarren postua erdietsi zuen. Ondorioz, aitalabek 2024an Hawain jokatuko den Munduko Bodysurf Txapelketan parte hartzeko sarrera eskuratu dute.
Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartagoa galdegin dute Euskal Konfederazioko eragileek, Maider Behoteguyk Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaritza hartu zuen ber egunean. Eneko Gorri Plazara kooperatibako kidea«euskararen aldeko adostasun bat» badela uste du, azken urteetan «arraildurak» sentitzen ditu baliabideen aldetik. Gainera, euskararen «egoera larria» ikusirik, garrantzitsua deritzo «klima eta etxebizitza krisiekin egin bezala, euskararen alarma ere piztea». Max Brisson senatari eskuindarra eta EEPko lehendakari ohiak bat egiten du ikuspegi horrekin, eta hizkuntza politikan urrats bat aitzina egiteko unea dela uste du. Gakoa eskolaz kanpoko gaztetxoen aktibitateetan dagoela kokatzen du Brissonek. Alta, ez du uste ofizialtasuna frantses Estatuan posible denik.
Eneko Gorri:
Max Brisson eta Sébastien Castet:
Duela astebete senidetze ituna izenpetu zuten Zestoa eta Urepeleko herriek, eta asteburu honetan Baxe Nafarroako herrian berretsiko dute. Gipuzkoako herriak dio Urepeleri proposamena luzatu, alde batetik, bertsolaritzarekin zuten harremana kontutan hartuz, eta bestetik, laborantzaren baloreen inguruko trukaketa egiteko xedez. Hainbat proiektu aitzinikusi dituzte, besteak beste, pilota, dantza eta bertsolaritza ardatz dituzten trukaketak, Zestoan Urepeleko ekoizpenen merkatu bat egitea eta bi herrien arteko ibilbide seinaleztatu bat egitea.
Hego Lapurdiko etxe ekoizleek, bestelakotze tailer berri-berria eskura dute Senpere Lizardi lan-eremuan. Duela urtebete estreinatu zuten eta bertan, baserriko ekoizpen oro bestelakotzeko baliabideak eskuragarri dituzte elkarteko kideek. Orain arte, hamar etxaldek baliatu dute baina oraino anitzendako tokia bada; izan ere, ehun tona ekoizteko gaitasuna du 400 metro karratuko azpiegitura horrek. Tresneria eta ekipamendua etxe ekoizleen beharretara egokitua da eta hainbat erosketa mutualizatzen dituzte. Horrez gain, haragia bestelakotzeko harakin baten laguntza dute bertan. Gune hori fruituak, barazkiak eta eztia eraldatzeko prestatua da ere bai. Ostegunean ate irekiak egin dituzte inguruko etxe ekoizleei gunea aurkeztu eta Hurbil elkarteko kide izatera bultzatzeko.
Arteen Artean festibalak bigarren edizioa du aurten. Iparraldeko kontserbatorioak eta bere partaideek egonkortu nahi duten ekimena da, euskal kultura, hizkuntza, sorkuntza eta aktibitate artistikoak balioan emateko eta transmisioa bermatzeko. Aste batez hitzordu desberdinak antolatu dituzte dantza, musika, antzerkia eta kantuaren inguruan. Larunbat goizean, «Iparraldeko Kontserbatorioan euskal musika, dantza eta antzerki saila egituratu eta garatzeari buruzko aukerak» izenburuko mintzaldia eskainiko dute. Programa guztia atzemanen duzue ospb.eus webgunean. Kontserbatorioko euskal kulturaren arduraduna da Marie Hirigoien, eta Goiz Berri saioan egitarauaren berri eman digu.
Lau emazte eta haur bat hil dira Euskal Herrian bortizkeria matxistaren ondorioz aurten. 2003 urtean gisa honetako kontaketak hasi zirenetik, 121 emazteren eta 12 haurren heriotza kontatu dira. Azaroaren 25a, emazteek pairatzen dituzten bortizkerien salatzeko eguna da. Lekukotasun ezberdinak bildu ditugu karia hortara, horietan Leire Etxandirena. Pediatra da Baionako ospitalean eta duela urte bat arte, tratu txarrak pairatzen zituzten haurrekin lan egiten zuen. Goiz Berriko gomita izan da.
Azia elkarteak bere mende laurdena ospatuko du larunbat honetan. Gazte xiberotarrak sorterrian bizitzeko eta lana atzemateko zituzten zailtasunei aterabidea emateko sortu zuten elkartea 1998 urtean. Duela urte batzuk Xiberoako lanbideen gidaliburua osatu zuten, eta orain, 'Ziuntaz' Xiberoa ezagutzeko mahai-jokoa eguneratzeko lanari ekin diote. Urtez urte elkartean inplikatu den kide oro eskertzeko eta, bistan dena, kide berriak sarrarazteko egunaldia antolatu dute Atharratzeko Prefostan, azaroaren 25an. Goizean aperitifa Xiberoko trikitilariek animaturik, eguerditan bazkaria eta ondotik Aziaren esperientziak eta etorkizuneko erronkak ukanen dituzte hizpide.
- Etxaldek bermatzaileak xerkatzen ditu 300.000 euroko mailegua ukaiteko
- Mugaldeko herritarren diagnostikoa eginen du Garapen Kontseiluak
- Baionatik Bilbora belauntzi ttiki batean, hiru metroko uhinekin
- Euskara elizan: Iparraldeko apezen %15k bakarrik daki euskaraz
- Ura biltzeko diru laguntzak eskainiko ditu Euskal Hirigune Elkargoak
- Baionako besten eredua aldatzeko erronka abiatu dute herritarrek eta ostalariek
- HITZAk eta BERRIAk harpidetza kanpaina eginen dute, EEPk lagundurik
- Gorka Knorr: «Junts gabe eskuina eta ultraeskuina boterean egonen lirateke»
- Elkartasun uhina Beskoitzen, ikastolaren alde