Libertimenduen sasoiari abiada eman diote Amikuzen

Aurtengo lehen libertimendua eman zen atzo Donapaleun. Denak gain azpika ezartzeko garaian Amikuzeko zirtzilek ez dute huts egin. EHZ festibalaren edizioa Arberatzen, Donapaleuko istorio politikoak edota laborantzako gorabeherak haien moldean agertu dituzte, umore handiz eta behako zorrotzarekin. Arrakasta izan du aurten ere Donapaleuko libertimenduak. Bertsolari, dantzari eta soinulari, ikusleek plazer hartu dute. Burgaintzi taldekoek dantza berriak ere atera dituzte egun horretako.

Ossau-Irati sor-markaren araudia arintzeko galdea aztertuko du INAOk

Ossau-Irati sor-markako arduradun berriak araudia arintzeko galdea egin zion INAO erakundeari. Frantziako sor-marken araudiaz arduratzen den egiturak, momentuko, ez du ezezkorik eman eta galdea aztertzeko zehaztasun gehiago behar dituela azaldu die Ossau-Iratiko arduradunei. Xehetasun horiek biltzeko, Urdiñarbeko ardien inseminazio zentrora hurbilduko dira datozen hilabeteetan. Hiruzpalau puntu nagusi azpimarratu ditu INAOk: sor-markaren eremuz kanpoko bazka baliatzeko aukera, bazkaren kalitatea eta ardien esne ekoizpen kantitatea. INAOko batzorde iraunkorrek dituzte araudiei buruzko iritziak ematen; batzorde horiek beste sor-marketako profesionalek osatzen dituzte, eta Ossau-Iratiren galdea ez da oraindik pasa haien aitzinetik. INAOko zerbitzuek eginen dute aitzin azterketa.

Miarritzeko euskal ihauteriak berpiztu dituzte tokiko elkarteek

Hamarkada batez lokarturik izan ondotik, otsailaren 22an iratzarriko dute hartza Miarritzen. Festilasaik, Arroka elkarteak, Maritzuli dantza konpainiak, Gaztetxeak eta Ikastolak bat egin dute, aurten, programazio berezi bat eskaintzeko. Otsailaren 22an desfile bat proposatuko dute, kantu, dantza eta gurdi batekin. Azken urte hauetan indarra galdu zuen hitzordua berriz sustatzeko xedearekin ari dira parte hartzaileak. Maritzuli Konpainiak jantzi tradizionalen erakusketa bat proposatzen du otsailaren 28a arte herriko etxean, eta erakusketaren inguruan, herriko eskolekin proiektu pedagogiko bat ere burutzen ari da.

Behi tuberkulosia: Kabala-ehaite «zentzugabeak» saihestuko dituela hitzeman du prefetak

Tuberkulosiagatik beren behiak ehaiteko protokoloari uko egin zioten hamahiru hazle xiberotarrak entzun ditu Pirinio Atlantikoetako prefetak. Laborariek salatu zutenez, protokoloak mila kabala osasuntsuren ehaite «zentzugabea» agintzen zuen. Giroa lasaitzeko Irabarne herrian bilkura publikoa egin dute laborariek eta ordezkari politikoek, Iparralde osoko berrehun herritar eta hautetsiren presentziarekin. Hainbat auzapezen eta Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko diputatuaren babesa jaso dute ere behi hazleek. Prefetak laborariak eta bertaratuak lasaitu nahi izan ditu, eta etxaldeetako kabala ororen hiltzea saihesteko ekintza plan bat landuko dutela jakinarazi du. Horretarako, hori bai, kabalen «ehaite selektibo azkartu» bat proposatu du. Ondoko egunetan zehaztasun gehiagoren berri emanen duela hitzeman du prefetak.

David Gramond: «Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko»

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei sustengua eta babesa eman nahi dio taldeak eta Donostian bilkura publikoa eginen dute otsailaren 15an eta torturak pairatu dituzten oro gomit dira. Kari horretara David Gramond lapurtarra ere Donostian izanen da hitzordu horretan, bera, 1998an torturatu baitzuen Guardia Zibilak bost egunez Madrilen. Bere ustez, informazioa biltzeko baino, gizartea «beldurrarazteko» baliatu zuten tortura, militante berrien sorrera «saihesteko».

Elena Kasiriain: «Muga nehoiz baino markatuago dago egun, baina mugaz gaindiko lankidetzarako parada handia dugu ere bai»

Estatuak bortxaz ezarri dituzten mugak zer heinetaraino barneratuak dituzte euskaldunek? Nola bizi dituzte muga horiek egunerokoan? Euskaldunak betidanik bateratu dituzten mendiak mugatzat dituzte frantses eta espainolek, zein heinetaraino barneratua dute kontzeptu hori euskaldunek orain? Mapez haratago, herritarrek beraiek Frantziak eta Espainiak bortxaz ezarritako muga egunerokoan nola bizi duten ikertzen ari da Elena Kasiriain antropologoa. Urteetako ikerketaren ondotik, otsailaren 12an emanen duen mintzaldian aipatuko ditu ikusten dituen ondorioetako batzuk. Bestalde, Iban Larrandaburu ikertzaileak zuzenbidearen ikuspegia aipatuko du.

Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak atxilotuz. Gertakaria argitara eman duten eragileek martxoaren 22an ekintza berezi bat antolatuko dute Baionan, frantses estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan zabaldu den etorkinen eskubideen alde ekiteko deialdiaren testuinguruan.

Deszentralizazioa eta mugaz gaindiko lankidetza, Europa «azkartzeko»

Mugaz gaindiko topaketak antolatu dituzte Baionan, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusietako ordezkariekin. Europa azkartzeko, deszentralizazio gehiagoren beharraz eztabaidatu dute eguneko mahai inguru nagusian. Bertan izan dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jean René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidentea, Ana Ollo Hualde Nafarroako lehendakariordea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsia edota Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea. Oro har, denek bat egin dute Euskal Herriko hiru eremu administratiboen arteko lankidetza indartzeko xedearekin. Mugaz gaindiko Europako parke naturalen egitasmoak izan dituzte aipagai arratsaldea, baita besta eredua ere. Azken eztabaida honetan parte hartu dute, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko auzapezak, Eneko Goia Donostiako auzapezak edota Juan Maria Aburto Bilboko auzapezak.

Iparraldeko laborantzako langileen lehen indar sindikala da LAB

Departamenduko laborantza ganbaran hiru ordezkari izanen ditu LAB sindikatuak. Orotara sei jarleku banatzen zaizkie langileei, eta parte hartzea biziki apala izanik ere, LAB sindikatuak bere bozkatzaileak mugiaraztea erdietsi du. Langileen bi kolegioen batez besteko parte-hartzea %14koa izan da. Ekoizpen langileen 3A kolegioaren gehiengoa erdietsi du bi jarlekurekin, eta laborantza egitura profesionaletako langileen 3B kolegioan ordezkaritza bat lortu du. Duela 12 urte aurkeztu zen lehen aldiz hauteskunde hauetan sindikatu abertzalea, eta duela sei urtetik hona, jarleku bakarretik hirura jauzi egin du. Ondorioz, bigarren indar sindikala bilakatu da departamendu mailan, bozen %23.3 eskuraturik. Ipar Euskal Herri mailan, aldiz, lehen indarra dela ondorioztatu dute LAB sindikatuko kideek «bozen %55 lorturik». Frantziako laborantza ministerioak hauteskundeen antolaketan izan dituen hutsegiteak azpimarratu dituzte, hautesle askok ez baitute gutuna jaso edo epez kanpo ukan baitute, edo materiala etxean ukan ez dutenentzat dispositiboa biziki konplikatua baitzen. Jakin ere, TPE enpresa ttipienetako hauteskundeei begira, abenduan iraganik ere, orain jakin dituztela departamendu mailako emaitzak eta LAB laugarren tokian iritsi dela, FO sindikatuaren aitzinean.