Nekatoenea baserrirako hautatua izan da Pantxix Bidart musikari hazpandarra, bi hilabetez egongo da bertan fikzio historiko bat idazteko. Musikari, abeslari eta konpositore gisa ezaguna den Pantxix Bidart autore ere bada. Fikzio historiko baten bidez, 1960ko hamarkadako Hazparne herriaren memoria transmititu nahi du.
Iaz bezala, Euskal Herriko Biper saileen arteko elkarlana berriz sustengatzea erabaki du, RetPIM2 proiektuari 48 mila euroko diru-laguntza emanez. Hortan biltzen dira sormarka edo label batekin ari diren Lodosako Pikilloa baita Ezpeletako eta Gernikako Biperrak ere.
Euskadiko Selekzioaren sortzea onartu du FIPV nazioarteko euskal pilota federazioak, Iruñean larunbat honetan egin duten biltzar nagusian. Erabakia ospatu dute kanpoaldean elkarretaratuak ziren Euskal Herriko pilota selekzioaren aldeko mugimenduko kideek.
Atzo Donibane Garaziko Garatenea trinketa bete zen bi erdi finalen ospakizunarekin. Lehen partidan, Luis Santsez eta Battitta Ducassou lehiatu ziren. Nahiz eta Ducassouk 12 tantoko abantaila hartu, azkenean Santsez izan zen lehenik 40 tantora iristen. Bigarren partida tinkatuagoa izan bazen ere, hasieran Peio Larraldek zailtasun gehiago izan zituen Mathieu Ospitalen aurka. Azkenean, Larraldek 40-37 irabazi zuen eta datorren igandean iraganen den finalean bere lekua segurtatu du Luis Santsezen aurka.
Benito Lertxundik 60 urteko kantugintza utziko duela jakinarazi du Durangoko azokaren aurretik. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin amaituko du bere ibilbide luze eta aberatsa. Urteak zeramatzan erabaki hori hartuta, ez baita erraza izan amaiera horren berri ematea publikoki. Orain, askatuta sentitzen da.
Israelek Euskal Herriarekin dituen harreman komertzial, kultural zein diplomatikoak mozteko deia egin du Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak. Salatu dutenez, Bizkaian sortu zen BBVA banketxea edota Iparraldean hain azkarra den Credit Agricolek «erantzukizun zuzena» dute palestinarren kontrako genozidioan, urtero miliarka dolarreko inbertsioak egiten baitituzte israeldar industria militarrean. Banketxe bizkaitarrak, erraterako, 1.482 milioi dolar inbertitu ditu Israelgo armagintzan eta Credit Agricolek 6.000 milioi dolar. Iparraldeko industriaren arloan ere, bereziki, Angeluko Dassault eta Hazparneko Lauak multinazionalak seinalatu dituzte.
Europako bozen ondotik, Emmanuel Macronek Frantziako legebiltzarra desegin zuen joan den ekainean, hauteskundeak berriz deituz. Ezkerreko fronte herritarra nagusitu zen, gehiengo osorik gabe. Baina, dimisio pausaturik ere, Gabriel Attalek uda guzia segitu zuen lehen ministro bezala. Ondotik, LR alderdiko Mixel Barnier lehen ministro izendatu zuen Macronek baina zentsura mozioak kanporatu berri du. Orain, François Bayrou lehen ministro berriak, gobernu berria osatu du ministro ohi ainitzekin.
Sokoa eta Hendaia arteko Erlaitzeko errepidea ez dute epe ertainean zerratuko. Hala ere, hemendik hamar urtera ahuleziak jasan litzaketen sei gune kritikotan, gibelatze obrak eginen dira, itsaslabarraren higaduragatik. Haatik, Sokoatik Juantxo kanpalekura doan zatia hetsiko da, leku horretan topografiarengatik ez baita gibelatze lanik egiten ahal. A63 autobidera buruz daraman bidea erabili beharko da. Ziburu eta Hendaiako auzapezek zerratze horren ondorioen aztertzeko ikerketak galdegin dituzte. Eta prefetak eskaera hori onartu du. 2027an egitekoak litzateke aipatutako obrak. Joan den abenduaren 11an bildu zen gidaritza batzordea.
- Baionako ospitalea: CFDT, UNSA, FO eta zuzendaritza, akordio baten bidean
- Eguberriko merkatu euskaltzaleak bere tokia egin du Baionan
- Max Brisson senatari miarriztarra baikor, Bayrouren gobernuarekin
- Berantarekin jasoko dute berriz laborariek Europako NPB diru-laguntza
- Benito Lertxundi: «Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen»
- Sasoi hastapen ona, Aviron eta BO errugbi taldeendako
- Hemeretzi elkartek bat egin dute Marieniako laborantza lurren defentsan
- Xipri Arbelbideri eskaini diote ohorezko saria Eusko Ikaskuntzak eta Baionako hiriak
- Hiru hautagai Ahetzeko auzapezgotzaren makila hartzeko